Elkartasuna

EROSKI-k kanpaina bat abiatu du indonesiako tsunamian kaltetu direnen alde dirua biltzeko

EROSKI-K, UNICEFekin koordinatuta, dirua biltzeko kanpaina bat jarri du martxan gaur, supermerkatu eta hipermerkatu guztietan, Indonesiako tsunamiak kaltetutakoen alde. Bezeroek borondatezko diru ekarpen bat egin ahalko dute saltokietan, hondamenak jo dituen herritarren oinarrizko beharrak estaltzeko, urgentziaz behar baitute laguntza.

Irailaren 28an, tsunami lazgarri batek jo zuen Indonesiako Celebes uhartea. Oraindik ez dakite zenbaterainoko hondamena gertatu den, baina gaur egun, milaka lagun daude desagerturik, eta orain arte 1.400 lagun hilik direla diote. Lehen ordu hauek funtsezkoak dira familiei arreta emateko. Bizirik direnak goseak eta egarriak egon daitezke; izan ere, jan-edanak urriak dira, eta ospitaleak gainezka daude zaurituta direnekin beteak.

Gaur hasita, EROSKIren dendetan kanpainaren aldeko kartelak erakutsiko dira, kontsumitzaileek elkartasuna ager dezaten borondatez diru ekarpen bat eginda ordainlekuetan igarotzean. “EROSKIkook saiatzen gara lastertasunez erantzuten larrialdi humanitarioetan, kasu honetan Indonesian; izan ere, berehalako arreta da lehentasuna han. Beste behin, kontsumitzaileei elkartasuna adieraz dezatela eskatzen diegu, eta ziur gaude inplikatuko direla hondamendi hau ikusita”, esan du Alejandro Martinez Berriochoak, EROSKIko Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak. Kooperatibak ere bere ekarpena egingo du.

Bildutako dirua UNICEF erakundeari emango zaio, han ari baita laguntza espezifikoa ematen zorigaitz honetan joak izan direnei. Oraintxe bertan, lehentasunezkoa da ahal den arinena jokatzea premia handiena dutenei arreta emateko. Bildutako dirua edateko ura helarazteko izango da, eta saneamendurako ere erabiliko da, izurriterik sor eza dadin; horrez gain, osasun arreta eta premiazko nutrizioa emango dira.

 

UNICEF Indonesia erakundea abiadan ari da lanean, eta funtsezkoa da gizarte osoak laguntzea, haurrek eskasiarik izan ez dezaten une gogor honetan. “UNICEF Indonesia ahal duen guztia egiten ari da haurrak eta familiak hartzeko Palun, Donggalan, eta Sulawesiko beste eremu kaltetu batzuetan. Dena den, gero eta premia handiagoak sortzen ari dira, eta larrialdi betean dira oraindik. Haur askok gurasoak eta senideak galdu dituzte, eta horrekin batera, beren inguru osoa. Hori dela eta, denbora beharko dute nolabaiteko normaltasuna berreskuratu arte. Agintariekin batera ari gara haur txikiei eta neska-mutikoei janaria helarazteko; horrekin batera, edateko ura banatzen, ura tratatzeko unitate mugikorren bitartez; haurrei zuzpertzen laguntzen; eta gurasoengandik banatu diren haurrak berriz elkartzen eta bakarrik direnei lagun egiten“, esan du behin-behinean UNICEF Indonesiarentzat ari den ordezkari batek, Amanda Bissexek.

EROSKI-k kanpaina bat abiatu du indonesiako tsunamian kaltetu direnen alde dirua biltzeko

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
149731