Gure 50. urteurrenaren ekitaldi ofizialarekin hasi dugu arratsaldea. Eta, han bildutako lagunei galdetu izan bagenie ea noiz sartu zen EROSKI haien bizitzan, orri osoak beteko genituzke anekdota ezagunez, hurbilez eta eguneroko eszenez, eta, batez ere, izen-abizenez josiko genituzke: kutxazain harena, edo konfiantzazko harakinarena… hurbileko tratua emanez aztarna utzi duten (eta oraindik uzten duten) laneko bazkideena.
Bitxia da nola, zenbat eta urte gehiago bete, orduan eta bizkorrago joan direla dirudien. Hori horrela, batzuetan sinesteko zaila bada ere, 1969. urtean bazkidetu zen kontsumitzaile talde hura EROSKI kooperatiba berria sortzeko, eta gaur egun 6 milioi bazkide kontsumitzaile baino gehiago eta 33.000 bazkide kooperatibista eta langile baino gehiago biltzen ditu kooperatibak.
Gaur, sare instituzional, ekonomiko eta sozialeko ordezkari talde handia izan dugu gurekin, mende erdi bete dugula ospatzeko. Eta, EROSKIko ordezkariekin batera, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministro eta Gobernuko bozeramaile Isabel Celaák parte hartu dute.
Ekitaldian, EROSKIko presidenteak, Agustín Markaidek, eskerrak eman dizkie “hemen daudenei eta ez daudenei, guri babesa emateagatik, ez soilik gaurko egunean, baizik eta 50 urte hauetan ere”, eta EROSKIren jatorria ekarri du gogora; hau da, oinarrizko eta eguneroko premia batzuei erantzun sozial eta kolektiboa emateko elkartu ziren kontsumo-kooperatiba txikien emaitza: “Sustatzaileek erabateko konfiantza zuten giza gaitasunean eta lankidetzan, premia horiei hobeto erantzuteko. Jadanik garai hartan berrikuntza egin zuen EROSKIk, zazpi kooperatiba haiek batzen zituzten alderdietan jarri baitzuen azpimarra, haiek bereizten zituztenetan baino gehiago, eta langileak bazkide gisa hartu zituelako barnean”.
Denborak aurrera egin ahala, EROSKIn bazkide kontsumitzaileekin kontaktuan egon gara, gizarteak eboluzionatu ahala haien premiei erantzuna eman ahal izateko. Gure sustraiei eta jatorri kooperatiboari leialtasuna gorde diegu beti, eta haietan oinarritu gara gure misioa eguneratzeko: “herritarren osasuna eta ongizatea hobetzea, eta hori bateragarria izan dadila kontsumo gero eta arduratsuagoarekin eta iraunkorragoarekin”, baieztatu du Markaidek.
EROSKIren zuzendariak, halaber, aintzat hartu du “zer-nolako ahalegina egin duten EROSKI bost hamarkada betetzera eraman duten guztiek, gure sustraiei eta gizarte-balioei eutsita. Ahalegin horrek indarra eman dio proiektu kooperatiboari, etorkizunean bere lekua izan dezan”, eta hurbiltasunak, kontsumo arduratsuagoak eta iraunkorragoak, berrikuntzak eta etengabeko egokitzapenak markatuko dute leku hori. “EROSKIk bere proiektuarekin gizartea eraldatzeko jardun behar du, bazkideen eta gizartearen ongizate iraunkorra bilatuz, eta horretarako, behar adina aldiz berrituko gara”, amaitu du Markaidek.
Bestalde, Leire Mugerzak, EROSKIren Kontseilu Errektoreko presidenteak, honako hau baieztatu du: “EROSKIk agerian utzi du asmo handiko sozietate- eta enpresa-proiektua dela, eta ongi jakin du nola egokitu bere kudeaketa-eredu kooperatibo berezia historian zehar, baina betiere bere erroetara itzulita, hor aurkitzen ditugulako izateko arrazoiak””. Horrez gain, EROSKIren proiektuaren oinarriak ekarri ditu gogora: ekitatea, harremanak humanizatzea, eta “eskubideetan bidezkoagoa eta aukeretan berdintasunezkoa den gizarte bat lortzen laguntzeko asmo etengabea”.
Mugerzak bere hitzaldian nabarmendu zuenez, “EROSKI pertsonez osatutako proiektu bat da, eta haiek dira ospakizun honen merezidunak. Haiek dira gu azken 50 urteotan izan garenaren eta hurrengo berrogeita hamar urteetan izango garenaren balioa”.
Horregatik, 50. urtemuga zoriontsua opa dizuegu era batera edo bestera EROSKIrekin harremana duzuon guztioi. Zuek gabe, hau ezinezkoa litzatekeelako.