Sukaldaritza mexikarraren plater adierazgarrietako bat dira takoak; alegia, oinarrizko osagai batekin betetako eta belarrekin eta saltsa ezberdinekin lagundutako arto-opilak. Guk nahiago dugu produktu naturalak, freskoak eta sasoikoak erabiltzea. Takoek afari edo bazkari erraz bat prestatzeko aukera eskaintzen dute eta gainera, oso moldakorrak eta familian egiteko dibertigarriak izan daitezke!
Har itzazu kontuan tako on bat prestatzeko aholku hauek.
1. Aukeratu opil egokia: malgua izan behar du, betegarria sartzean ez apurtzeko. Takoaren oinarri gisa erabiltzen den opila arto-irinarekin egin behar da; etxean egin edo prestatuta erosi dezakezu. Arto-irineko opila antzeko beste errezeta batzuk prestatzeko erabiltzen da, hala nola, burritoak, fajitak eta “quesadilla” delakoak. Plater arinagoa prestatu nahi baduzu, erromatar urazaren edo kukuluen hosto batzuekin ordezka ditzakezu opilak.
2. Oinarrizko osagaia: haragiaren zaleek oilaskoa, indioilarra, txahala eta abar erabil dezakete. Beste aukera batzuk arraina, izokin ketua edo itsaski freskoak dira. Bertsio beganoa: tofua, barazkiak, txitxirioak, humusa… Kontua kopuru dezente jartzea da, takoa ixteko eta ondo heldu ahal izateko. Hobe tako gehiago jatea opil bat apurtzea baino.
3. Belarrak eta ongailuak: limoi edo lima ukitu bat, belar freskoak, tipula, martorria, gazta edo Mexikoko espezialitatea: “pico de gallo” saltsa. Oso zaporetsua eta prestatzeko erraza da. Nahikoa izango duzu osagai hauek nahastea: tomatea, tipula, martorria, limoi edo lima zukua, gatza, piperbeltza, olioa eta zapore mina lortu nahi baduzu, jalapeño txile xehatua.
4. Azkeneko ukitua, saltsak: guakamolea, jogurt-saltsa, etxeko tomate-saltsa txile ukitu batekin… saltsa bakoitzak bere zaporea emango dio: mina, gozoa, mingotsa… Erabili dituzun osagaien arabera, saltsa bat edo beste bat hobe egokituko da.
5. Ideia ezberdin baten bila? Proba itzazu postre gisa, frutekin, etxeko izozkiekin edo fruitu lehorrekin. Harrituko zaituzte.
#EROSKIaholkua: Erabili beste errezeta batzuen soberakinak zure takoa prestatzeko. Janaria aprobetxatzeko aukera ona eskaintzen dute, ia denetarik onartzen dutelako. Lagun ezazu saltsa min on batekin eta, gozatzera!