Aurtengo otsailetik uztailera, bezeroekin lankidetzan, 2.500 tona elikagai inguru eman dizkie EROSKIk dohaintzan talde babesgabeenei. Kopuru horrekin 1.509 familia elika liteke urtebetean.
Dohaintza horretatik, 2.000 tona baino gehiago “Zero hondakin” programaren barruan eman dira. Egitasmoak ziurtatzen du EROSKI dendek ez dituztela kontsumitzeko egokiak diren elikagaiak botatzen, dendatik gertu dauden gizarte-erakundeei eman baizik. Kopuru horretan “Kilo operazioa” edo “Udako bilketa handia” bezalako kanpainen bidez dendetan bildutako 460 tona baino gehiago gehitu behar dira.
“Zero hondakin” programa garatzeko, Elikagai-bankuen Espainiako Federazioarekin (FESBAL) aritzen da elkarlanean EROSKI. Elikagai-bankuekin duen lankidetza hori 1996an hasi zen Bizkaiko Elikagai-bankuak proposatuta eta kooperatibari talde babesgabeei eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden lagunei zuzendutako ekimen solidarioak eskatzen zituzten kontsumitzaileei entzunaz.
Emandako produktuen elikagai-segurtasuna zehatz-mehatz zaintzen duen jarduteko protokolo bat garatu zuen kooperatibak. Elikagai freskoen kasuan, hotz-kate egokia mantentzen dela bermatzen da, eta dohaintza hartzen duen erakundeak ere berme horiek betetzen dituela ziurtatu behar du garraioan eta instalazioetan.
Emandako elikagaiak EROSKIk bere linealetatik kentzen dituen produktu freskoak eta elikagaiak dira bezeroekin duen gehienezko freskotasun-konpromisoa betetzeko, edota ontziak akatsen bat duelako, adibidez, saltzea eragozten duen bilgarria mailatuta edo hautsita dagoelako. EROSKIk ematen dituen elikagai guztiak iraungitze-dataren edo kontsumitzeko lehenetsitako dataren barnean eta egoera onean daude.