1. Komeni da asteko menua planifikatzea inprobisazioak saihesteko
Planifi katzeak lagunduko dizu elikadura askotarikoaz eta osasungarriaz gozatzen eta elikagai gutxiago alferrik galtzen. Horretarako, gida honetan eskaintzen dizugun guztia erabil dezakezu: elikadura osasungarriaren piramidea, sasoiko produktuen taulak, osasungarri jateko plater eredua eta menuak egiteko txantiloiak, baita nutrizio arloko Ekilibria tresna ere.
2. Zerrenda bat, ezinbestekoa bakarrik erosteko
Pentsatu zenbat beharko duzun elikagai bakoitzetik, kontuan hartuta zenbat otordu egingo dituzun, zenbat lagun eseriko diren mahaira eta beren beharrizanak. Zerrenda egitean, lagungarria izango da elikagai motaren arabera multzokatzea —barazkiak, frutak, plater landuak, izoztuak…—, edo egon ohi diren lekuaren arabera —biltegia, hozkailua, izozkailua…—, eta horrela denbora gutxiago beharko duzu dendan horien bila ibiltzeko.
3. Dendan
Zure ibilbidea diseina dezakezu erosi behar dituzun produktuen arabera. Aukera bat da hotzekoak ez direnetatik hastea, freskoetatik eta hotzetatik jarraitzea eta azkenerako uztea izoztuak. Saia zaitez beharrezkoa ez zaizun pasabideetatik ez igarotzen, eta hartu zure denbora produktuak konparatzeko; horretarako, erabili ontziek aurrealdean duten informazioa eta etiketa nutrizionala, hala nola gure produktuen semaforo nutrizionala eta EROSKIren Nutri-Scorea. Gosez zaudela erosten baduzu, baliteke osasungarria ez den aukeraketa bat egitea edo behar baino kantitate handiagoa hartzea.
4. Erne datekin
Garrantzitsua da iraungitze datari erreparatzea (elikagaia modu seguruan noiz arte kontsumi daitekeen adierazten du) eta lehentasunezko kontsumoaren datari (elikagaiak noiz arte edukitzen dituen zaporea eta testura bere osotasunean eta kontsumitzeko baldintza onetan dagoen adierazten du).
5. Etxean, nola ordenatu eta kontserbatu
Erosketa egin ondoren, garrantzitsua da produktuak nola biltegiratzen ditugun. Izan ere, behar bezala biltzen baditugu, erositakoaren bizitza luzatuko dugu, mikroorganismoak ugaritzea eragotziko dugu eta bere ezaugarri nutrizionalei eta itxurari eutsiko diegu. Garrantzitsua da jakitea produktu bat ireki eta gero hozkailuan edo izozkailuan gorde behar den. Era berean, garrantzitsua da elikagaiak pilatzea eta gehien erabiltzen ditugunak eskurago jartzea.