EROSKI marka

Itsaskiak, Gabonetako erregeak. Badakizu nola egosi?

Otarrainxkak, nekorak, txangurruak, zigalak, abakandoak… Itsaskiak dira, zalantzarik gabe, Gabonetako menuen erregeak. Urte osoan eskura daitezke, nahiz eta egun hauetan haien kontsumoa izugarri igo. Beren itsas-zaporea dela-eta, etxe askotako mahaietan protagonista bihurtzen dira gastronomiaren altxor hauek. Turroirik, cavarik eta itsaskirik gabeko Gabonak… ez direlako Gabonak.

Gozo-gozo egoteaz gain, nutrizioari dagokienez, koipe eduki eskasa dute, baina bitamina, mineral eta proteina ugari. Bestalde, sukaldean, hainbat modutan presta daitezke: plantxan, kanapetan, zopetan, kokteletan, enpanadetan, arrozetan eta krematan. Nolanahi ere, haien zapore biziaz gozatzeko modurik onena —errazena eta naturalena— egosketa da.

Itsaskiak ur gazi ugaritan egosten dira. Gatz lodia fina baino hobeto. Proportzio egokia 30 g gatz litro ur bakoitzeko da; kontuan izan zopa-koilarakada batek 15 g dituela gutxi gorabehera. Nahi bada, ereinotz hosto lehor batzuk gehi daitezke. Itsaski biziak ur hotzetan ipini behar dira. Egosketa-denbora ura irakitean hasiko da zenbatzen. Itsaski izoztuak, berriz, ur irakinean sartu beharko dira, eta egosketa-denbora ura berriro irakiten hasten denean hasiko da zenbatzen.

Behin egosita, ur hotzetan izotzekin murgiltzea komeni da, azkar hozteko. Horrela, haragia oskoletik bereiziko da, eta zuritzea errazagoa izango da. Itsaskiak egostea ez du beste inolako sekreturik. Hori bai, gatz-puntuarekin eta denborekin zorrotz jokatu behar dugu, batez ere produktu txikiekin.

Egosketa-denborak

Lanperna: 1 min.
Karrakela: 4 min.
Izkira: 30 seg.
Otarrainxka: 5 min.
Zigala: 5 min. (ertaina) eta 8 min. (handia)
Abakandoa: 12 min. (500 g), 16 min. (1 kg), 20 min. (1,5 kg)
Otarraina: 18 min. (1 kg), 23 min. (1,5 kg), 30 min. (2 kg)
Nekora: 10 min.
Buia: 15 min. (1 kg)
Txangurrua: 15 min. (1 kg), 20 min. (1,5 kg), 24 min. (2 kg)
Gabon hauetan itsaski biziak erosiko badituzu, eta azken orduko urduritasunak saihestu nahi badituzu, gure establezimenduetan egun batzuk lehenago erosi eta hozkailuan gor ditzakezu, ur gazitan umeldutako sukaldeko eskutrapu baten bilduta. Animaliaren araberakoa da, baina normalean, abakandoak, txangurruak, buiak eta lanpernek hiru egun bizirauten dute gutxi gorabehera. Aitzitik, dagoeneko egosita dauden itsaskiak nahiago badituzu, atera itzazu hozkailutik 40 minutu lehenago girotu daitezen. Hori bai, ez itzazu berriro berotu, erabat idortuko dira, eta kalitatea galduko dute.

On egin eta…. Gabon zoriontsuak!

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
160970