EROSKIk hitzarmen bat egin du Bizkaiko Txakolina Jatorri Izenaren Kontseilu Erregulatzailearekin, txakolinaren salmenta sustatzeko Bizkaian. EROSKIk nekazaritzako ekoizle txikiekin eta kooperatibekin egiten dituen hitzarmenetan sartzen da hau ere, eta helburua da COVID-19aren osasun alerta dela-eta beren ohiko salmenta kanala galdu dutenei (errestaurazioa, kolektiboak…) dituzten ekoizpen sailak saltzen laguntzea. Lehen sektoreari laguntzeko lankidetza sistema bat garatu du, haien soberakinak bere dendetan saltzeko.
“Hitzarmen honen bitartez, Bizkaiko txakolina babestu eta balioan jarri nahi dugu, eta, era berean, erabiltzen diren mahats motak ezagutarazi, hedapen berezia emanda eta EROSKIren dendetan lehentasunezko lekua emanda. Helburua da salmentak era esponentzialean handitzea, eta bereziki zigortua dagoen sektore horretan galera posibleak arintzea”, esan du Asun Bastidak, EROSKIren Tokiko Produktuetarako zuzendari komertzialak.
Gaur egun, EROSKIk hamahiru upategirekin egiten du lan, Bizkaiko txakolinaren jatorri izena dutenen artean, eta guztira 20 txakolin erreferentzia saltzen ditu bere dendetan. “Oso eskerturik gaude EROSKIrekin, sektorea dagoen bezala laguntza eman digulako une gogor hauetan. Gure ekoizpenei irtenbideak bilatzen laguntzea estimatzekoa da ezohiko egoera honetan”, esan du Bizkaiko Txakolina Jatorri Izenaren Kontseilu Erregulatzaileko presidenteak, Jose Luis Gomez Querejetak.
Aste honetatik aurrera, EROSKIren Bizkaiko sare komertzialeko bederatzi hipermerkatutan eta 27 supermerkatutan erakutsiko dituzte jatorri izena duten upategi nagusietako txakolin botilak. EROSKIk iaz 44.000 litro txakolin saldu zituen jatorri izenarekin, eta, hala, %7 handitu zen salmentan aurreko urtearekin alderatuta.
Ekoizle txikiei laguntzeko lankidetza prozesua
EROSKIk lankidetza prozesu bat garatu du erakundeekin, sindikatu nagusiekin eta sektoreko elkarteekin eta bere hornitzaileetako batzuekin, alderdi guztiei errazteko ekoizpen horiek saltzen direla osasun kalitate eta segurtasun berme guztiekin. Helburua da ekoizle txikiei une gogor hauetan laguntzea, balioa duten produktuei irtenbidea emanez bidezko prezioan. Hitzarmenetako batzuk apiril hasieratik dira martxan, hala nola barazkiena eta bildotsarena.
EROSKIk akordio bat egin du HAZI erakunde publikoarekin, zeina Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen Sailekoa baita, eta Harakai kooperatibarekin, zeinak konpromisoa hartu baitu euskal artzainen bildotsak merkaturatzeko sasoi honetan; horretaz gainera, bere bi barazki hornitzaile nagusiekin ere egin du hitzarmena bilketa eta banaketa lanak errazteko eta hala ekoizle txikien soberakinak operatiba dagoeneko ezagutzen duten hornitzaileen ohiko kanalean integratzeko.
EROSKIk hitzarmen bat egin du Udapa S. Coop-ekin, Arabako patata saltzeko. Jatorria bermatzen duen Euskal Baserri markarekin doa, zeina Nuestra Señora de Ocon, Garlan eta Alavesa de Patatas kooperatibena baita.
EROSKIk konpromisoa hartua du bere denden inguruneko elikagaiak merkaturatzeko; horrela, lehen sektore jasangarriago bat bultzatzen du, eta ekoizpen ehunaren dibertsitate maila handiari eusten dio. Euskal Autonomia Erkidegoan, nekazaritzako elikagaien 450 ekoizle txikirekin dihardu kooperatibak 2.000 produktu baino gehiago saltzen. 382 milioiren erosketak egiten dizkie epe erdiko eta luzeko akordioen bitartez, eta horrek egonkortasuna dakarkio nekazaritzako elikagaien sektore jasangarri eta oso dibertsifikatu bati.