EROSKIk Elikagai Bilketa Handia antolatuko du asteburu honetan eta, aurreko edizioetan bezala, bi modalitate egongo dira: tradiziozko emate fisikoa eta elikagai-txartelen bidezko bilketa.
Hipermerkatuetan eta supermerkatuetan, bilketa fisikoaz gain, 5 euroko bonuak erosiz ere parte hartu ahal izango da. Bezeroek bonu hauek kutxatik igarotzean erosten dituzte eta, adibidez, 5 euroko bonua erosita, bi lekale-poto, bi kilo pasta eta lau lata arrain-kontserbaren baliokidea ematen dute dohaintzan.
EROSKIren frankiziei dagokienez, elikagaiak biltzeko eredu tradizionalari jarraituko diote. Modu horretan, bezeroek elikagaiak erosi eta dendetan kokatutako bilketa-puntuetan utzi ahal izango dituzte. Saltoki txikietan eta logistika kontuak direla eta, kupoien bidezko bilketa soilik egongo da eskuragarri.
Kanpaina amaitzean, bonuen bidez lortutako zenbatekoa Elikagai Bankuaren eskura geratuko da, beharrezkoak dituzten produktuak eros ditzaten.
Aurreko kanpainetan bezala, EROSKIk dohaintza gehigarria egingo du: kanpainan jasotako guztiaren % 7, alegia. “Ohikoa denez, EROSKIk konpromiso honekin bat egin nahi izan du eta dohaintza gehigarria egin du bezeroek emandako kilo kopuruaz aparte”, adierazi du Alejandro Martínez Berriochoa EROSKIren osasun eta iraunkortasuneko zuzendariak.
6.150 tona elikagai eman ditugu jadanik urtean zehar
Aurten, gure bezeroen laguntzaz, talde apalenei 6.150 tona inguru elikagai ematea lortu dugu jadanik. Zenbaki hori 3.899 familiek urtebetean kontsumitzen dutena da. Dohaintza horretatik, EROSKIk 5.717 tona baino gehiago eman ditu, “Zero Hondakin” programaren baitan. Egitasmo horrek ziurtatzen du EROSKI dendek ez dituztela kontsumitzeko egokiak diren elikagaiak botatzen, dendatik gertu dauden gizarte-erakundeei eman baizik. Programa hori garatzeko, sozialki erantzuleak diren Espainiako ehun erakunde ingururekin elkarlanean gabiltza.
Gainerako dohaintzak, hau da, 432 tona elikagai baino gehiago, orain arte EROSKI, Vegalsa eta Caprabo saltokietan egindako Elikagai Bankuen aldeko bilketa-kanpainen bitartez jaso dira. Gure denden artetik, 1.400 saltoki inguruk (supermerkatuak, hipermerkatuak eta frankiziak) bat egingo dute ostiral eta larunbat honetan (azaroak 30 eta abenduak 1) Espainiako Elikagai-bankuen Federazioak (FESBAL) antolatu duen Bilketa Handiarekin.
“EROSKIk konpromiso irmoa dauka gizarte bidezkoago eta solidarioago bat lortzen laguntzeko. Hain zuzen ere, hori da orain gutxi berritu ditugun Osasun eta Jasangarritasun Konpromisoen helburuetako bat. Beste behin, Elikagai-bankuen aldeko kanpaina honek aukera bikaina eskaintzen digu konpromiso hori gauzatzeko eta EROSKIren misioan aurrera egiteko, kontsumo-kooperatiba gisa”, adierazi du Alejandro Martínez Berriochoa EROSKIren Osasun eta Iraunkortasuneko zuzendariak.
“Zero hondakin” programa garatzeko, Elikagai-bankuen Espainiako Federazioarekin (FESBAL) elkarlanean gabiltza. Federazioaren zuzendari den Miguel Fernándezek, honako hau esan du programa solidario horren inguruan: “EROSKIri eskertu nahi diogu Elikagai-bankuekin dakarren lankidetza luzea; izan ere, horren bitartez, elikagaiak xahutzearen aurkako konpromisoa duela adierazten du, borroka hori erakunde bien izaeraren esentziaren parte delarik”.
20 urtetik gora Elikagai-bankuekin elkarlanean
1996an hasi ginen Elikagai-bankuekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagai-bankuak proposatuta eta bezeroen eskaerei entzunaz, talde babesgabeei eta gizarte-bazterketako arriskuan dauden lagunei zuzendutako ekimen solidarioak garatzeko.
Ondoren, beste programa bat abiarazi genuen, lehentasunezko kontsumo-datatik gertu zeuden baina segurtasun osoz kontsumi zitezkeen elikagai ontziratuak dohaintzan emateko. Gaur egun, programa horrek indarrean jarraitzen du, gure hipermerkatuen eta supermerkatuen sare osoan kontsumitzeko egokia den elikagai bat ere ez botatzeko “Zero Hondakin” konpromisoarekin.
Krisi ekonomikoak lehenbiziko ondorioak izan zituenean, elikagai freskoetara hedatu genuen egitasmoa, FESBALekin batera. Horretarako, dohaintzen logistika berregituratu behar izan genuen, hozte-katea mantentzen zela eta emandako elikagaiak hartzaileei elikadura-segurtasun osoz iristen zaizkiela bermatzeko.
Arlo honetan egin dugun lana aintzat hartuz, “Urrezko galburua” jaso genuen, Elikagai-bankuen Espainiar Elkarteak ematen duen sari nagusia; elikagai arloko soberakinak elkartasunez banatzen laguntzen duten erakundeei ematen zaie sari hau.
