Dirua biltzeko kanpaina bat jarri dugu abian gure supermerkatu eta hipermerkatu guztietan, Mallorcan uholdeen kalteak jasan dituztenak laguntzeko helburuz. Bezeroek borondatezko diru ekarpen bat egin ahalko dute saltokietan, Balearretako uharte horretan kalteturik gelditu diren herritarren oinarrizko beharrak estaltzeko.
Joan den urriaren 9an, izugarrizko euri jasak izan ziren Mallorcan (220 litro inguru bota zituen metro koadro bakoitzeko), eta urak gainezka egin zuen etxeetan, errepideetan eta lur sailetan. Erreskate taldeak gogotik ari dira lanean Sant Llorenç des Cardassar herrian eta haren inguruetan.
Aste honetan, kanpainaren aldeko kartelak jarri dira gure dendetan, kontsumitzaileek elkartasuna ager dezaten eta borondatezko diru ekarpen bat egin dezaten ordainlekuetan igarotzean. “Beste behin, elkartasuna agertzera deitzen ditugu kontsumitzaileak, eta seguru gaude ongi erantzungo dutela eta laguntza emango dietela uholde hondagarri horien ondorioak pairatzen ari direnei. EROSKItik saiatzen gara bizkor erantzuten larrialdi egoera hauetan, eta, gainera, guk ere diru kopuru gehigarri bat erantsiko diogu biltzen denari”, adierazi du Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKIko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak.
Biltzen den dirua herrialde hartako agintariei helaraziko zaie, haiek oso-osorik bideratu dezaten uholde izugarri horren kalteak jasan dituzten familietara.