Gizarte-konpromisoa

Hirugarren supermerkatua irekiko dugu desgaitasuna duten pertsonek erabat kudeatua

GUREAK eta EROSKI-k beste pauso bat eman dugu desgaitasuna duten pertsonak enplegatzeko ereduan. Elkarrekin ari gara eredu hori hedatzen, eta gaur arratsaldean ireki dugu, Gasteizen, hirugarren supermerkatua, osoki desgaitasuna duten pertsonek kudeatua.

“Orain dela urte eta erdi abiatu genuen berrikuntza sozialeko ekimen aurrendari hau, gehiago hedatuko genuen itxaropenarekin. Aurreko bi esperientzien balantze positiboa egin dugu eta horrek erakusten du gure denda frankiziatuen eredua lehiakorra dela eta ekintzaileekin, kooperatibekin eta ekonomia sozialean diharduten enpresekin batera ari gaitezkeela gure ingurunean enplegua eta aberastasuna sortzeko orduan eta gizarteko enpleguen aniztasuna zabaltzeko orduan”, esan du EROSKIren frankizien zuzendariak, Enrique Martinezek.

GUREAK enpresako zuzendari nagusiak, berriz, Iñigo Oyarzabalek, hauxe esan du: “Enplegua sorrarazteko eredu sendotua dugu desgaitasuna duten pertsonentzat. Horrek garapen pertsonalerako eta profesionalerako aukera berriak ekartzen ditu laguntza premia handiena dutenentzat. EROSKIren frankizia eredua ederto egokitzen da gure beharretara, eta modua ematen digu jendearekin harremanak izanez lan egiteko. Publikoarekin zuzeneko harremana izatea ahalbidetzen digu eta, aldi berean,  pertsona guztiak lanerako gaitasunak ditugula erakusteko aukera paregabea eskaintzen digu”.

Gasteizen bigarren supermerkatua da, horrelako ezaugarriak dituena

GUREAK eta EROSKI, “ekonomia sozialeko” enpresa biak, Gasteizko Manuel Iradier kaleko 78.ean izango gara arratsalde honetan saltoki berria inauguratzeko. EROSKI/city frankizia erako supermerkatuak 11 langile izango ditu, eta 450 metro koadroko salmenta aretoa. Bertan, 3.500 produktu sorta eskainiko du, batzuk marka liderrenak, beste batzuk marka propiokoak eta beste batzuk tokiko ekoizleenak. Gainera, eskaintza zabala izango da janari freskoetan —batez ere, sasoiko eta tokiko fruituena eta barazkiena—. Bestalde, dendak labe propioa izango du egunero-egunero ogi eginberria izateko.

Irekitzen denean Gasteizen bigarrena izango da horrelako ezaugarriak dituena; izan ere, irailean beste bat inauguratu zuten Askatasunaren etorbidean. Hamalau langile daude hartan.

“Azpeitiko eta Gasteizko esperientziak oso baikorrak izan dira; bezeroek bereziki balioesten dute langileen adeitasuna eta arreta pertsonala. Saltoki horietan hartutako eskarmentuari esker, lanpostuen egokitzapena hobetu dugu gaitasun ezberdinetara moldatu dadin. Horretaz gainera, bihar supermerkatu berrian lanean hasiko diren pertsonek prestakuntza jaso dute zenbait hilabetez; horretarako, formula berritzaileak erabili dira GUREAK taldearen eraikinetan zein EROSKIren beste denda batzuetan, eta prest daude bezeroari arreta emateko; talde guztia dago lanerako gogo biziz” esan du Oyarzabalek.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala arratsaldean

Langileak, senideak eta EROSKIren Bezero Bazkideak izango gara Gasteizko supermerkatu berriaren inaugurazioan, gaur arratsaldean, 19:00etan. Hor izango dira, era berean, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako kontseilaria, Marian Olabarrieta, Gizarte Zerbitzuetako foru diputatua, Gorka Urtaran, Gasteizko alkatea eta, orobat, GUREAK eta EROSKIko ordezkariak.

Jende guztiarentzat bihar irekiko dituzte ateak, hilak 22, asteazkena, 09:00etatik 21:00etara.

Enplegua eratzeko bide berria

Hedapen planean datorrenez, EROSKIk bere hedapen planaren baitan beste zenbait proiektu aurreikusten ditugu, betiere frankizia erako supermerkatuen bitartez beste eskualde batzuetan desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua sorrarazteko.

 

EROSKIri buruz

EROSKI da Espainian kooperatiba izaerako lehen banatzaile taldea. Gure sare komertzialean 1.286 EROSKI/city, EROSKI/center, FAMILIA eta CAPRABO supermerkatu ditugu, 54 hipermerkatu, hemeretzi cash&carry, eta, gainera, on line dendak, gasolindegiak, bidaia bulegoak, optikak, kirol dendak eta lurrindendak.

Zazpi milioi Bezero Bazkidetik gora ditugu, eta denek dute txartelen bat EROSKIrena, Capraborena, If-rena edo Forum Sportena. Bestalde, 33.509 langile ditugu, eta horietatik kooperatibako bazkideak 12.000.

GUREAK taldeari buruz

GUREAK enpresa talde bat da, zeinak helburu baitu desgaitasuna duten pertsonei lan aukerak sorraraztea eta horiek kudeatzea; lehentasunez, Gipuzkoan desgaitasun intelektuala dutenei. Gaur egun, 5.000 lagun baino gehiago ditu, eta, horietatik %83k desgaitasunen bat dute.

 

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
33184