70eko hamarkada hasieran kooperatiba-jarduerari ekin genionetik, EROSKIn beti izan dugu denda berriak irekitzen ditugun eskualdeen garapen sozial eta ekonomikoarekiko konpromisoa. Konpromiso horren erakusle ditugu tokiko hornitzaileekin sinatutako lankidetza-hitzarmenak. Urtez-urte gora egiten duen lankidetza estua eta iraunkorra. Gaur egun, Espainia osoko tokiko 5.000 hornitzaile baino gehiagorekin akordioak ditugu.
EROSKIn tokiko produktuen aldeko apustua egiten dugu. Beren kalitatearengatik nabarmentzen direlako. Hemengoa kontsumitzea maite dugulako. Tokiko ekonomia eta garapen jasangarria bultzatu nahi dugulako. Tokiko produktuak kontsumitzen dituzunean nekazari, abeltzain eta arrantzaleen lanpostuak eta bizimodu tradizionala mantentzen laguntzen duzulako. Eta azken finean, gure lurretako onena ateratzen dutelako. Hori dela eta, EROSKIn tokiko produktuak aurkituko dituzu beti, zure ingurukoak: garaian garaikoak eta freskoak.
EROSKIKO tokiko produktuen merkataritza-zuzendari Asun Bastidak adierazten duenez, “tokiko ekoizpeneko elikagaien komertzializazioa gure denden ezaugarria bilakatu da. Kontsumitzaileak gero eta balio handiagoa ematen die gertueneko inguruneko produktuei, kalitate handia eskaintzen dutelako eta gertukoarekiko sentikortasun handiagoa dagoelako”. Urte honetako lehenengo sei hilabeteetan, tokiko jatorriko jaki freskoen salmentek %5 baino gehiagoko hazkundea izan dute EROSKIn, 2017ko ekitaldi berdinarekin alderatuta. Jarraian, gure jarduera-gune batzuetako datuak xehatuko ditugu.
Euskal Herria
Euskal Herriko nekazaritzako elikagaien sektoreko 283 ekoizle txikirekin elkarlanean gabiltza eta euren produktuak erosteko epe ertain eta luzerako akordioak sinatu ditugu, sektore dibertsifikatu eta iraunkor honen egonkortasuna bultzatuz. Dagoeneko, aurten, tokiko jatorria duten elikagaien salmentek %6,8 gora egin dute Euskal Herrian.
Haragitegiko salmentek %10 gora egin dute. Tokiko esnekiek, ia %20. Eta euskal portuetan sartzen den arrantzak %7ko hazkundea izan du. “Arrain sorta oso anitza dugu eta ez da beti berdina, egunero gertueneko portuetara heltzen den arrainera egokitzen garelako. Modu horretan, kontsumitzailearen sentsibilitate berri bati erantzuna ematen diogu, produktuari freskotasuna eta hurbiltasuna emanez”, azaldu du Asun Bastidak.
Nafarroa
EROSKIk erkidego honetako lehen sektorearen iraunkortasuna babesten du, 147 ekoizle txikirekin batera lan eginez. Tokiko produktuen salmentak %16 igo dira gure Nafarroako dendetan. Hazkunderik handiena haragitegiak (%46, EROSKI Natur Nafarroako txahalaren salmentari esker, batez ere) eta esnekiek (%24) izan dute.
“Nafarroako lehen sektorearekin batera ekimen ugari egiten ari gara tokiko elikagaiak sustatzeko, esaterako, bere marka duten arrautzak, kontserba begetalak, Idiazabal Artzai-Gazta JDko eta Erronkari JDko artzai-gazta, Adierazpen Geografiko Babestua duen Nafarroako zainzuria eta Tuterako orburua, beste batzuen artean”, azaldu du Anabel Zariquieguik, EROSKI Hipermerkatuen eskualdeko zuzendaria.
Errioxa
Tokiko jatorriko produktuen salmentek %14 gora egin dute Errioxan. Horien artean fruta eta barazkiak nabarmendu dira, %30eko hazkundea izan dutenak. “EROSKIren belaunaldi berriko denden helburua bezeroa harritzea da, sasoiko tokiko produktu freskoen kalitatearekin. Eta gure erkidegoan, dinamika honek garrantzi handia dauka fruta-atalean”, baieztatu du Pilar Cristóbalek, EROSKIren eskualdeko arduraduna Errioxan. Frutategiko salmenten hazkunde honetan, berebiziko garrantzia izan du Rincón de Soto JDB konferentzia udareak. Azkenengo kanpainan soilik, EROSKIk fruta zaporetsu honen ia 750.000 kilo merkaturatu zituen.
Kantabria
Kantabriako 200 enpresa ingururekin elkarlanean gabiltza, gure dendetan tokiko 1.300 produktu eskaintzeko. Tokiko jatorriko freskoen salmentak %19 igo dira Kantabrian, urtearen lehen erdian. Eta, Errioxan bezalaxe, barazki eta fruten atala izan da hazkunde nagusiena izan duena, salmentak %46 areagotuz. Arrantzaz ahaztu barik, gora egiten jarraitzen duena eta salmentak ia bikoiztu dituena.
Aragoi
Aragoin ere, tokiko produktu freskoek gora doaz: %6 hazi dira urtearen lehenengo seihilekoan. Hazkunde hori, batez ere, haragitegian jazo da, EROSKI Seleqtia berezko markaren Teruelgo JDB urdaiazpikoari esker salmentak %15 igo dituena. Era berean, artisau eran egindako jogurt eta gaztek %12tik gorako hazkundea izan dute. Pilar Cristóbalek ere nabarmendu du “Aragoiko tokiko arkumeak eta nekazari-kooperatibetan ekoitzitako olioek izandako hazkunde garrantzitsua, salmentak nabarmenki areagotu dituztenak, iazko ekitaldi berdinarekin alderatuz, %55eko igoera lortuz”. EROSKIk Aragoiko 4.000 produktu inguru merkaturatzen ditu eta tokiko 350 ekoizle ingururekin dabil elkarlanean.
