Pasa den asteko Elikagaien Bilketa Handia bukatu ondoren, 1,6 milioi eurotik gora bildu dugu Elikagai Bankuen Espainiako Federazioarentzako (FESBAL) azaroaren 5ean Zentimo Solidarioak programa abiarazi genuenetik. Horrek esan nahi du pertsona behartsuenei 3 milioi otordutik gora eskaintzeko moduko kopurua bildu dugula. Eta gure erronka da 2020. urtea bukatu baino lehen 5 milioi otordu lortzea, alegia, urte batez 1.800 familiari jaten emateko kopurua. Lagunduko diguzu hori lortzen?
Kanpaina berezia izan da aurtengoa, eta COVID-19aren aurka borrokatzeko segurtasun-neurrien ondorioz, elikagaiak biltzeko formatua eta dinamika aldatu behar izan dugu, baina, betiere, betiko grina mantenduz. Gure merkataritza-sareko 1.100 establezimendutik gora batu dira ekimenarekin, supermerkatu, hipermerkatu eta frankizien artean. Bezeroek bonuen bitartez egin behar izan dute ekarpena, kutxatik igarotzean eman nahi zuten zenbatekoa adierazita.
“Beste urte batez, gure bezeroei eskerrak eman nahi dizkiegu eskuzabalak izateagatik eta laguntza eskaintzeagatik. Edizio berezia izan da, baina beti bezala, gizarte bidezkoago eta solidarioago bat sortzen laguntzeko gure konpromisoaren baitan”, adierazi zuen Alejandro Martínez Berriochoak, EROSKIko Osasun eta Iraunkortasuneko zuzendariak.
“Berriro ere, EROSKIri eskerrak eman nahi dizkiogu egoera zail honetan FESBALekin lankidetzan jarduteagatik. Arrakasta itzela izan du formatu berriko kanpainak. Dirua modu birtualean bilduta, elikagaiak erosi eta gizatalde behartsuei banatu ahal izan dizkiegu, gurekin lan egin ohi duten ongintzako erakundeen bitartez”, esan zuen Miguel Fernández Elikagai Bankuen Espainiako Federazioaren zuzendari nagusiak.
COVID-19ak eragindako krisialdia kontuan hartuta, EROSKIn sendotu nahi izan dugu Elikagai Bankuei eskainitako laguntza eta horretarako, Bilketa Handia, Zentimo Solidarioak programa eta apiriletik uztailera bitartean egindako bilketa-kanpaina bultzatu ditugu.
Erronka: 1.800 familia urte batez elikatzea
Bezeroek duela gutxi abiarazi genuen Zentimo Solidarioak programa berriaren bitartez ere lagundu ahal izan diete Elikagai Bankuei. Hain zuzen, milioi bat dohaintza eta 190.000 eurotik gora jaso ditugu horren bitartez. Txartelarekin ordaintzen duten EROSKIko bezeroen heren bat baino gehiagok zentimo batzuekin laguntzen dio kausa honi.
Elikagaien Bankuentzako dirua ematen jarraitzeko animatzen diegu gure bezeroei, hurrengo urtarrilaren 6an bukatuko den Zentimo Solidarioak programaren bitartez. “Gure helburua da 2020. urtean 5 milioi otordu eskaintzeko moduko kopurua biltzea, hau da, 1.800 familiari urte oso batez jaten emateko kopurua” aitortu du Martinez Berriochoak.
Bildutako dirua eskualde bakoitzeko Elikagai Bankuei emango zaie, osasun-larrialdiaren ondoren zaurgarritasun-egoeran geratu diren familiei elikagaiak eta premia biziko produktuak eskaini ahal diezazkieten.
Elkartasuna: EROSKIren eta bere bezeroen ardatza
Pairatzen ari garen pandemia-egoerak mahai gainean jarri du EROSKIren bezeroen elkartasuna bideratzeko aukera seguru eta eraginkorrak eskaintzeko beharra.
Esate baterako, aurten, Elikagai Bankuekin batera garatu dugu bonuen bidezko sistema, bezeroek dirua modu errazean eman ahal izateko eta bankuei horrelako eragiketen zailtasun logistikoak gainditzen laguntzeko.
Bezeroen ekarpen solidarioez gain, EROSKIk 7 milioitik gorako laguntza eman die hainbat gizarte-erakunderi 2020an, lankidetza-hitzarmen ezberdinen eta Zero Hondakin programaren bitartez. Programa horren helburua da gure dendetan saltzen ez ditugun eta kontsumitzeko moduan dauden produktuak ematea.
20 urte baino gehiago Elikagai Bankuekin lankidetzan
1996an hasi ginen Elikagai Bankuekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagai Bankuaren proposamenez eta bezeroek eskatzen zutelako gizatalderik behartsuenentzako eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonentzako ekimen solidarioak garatzeko. Horrela, “Kilo Operazioa” eta “Bilketa Handia” kanpainak hasi ziren urte horretan bertan, gure dendetan elikagaiak biltzeko.
Arlo honetan egindako lana aintzat hartuz, “Urrezko galburua” jaso du EROSKIk, Elikagai Bankuen Espainiako Federazioak ematen duen sari nagusia; elikagai arloko soberakinak elkartasunez banatzen laguntzen duten erakundeei ematen zaie sari hori.