15/11/2019
UAGA-K eta EROSKI-K hitzarmen bat sinatu dute arabako nekazal produktuak sustatzeko eta garatzeko
Sinatu dute hitzarmena Arabako Nekazarien Elkarteak (UAGA) eta EROSKIk Gasteizko EROSKI Boulevarden, Arabako nekazal produktuak garatzeko eta sustatzeko asmoz.
UAGAk kontsumo eredu berri baten alde egiten du, tokiko ekonomia sustatuz eta familiako nekazaritza eredu bat bultzatuz. Horrek, era berean, lehen sektoreari eusten lagunduko du, garapen jasangarria indartzen eta bioaniztasuna gordetzen; gainera, kontsumoak ingurumenean duen eragina gutxituko du.
Bi entitateek lortu duten hitzarmenarekin, Arabako labore motak ugarituko dituzte, eta berrikuntza eremu berriak esploratuko dituzte nekazaritzako produktu batzuetan, osasunaren eta iraunkortasunaren ikuspegitik. Hitzarmena berretsi egin dute Javier Torrek, Arabako Nekazarien Elkarteko presidenteak, eta Asun Bastidak, EROSKIko Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak.
UAGAren ustez, EROSKIrekin hitzarmen hau sinatuta, beste pauso bat eman dute Arabako nekazarien eta abeltzainen interesak defendatzeko helburuan. “EROSKIrekin aliantza hau egitea oso baikorra da guretzat, merkatua gero eta lehiakorragoa eta globalagoa baita. Harreman esparru bat egin behar dugu beste erakunde batzuekin, elkarri lagunduta indartzeko eta gure helburuak erdiesteko”, azaldu du Javier Torre UAGAko presidenteak.
EROSKIk hitza eman du Arabako nekazarien eta abeltzainen produktuak behar bezala identifikatuko dituela bere dendetan, eta gizarteari ezagutaraziko dizkiola bi entitateek elkarrekin dituzten proiektu guztiak. “Gure denden inguruneko elikagaiak merkaturatzeko dugun konpromisoaren harira dator EROSKIk eta elkarte honek egindako hitzarmena; horrela, lehen sektore jasangarriago bat bultzatuko dugu, eta ekoizpen ehunaren dibertsitate maila handiari eutsiko diogu”, esan du Asun Bastida EROSKIren Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak.
Sasoiko eta tokian tokiko produktuen kanpaina aurkezten
Gaur goizean sinatu dute bi entitateek lankidetza hitzarmena, EROSKIk Boulevard Merkataritza Zentroan duen hipermerkatuan. Arabako sasoiko produktuak sustatzeko kanpaina berriak “Arabako Bitxiak” du izena.
Tokiko kanpaina honetan, hor izan dira Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza diputatua, Eduardo Aguinaco, eta Eusko Jaurlaritzako Elikagai Politikako zuzendaria, Peli Manterola.
Ekitaldian, UAGAko presidenteak Arabako Nekazarien Elkartearen misioa azaldu du. “Gure gogoa da Arabako eta Trebiñuko nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien lehiakortasuna hobetzea, nola eta landa ingurunearen eta nekazaritzaren jasangarritasunean lagunduta, herriak mantenduta, diru sarrera duinak defendatuta eta, azken batean, jendearen bizi kalitatea hobetzen lagunduta”, esan du Javier Torrek.
EROSKIren Tokiko Produktuetarako zuzendariak, berriz, EROSKIk Arabako ekoizleei laguntzeko duen eginkizuna nabarmendu du, eta Arabako lau produktu izarrak aipatu ditu: lekaleak, patata, Añanako gatza eta ardoa. “Hitzarmen honen bitartez, lurralde honetako ekoizpena eta produktuen berrikuntza bultzatu nahi ditugu. EROSKIn, kalitaterik oneneko produktuak eskaini nahi dizkiegu kontsumitzaileei; horregatik saltzen ditugu Arabako patata eta lekaleak Eusko Label ziurtagiriarekin”, gogorarazi du Bastidak.
Arabako Nekazarien Elkarteari buruz
Arabako Nekazarien Elkartea erakunde bakarra da Araban, Nekazaritzako profesionalak biltzen dituena. 1977an eratu zen, eta gaur egun nekazaritzako eta abeltzaintzako 1.230 ustiategik osatzen dute; gehienak familiako ustiategi txiki eta ertainak.
Haren helburu nagusia da nekazarien eta abeltzainen interesak defendatzea, eta sektoreko bitartekari printzipala da administrazioen eta gizarte eragile askotarikoen artean. Hala, lehen sektorearen iraunkortasunaren eta jasangarritasunaren alde dihardu, enplegua sorrarazteko eta herriei bizirik eusteko. Erakunde independente demokratiko eta asanblearioa da; ez da alderdi politiko jakin batekoa, eta ez du irabazi asmorik ere.