Espainiako kontsumo handiko berrikuntzari buruzko 2020ko behatokiak gure “Diverhortaliza” proiektua nabarmendu du gaur bere 3. edizioa aurkezteko ekitaldian, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren ekitaldi-aretoan egindakoa, Madrilen. Bertan, urteko erronka berriak aurkeztu ditu Institut Cerdák urtero antolatzen duen berrikuntza-behatokiak, eta sektoreko hogei proiektu berritzaileenak jakinarazi ditu. Horien artean EROSKIren ekimen bat dago, Asun Bastidak, Tokiko Produktuen EROSKIko merkataritza-zuzendariak, honela azaldu duena: “lankidetzaren bitartez eta lurralde eta baldintza klimatiko bereziak dituzten Euskadi bezalako eskualdeak aztertuz, tokiko barietateen produkzioa dibertsifikatzeko aukera eskaintzen du”.
“Diverhortaliza” ekoizle euskaldunekin jarduteko lankidetza-proiektu bat da, kultibo berrien erabilera jasangarriaren eta dibertsifikazioaren bitartez, Euskadiko barazki-ustiapenen errentagarritasuna hobetzeko helburua duena. Eusko Jaurlaritzak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) kofinantzatzen dute plana eta gainera, NEIKER Tecnalia teknologia-zentroa eta tokiko ekoizleen hainbat kooperatiba dira haren partaide.
Lehenengo eta behin, ekimenak interes komertzial handia duten Euskadiko kultiboak hautatu ditu; gero, parte hartzen duten ekoizleen lurzoruak aztertu dira eta kultibo horien ezaugarrietara hobeto egokitzen diren haziak eta barietateak bilatu dira. Une honetan, proba ezberdinak egiten ari dira landa-eremuan, produktu eta barietate batzuk baliozkotzeko eta beste batzuk baztertzeko. Proiektuaren arduradunek adierazi dutenez, 2020an bukatuko da ekimena. Ordurako, porrua, tipulina, brokolia, berenjena eta eskarola ekoizteko barietaterik eta kultibo-modurik onenak identifikatuko dira, 2019an zehar egindako ikerketen emaitzak oinarri hartuta.
“Proiektu honek berrikuntzaren alderdi ezberdinak kontuan hartzen ditu eta lana antolatzeko beste modu bat aurkezten du, hornitzaileekiko eta bezeroekiko lankidetzaren bitartez. Horrela, ekoizpen-bide berriak sortuko dira eta produktu berriak sartuko dira merkatuan”, adierazi du Asun Bastida Tokiko Produktuen EROSKIko merkataritza-zuzendariak.