2/11/2016
EROSKIn Arabako produktuen aldeko apustua indartu dugu
Azken hamabi hilabeteetan, EROSKIn 12,7 milioi eurotik gorako erosketak egin ditugu Arabako patata, ardo eta lekaleetan. Eta sasoiko produktu arabarren kanpaina berria aurkeztu dugu Boulevard Merkataritza-gunearen EROSKI hipermerkatuan. Ekitaldian, Eduardo Aguinaco nekazaritzako foru-diputatua, EROSKIko ordezkariak eta kooperatibaren nekazaritzako elikagaien tokiko ekoizleak izan dira.
Bertan aurkeztu diren nobedadeen artean EROSKIren merkataritza-eskaintzan sartu berri dugun berezko markako, Arabako Errioxako Arada de la Viña ardo ondua nabarmentzen da, Solagüen upategiekin batera egindakoa. % 100 Arabako Errioxako ardoa da, Bastidako mahasti hautatuetako aparteko mahatsekin egina. Izan ere, eskualde horretako izaera islatzen duen klima eta orografiak fruitu bereziak eskaintzen ditu.
“Arada de la Viña itxura modernoko ardo ondu bat dugu, ahosabaia betetzen duena eta gauza arruntak berezi bihurtzen dituena. Hamabi hilabetez ontzen da % 80 haritz gorriz eta % 20 Frantziako haritzez eginiko barriketan eta horrek arnastu ahala gero eta biziagoa den usaina ematen dio, hiru fase aromatikoen ukituekin: kortxoa kentzearen uneko aranen eta erregalizaren ñabardurak eta hartziduraren edo ontze-prozesuaren usainak, hala nola, esnegainarena, gereziarena, fruitu melatuarena, piperbeltzarena eta intxaurrarena”, azaldu du Bodegas Solagüeneko arduradunak, Iñigo Rubiok.
“Ardo onduarekin, Arabako Errioxako gure berezko markako ardo-eskaintza zabaldu dugu; iaz hasi ginen hura merkaturatzen urteko ardoarekin batera. Hala, gure inguruneko elikagairik esanguratsuenen alde dihardugu, berezko markaren produktuak landuta; besteren artean: sagardoa, txakolina, Idiazabal gazta eta, jakina, Arabako Errioxako Arada de la Viña ardoa”, azaldu du Asun Bastida EROSKIren tokiko produktuen arduradunak.
EROSKIn Errioxako 32 upategirekin lankidetzan dihardugu Araban, eta horien 132 erreferentzia merkaturatzen dugu. Ekitaldi honetan, iazko ekitaldi berarekin alderatuta, % 5 handitu ditugu salmentak.
Arabako Eusko Label Arrozina Babarrun berria
Tokiko nekazaritzako elikagaien ekoizpen-egituraren aldeko apustuaren esparruan, kanpaina honetan, Eusko Labela duen Arabako Arrozina Babarruna gehitu dugu EROSKIren produktu sortan, Garlan S. Kooperatibaren eskutik.
“Eusko Labela duen Arabako Arrozina Babarruna txikia, azal finekoa, gurintsua eta zapore atseginekoa izateagatik nabarmentzen da; ezaugarri horiek bereizten dute beste babarrun mota batzuetatik. Eusko Label zigiluak aparteko kalitatea bermatzen die kontsumitzaileei”, jakinarazi du Garlan S. Kooperatibako kalitatezko lekaleen arduradunak, David Fernandez Sarabiak.
“Eusko Labela duen Arabako Arrozina Babarrunarekin, Arabako lekaleen zortzi erreferentzia eskaintzen ditugu dagoeneko EROSKI saltokietan. Babarrunen eta beste lekale batzuen kontsumoa igotzen ari da, hein batean, nutrizio-joera berriek bultzatuta. Izan ere, haien nutrizio-kalitate altua kontuan hartuta, dietan lekale gehiago sartzea gomendatzen da”, zehaztu du Asun Bastidak. Aurten, % 75 igo dira Arabako babarrunen, txitxirioen eta baben salmentak.
25 urteko lankidetza EROSKI eta UDAPAren artean
UDAPAko kudeatzaile Alfonso Saez de Cámarak EROSKI eta Arabako patata kooperatibaren arteko harreman luzea nabarmendu du, “ia 25 urtekoa”. “Arabako patatari dagokionez, EROSKI da UDAPAren bezero nagusia. 2015-2016ko kanpainan soilik, Arabako patataren 3.000 tona baino gehiago saldu zituen, aurreko kanpainan baino % 6,2 gehiago. Eusko Label patatak izan du hazkunderik handiena, aurreko urtean baino % 14,2 gehiago”.