Prestakuntza-garaia izan zen hirurogeita hamarreko hamarkada, eta orduan hasi ziren sendotzen EROSKIren izaera definitzen duten balioak. Gertakari garrantzitsua izan zen Kontsumitzaileen Eskolaren sorrera, kontsumoari lotutako gaietan interesa zuten pertsonak hezteko eraturikoa, eta soil-soilik mota horretako gaien dibulgaziorako zen aldizkari baten agerpena ere bai.
Aldizkariak denetarik argitaratzen zuen: euskal kostaldeko hondartzen egoerari buruzko artikuluak, elikagai jakin batzuetan agerturiko osagai toxikoengatik aurkezturiko salaketak eta tabakoaren kalteak aztergai zituzten ikerlan xehatuak. Gerora, eta helburu berari jarraiki, argitalpen berariazkoagoak, liburuak eta gidak ere argitaratzen hasi ziren.
Kontsumitzaileen Prestakuntza programaren baitan, unibertsitateekiko harremanei ekin zitzaien, kontsumitzaileei erasaten zieten arazoak zientifikoki aztertu ahal izateko. Halaber, kontsumo-hezkuntzarako programak garatu ziren ere lehen hezkuntzako ikastetxeetan.
1986an, kontsumitzaileekin bat gentozela agerian utzi zuten zifrek, ez baitziren inolaz ere batere baztergarriak: 900 prestakuntza-jarduera baino gehiago eta 43.130 lagunen partaidetza. Euskal kontsumitzaileen aldizkaria, Eroski izenekoa, ehungarren alera iritsia zen. Zenbaki biribila eta kontsumitzaileen artean zuen arrakastaren adierazle garbia, hain zuzen ere.