4/2/2021
Erkidegoko milioi bat litro sagardo natural erosiko dugu 2020ko uztakoa
Gure asmoa 2020ko uztan botilaratutako sagardo naturalaren milioi bat litro baino gehiago erostea da, udaberri aldera dendetara iritsiko dena. Kopuruei begiratuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sagardo naturalaren saltzaile printzipala gara, bai Euskal Sagardoa jatorri izenarena eta bai Gorenak zigiluarena. 2021ean iaz baino %15 gehiago saltzeko asmoa dugu. Ia milioi bat litro saldu genituen (930.642 litro); hala, EAEko banaketa kanalean saldutakoaren bi botilatatik bat gure saltegiren batean saldu zen.
EAEko hogei bat etxerekin dihardugu, Euskal Sagardoa eta Gorenak zigiluen 38 bat erreferentzia komertzializatzen, gure marka barne. Gero eta indar handiagoz ari gara, gainera, hemengo ekoizpen ehunaren aniztasunaren alde.
“Euskal Sagardoarekin dihardugu 2016an sortu zenetik. Erakunde horrek sagardoa prestigiatzeko lan egiten du, eta elkarrekin berrikuntzak lantzen goaz arlo horretan dela formatu berriekin eta dela premia berriekin, ohiko merkatuen alternatibak bilatzeko estrategian sagardo naturala balioan jartzeko”, adierazi du gure Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.
“Euskal Sagardoa JIa daraman sagardoa bertako sagarrekin bakarrik egiten da. Sagarraren ekoizpena profesionalizatzen ari dira pixkanaka, sagarrak ahalik eta kalitate onenekoak eta uztak orekatuak izan daitezen eta, era berean, Euskal Sagardoaren kalitatea berma dadin. Horrekin batean, EROSKI bera, banatzailea den aldetik, funtsezkoa da sagardoaren sektorearen etorkizuna bermatzeko”, azaldu du Euskal Sagardoa Jatorri Izenaren gerenteak, Unai Agirrek.
Aintzindariak izan gara zigilua gure markari txertatzen
2017an, Euskal Sagardoa zigiluarekin egiaztatua dagoen kalitatezko sagardo bati bere marka jartzen dion lehenengo banaketa katea izan ginen. Ekimen horrekin, beste pauso bat eman genuen euskal ekoizpen ehunaren aniztasunaren alde.
“Iruditzen zaigu funtsezko elementua dela gure inguruko ekonomia, kultura eta paisaia laguntzeko eta horien iraunkortasuna bermatzeko. Osasunaren eta Iraunkortasunaren arloan hartua dugun konpromisoak garamatza ingurunearen garapen sozial eta ekonomikoa bultzatzera, eta, orobat, enplegua eta tokian tokiko aberastasuna sustatzera eta kultura gastronomikoa errespetatzera. Apustu hori aurrera eramateko garaian, EROSKIk laguntza eta hurbiltasuna eskaintzen die nekazaritzako produktuak hornitzeaz arduratzen diren tokiko eragileei, eta eskaintza zabal eta askotarikoa egiteko erabakia hartu du; ondorioz, tokiko 2.000 ekoizle txikiren 20.000 produktu baino gehiago eskaintzen ditu”, azaldu du Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak.
