Gertu egindako produktuak zuregana hurbiltzeko konpromisoak eta ingurunearekiko begiruneak lurraldeko hiru jatorri-deitura babestuetako produktua eskaintzera garamatzate.
Picón Bejes-Tresviso Gazta JDB. Liébanako eskualdean behi, ardi nahiz ahuntz-esne gordinez (edo horiek nahastuta) egindako gazta, gutxienez 2 hilabetez ondua. Kareharrizko leize naturaletan lehortzen da.
Usain, kolore eta zaporeagatik nabarmentzen da. Gutxienez % 45eko koipea du aterakin lehorrarekiko. Azal bigun, mehe, koipetsu eta marroikara du eta askotariko tonuak hartzen ditu, kohesio-graduen arabera. Kolorez zuria da eta zati eta zain urdin-berdexkak ditu. Gaztaren forma zilindrikoa da, eta eskuz egiten denez diametro aldakorra du. Haren usain biziak eta sarkorrak aditzera ematen du zaporez apur bat mina eta gazia izango dela 1.000 metrotik gorako altueran dauden leizeetan ondutako gazta hau. JDB honetako Picón Bejes-Tresviso gazta hainbat formatutan merkaturatzen dugu.
Kantabriako Esne-gain Gazta JDB. Frisiar behien esnez egindako gazta hau gatzunetan murgilduz gazitzen da. Gutxienez 7 egunez edukitzen da ontzen eta Kantabria osoan egiten da, Urdón eta Corvera arro hidrografikoetan eta Tresviso eta Bejes udalerrietan izan ezik.
Gazta honen azala biguna, leuna eta hezur-kolorekoa da. Gaztaren barnealdea ere hezur-kolorekoa da, normalean zulorik gabea eta testuraz krematsua. Orea prentsatuta eta erdiegosita dago. Ore biguneko gazta bat da, eta usain leuna eta esne-ukitua ditu (jogurta eta gurin freskoa dakartza gogora). Ahoan samurra eta krematsua da, eta oso pikortasun fina du. Suabea da, ez da oso gazia edo azidoa, eta esne-gain ukituak eta gurin-zaporea ditu.
JDB honen barruan La Pasiega esne-gain gazta eta Cantabria Peñalva esnegain-gazta saltzen dugu.
"Hemengoa izatea ona delako zugandik hurbil ekoitzitako gazta jartzen dizugu eskura, Kantabriako bost ekoizleren lehengaiekin egindakoa"
Liébanako Gaztak JDB. Gazta hau behi, ardi nahiz ahuntz-esne osoz (gordina edo pasteurizatua) edo horiek nahastuz egiten da, sasoiaren arabera. Hilabete bat edo bi izaten da ontzen eta gatz lehorrarekin gazitzen da.
Izenak berak adierazi bezala, Liébanan egiten dira. Formatu txikikoak dira; azala fina eta apur bat zimurtsua eta lizundua dute, kolorea hori argiaren eta gris ilunaren artean dute, eta keztatu badira laranjatuak izatera jotzen dute. Gazta honek gutxienez % 45eko koipea du aterakin lehorrarekiko. JDB honekin Peñalva ahuntz eta ardi gaztak saltzen ditugu.