17/9/2020
Kantabriako tokiko ekoizpenarekin dugun konpromisoa indartu dugu
EROSKIn konpromiso sendoa dugu gure jarduera-eremuetako tokiko ekoizpenarekin eta horren adierazle garbia da gure sare komertzialean hurbileko produktuei eman diegun bultzada. Hala, Kantabriako tokiko produktuen salmentek goranzko joeran jarraitzen dute EROSKIn eta % 23,1ko hazkundea izan dute ekitaldi honen lehen erdian.
Hazkunde horren gailurrean tokiko esnekiak daude
Esnekien artean, tokiko jatorriko esne-produktuak nabarmendu dira, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta % 57,6 areagotu baitituzte salmentak. Era berean, eskualdeko fruta eta barazkien salmentak asko igo dira: % 36 baino gehiago. Agrocantabria kooperatibarekin lortutako akordioari esker, EROSKI supermerkatuetan Kantabriako AGB Txahala EROSKI Natur markaren pean eskaintzeari buruzkoa, harategiko tokiko produktuak ere nabarmen areagotu dira eta salmenten % 14ko hazkundea erdietsi dute. Era berean, Kantabriako portuetan egunero sartzen den arrantzak eremu berezi bat erreserbatuta du EROSKIren arrandegietan eta salmenten bilakaera positiboa izan du, % 10eko gorakadarekin.
“Tokiko ekoizpeneko eta sasoiko produktu freskoen eskaintza zabala gure saltokien bereizgarri bihurtu da. Urtez urte, tokiko produktuak merkaturatzeko gure konpromisoak gora egiten du eta une honetan, COVID-19ak eragindako egoera zailaren aurrean, lehentasun handiagoa eman diogu nekazaritzako elikagaien ekoizle txikiekiko elkarlanari. Tokiko produktuak kontsumitzeko garaia da, lanpostuak, kontsumoa eta ekonomia berreskuratzeko eta mantentzeko. EROSKIn, langileen elkarte ezberdinekin genituen lankidetza-akordioak berretsi ditugu, haien tokiko ekoizpena merkaturatzen laguntzeko. Hurbileko produktuek kokapen nabarmena irabazi dute gure linealetan eta haien salmenta-bolumenaren hazkunde etengabeak erakusten duenez, gure bezeroek ere halako produktuak nahiago dituzte, iraunkorragoak, freskoagoak, osasuntsuak eta kalitate handiagokoak”, adierazi du Asun Bastida EROSKIren Tokiko Produktuetarako merkataritza-zuzendariak.
Gure politika komertzialak ahalik eta gehien bultzatzen ditu tokiko ekonomiak, ingurunean aberastasuna sortuz eta nekazaritzako elikagaien, ekonomiaren eta gizartearen garapena sustatuz. Espainian ditugun 4.200 hornitzaile komertzialen artetik, erdia baino gehiago tokiko ekoizle txikiak dira. Eredu horrek tokiko nekazaritzako elikagaien ekoizpen-sare oso dibertsifikatua bultzatzen du sektorearen iraunkortasunerako funtsezko elementu gisa.
Lehen sektorearentzako laguntza pandemian zehar
COVID-19aren krisiak sukaldaritza-negozioak itxi behar izatea eragin zuenetik, nekazari eta abeltzain txikien ekoizpenaren zati handi bat sektore horretara bideratzen dela kontuan hartuta, EROSKIn tokiko ekoizleekin elkarlanean jarduteko sistema bat abiarazi genuen, ekoizpen horri irteera bat emateko xedearekin.
Era berean, Kantabrian, autonomia erkidegoko gobernuaren ‘Llevamos Cantabria a tu mesa’ ekimenarekin bat egin dugu, herritarrak COVID-19aren pandemiaren aurrean babesteko eta jarduera ekonomikoa pizteko egitasmoaren esparruan. Kanpainaren helburuen artean, hornitzaileen eta ekoizleen arteko harreman zuzenagoa bultzatzea, Kantabriako produktuen eskaria areagotzea, haien eskuragarritasuna eta ikusgaitasuna hobetzea eta alarma-egoeran zehar metatutako izakinei irteera ematea nabarmentzen dira.
EROSKI Kantabrian
Eskualdeko 160 hornitzaile ingururekin lan egiten dugu, 31 milioi euroko erosketa-bolumenarekin, eta Kantabriako 1.300 produktu inguru merkaturatzen ditugu.
Online supermerkatuez gain, 32 establezimendu ditugu Kantabrian, supermerkatuak eta dibertsifikazio-negozioak barne hartuta. Gainera, 83.500 bazkide bezerotik gora ditugu autonomia erkidego horretan, EROSKI club fidelizazio-programaren bitartez.