Etiketan ageri den informazioak lagundu egiten digu erabakitzen zein elikagai sartuko dugun erosketa saskian.
Etiketak:
- Irakurtzeko modukoa izan behar du, ulergarria eta erraz ikustekoa.
- Egia esan behar du eta ez du hutsegiterik sorrarazi behar.
- Ez du nahasgarria izan behar.
- Produktuari ezin dio atxiki berez ez daukan eraginik edo propietaterik.
- Produktuari ezin dio atxiki propietate terapeutikorik edo sendagarririk, salbu eta ura denean eta elikadura bereziko produktuak (glutenik gabea…).

Zerk agertu behar du nahitaez etiketan?
- Produktuaren salmenta izena.
- Osagaien zerrenda, ugarienetik urrienera.
- Nutrizio arloko etiketa*.
- Alergenoak.
- Alkohol graduazioa, %1,2tik gorakoa denean.
- Kantitate garbia ontziratuetan.
- Kontsumo-data gomendatua edo iraungitze-data.
- Kontserbatzeko baldintzak.
- Erabiltzeko modua.
- Enpresaren identifikazioa.
- Sorta.
- Jatorriko herrialdea, EB-tik kanpokoa denean.
Osagai bat zein kopurutan duen adierazi ez arren, badakigu lehen lekuan agertzen dena kopuru handiagoan izango duela gainerakoak baino.
*Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 1169/2011 (UE) Araudiak arautzen du, 2011ko urriaren 25ekoak, kontsumitzaileari elikadura arloan eman behar zaion informazioari buruzkoak.
Zer dira nutrizio eta osasun arloko adierazpenak?
Elikagai askok nabarmentzen dute etiketan propietate jakinak dituztela gure osasuna hobetzeko edo nutrizio arloan onurak eragiteko. Borondatezko aipuak dira, eta legez araututa daude. Desberdintasun hauek dituzte.

Osasun arloko adierazpenak
Europako Batzordeko 432/2012 (UE) Araudiak arautzen ditu osasun arloko adierazpenak, 2012ko maiatzaren 12koak, non zehazten den zer-nolako adierazpenak egin daitezkeen elikagaien propietate osasungarrien inguruan.
- Elikagai sail batek, elikagai batek edo haren osagaietako batek osasunarekin harremana duela baieztatzen, iradokitzen edo aditzera ematen duen edozein adierazpen.
- Propietate osasungarrien adierazpenek froga zientifikoetan oinarrituta egon beharko dute, eta Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA) ebaluatuta egon beharko dute.
Osasun arloko adierazpenak dira honako honen gisakoak:
“Kaltzioa beharrezkoa da hezurrak baldintza normaletan mantentzeko”.
Gaur-gaurkoz, osasun arloko 2.700 adierazpen aztertu dira, eta 222 onartu.

Nutrizio arloko adierazpenak
Europako Parlamentuko eta Kontseiluko 1924/2006 (CE) Araudiak arautzen ditu nutrizio arloko adierazpenak, 2006ko abenduaren 20koak, elikagaien nutrizio arloari eta propietate osasungarriei lotutako adierazpenei buruzkoa.
- Elikagai batek nutrizio arloko propietate espezifikoak dituela baieztatzen, iradokitzen edo aditzera ematen duen edozein adierazpen; izan daitezke haren energia ekarpenak (kaloria balioak) eragindako propietateak edo mantenugaiek edo beste substantziek eraginak.
Nutrizio arloko adierazpenak dira honelako baieztapenak:
- Zerbaiten iturria…
- Ugari ematen du…
- Kopuru txikietan ematen du…
- Azukre erantsirik gabea – Light.
Elikagai batek adieraz dezake zuntz iturria dela, gutxienez 3 g zuntz ematen dituenean 100 g bakoitzeko.