Orain dela 6 urte sartu zen Villa Villera Huescako EROSKI hipermerkatuan, Siesoko abeletxetik zuzenean. Bertan, Guarako mendilerroaren ikuspegi ezin hobearekin, poz-pozik bizi dira 27 urtez geroztik aragoitarrak liluratu izan dituzten gazten eta esne-postreen abiapuntu diren behiak.
Gaur egun, harrera hain ona izanik, tradizio onenetan jatorri duten artisau-produktu hauek Aragoiko EROSKI saltoki ia guztietan daude eskuragarri. Jaki gozo hauek, gainera, egunero egiten dira, abeltegian, gaztandegian eta banaketa lerroan jarduten duten 25 pertsonen lan onari esker.


Gazta freskoa, gaztanbera, jogurtak… zein izan zen zuen hasiera?
Villa Villera familia-espresa bat da eta gure jatorria esne-ekoizpenean dago, duela 50 urte inguru. Sieso de Huesca bezalako udalerri txiki batean kokatuta, esne kopuru oso txikia sal genezakeen zuzenean; gehiena, industriara. Horregatik, 90eko hamarkadan, esnea eraldatzearen aldeko apustua egin genuen eta gure produktuak saltzen hasi ginen. Berehala, gazta freskoa eta ondua merkaturatu genuen eta geroztik, beste hainbat produktu eta barietate sartu dugu gure eskaintzan: gazta freskoa, gaztanbera (txapelketa ezberdinetan saritua izan dena), jogurtak eta azkenik, gure flan arrakastatsuak.
Zalantzarik gabe, zuen produktuak bereziak dira eta interes handia sortzen dute probatzen dituztenen artean. Zein da sekretua?
Produktuaren izaera, haren forman eta funtsean. Gaztak, jogurtak eta flanak aukeratutako eta oso ondo zaindutako behien esnearekin egiten ditugu. Behi frisiarren talde tipikotik hasita, arraza ezberdinetako behiak biltzen dituen abere-talde anitz batera igaro gara, esne gutxiago baina kalitate bikainekoa ekoizteko. Hori da gure oinarria. Gero, lortutako esnea arretarik handienarekin landu behar dugu eta produktuak, freskoak direnez, kontsumitzaileengana ahalik eta lasterren irits daitezen zaindu behar dugu.
Eta arreta horren gakoa hauxe da:
dedikazio urte asko, xehetasunen zainketa eta artisau-prozesuen erabilera. Hasieratik amaierara gogo handiz lan egiten dugu: gure behien elikaduratik produktuaren banaketara, abereen urteko 365 eguneko zainketa, gaztaren elaborazioa edo gure bezeroekiko harremanak kontuan hartuta. Guk egiten dugu dena, zirkulua ireki eta ixten dugu.



Bezeroekiko harreman horiek, norabide berean jarraitzera animatzen zaituztete?
Bezeroek maiz ematen digute iritzia eta beti izaten da ona: “etxean ez da beste jogurtik sartzen”, “hau da gazta freskoa eta gainerakoak, kontuak”, “noizko litro erdiko flanak?”… Espainian, oro har, kalitate-prezio harremana asko baloratzen dela uste dut. Eta guk kalitaterik onena arrazoizko prezioan eskaintzen saiatzen gara beti.
2016an, Tokiko Produktuaren Eroskiko Azokan, Villa Villeraren gaztanbera-flana Aragoiko urteko produkturik berritzaileena aukeratu zuten. Zein neurritan laguntzen dizue horrelako ekitaldietan parte hartzeak?
Bai, egia esan, geroztik, Gaztanbera-flana gure produktu izarretako bat da, harrera oso ona dauka. Hainbat urtetan zehar gure produktuen dastaketak antolatu izan ditugu supermerkatuetan eta modu horretan, produktuak zabaldu eta kontsumitzaileekin eztabaidatu ahal izan dugu. Baina, horrez gain, EROSKIk beste hornitzaile batzuekin batera antolatutako ekitaldietan parte hartu dugu; adibidez, Pilarreko jaietan. Oso aberasgarria da zuzenean eta berehala kontsumitzaileen iritzia entzutea. EROSKIrekin lan egitea gustatzen zaigu, tokiko produktua eta kalitatea asko zaintzen duzuelako eta hori oso garrantzitsua da guretzat. Gure bezero garrantzitsuenetako bat zarete.
DESIOAK
Gure lankidetzari buruzko desio bat?
Egunez egun hobetzea.
Oro har, tokiko produktuen etorkizunerako desio bat?
Ekoizleetatik hasita, benetakoak izatea eta tokiko produktuen kontua salmenta tresna huts gisa ez erabiltzea. Era berean, kalitatezko tokiko produktuek etorkizuna izatea espero dut, urrunago heltzea. Produktu bat ona bada eta kalitate/prezio harreman ona badu, denbora kontua da ekoizpen-gunetik harago baloratua izatea.