Barazki-arrautzopila, pasta-entsalada eta sasoiko arraina labean dira diru askorik gastatu gabe afari gozo eta osasungarriak prestatzeko proposamenetako batzuk.
Afaria dietaren zati oso garrantzitsua da, otordu horretan indarrak hartzen direlako eguneko jardueraren ondoren. Batzuetan, gaua iristean horren gosetuta gaude, ezen gehiegi jaten dugun, eta, beste batzuetan, jogurt sinple batekin egiten dugu afaria. Hori asko nabaritzen da irailean, eskola, errutina eta gastuak itzultzen direnean. Askotan, erosteko eta kozinatzeko denbora eta dirua falta zaizkigu. Baina afariak ekonomikoak eta prestatzeko errazak ere izan daitezke, eta, horregatik, ondoren bost ideia praktiko ematen dizkizugu, eskolara eta lanera buelta horren nekeza izan ez dadin.
1. Pasta-entsalada, plater bakarra eta oso elikagarria
Plater bakarreko errezeta honi letxuga-orri freskoak, entsaladarako tomatea, arrautza edo kontserbako atun pixka bat gehitu ahal zaizkio, eta menu osatu bilakatzeko beharrezko proteinak erantsiko dizkiote.
Pasta-entsalada kontserbako atun-mendrezkarekin 200 g pasta “al dente” egosiko ditugu (barnealdea pixka bat gogor egon behar da). Horretarako, ur irakin ugaritan bota, gatzarekin, eta zazpi minutuz eduki. Bestalde, letxuga-orri batzuk eta tomatea garbituko eta zatituko ditugu, eta entsalada zerbitzatuko dugun plateretan oinarri gisa jarri. Pasta egosita dagoenean, txorrotan ur hotzarekin freskatu, eta xukatu. Behin pasta hotza eta xukatuta dagoenean, letxuga eta tomatea jarri ditugun ontzietara botako dugu, pixka bat onduta eta oliba-olio birjinarekin igurtzita. Azken unean, kontserbako atun-mendrezka erantsiko dugu, zatitan, eta zerbitzatzeko momentuan maneatuko dugu dena. Olioarekin maneatu daiteke, edo maionesa-koilarakada batzuekin edo harekin egindako saltsaren batekin.
2. Barazki-krema eta arrain freskoa labean, 30 minututan prest!
Proposamen honekin, lehen plater suabea eta labean erraz egiten den bigarren plater bat izango ditugu, eta ekonomikoa ere izango da, sasoiko arraina erabiliko dugulako: txitxarroa, edo, bestela, berdela. Lehen plateraren kasuan (barazki-krema), kantitate handitan egin daiteke, eta behin xehatuta, anoa indibidualetan izoztu, egunero kozinatu behar ez izateko.
Kuia- eta porru-krema fina Tipulina fresko bat zuritu, eta xerra mehetan moztuko dugu. Ondoren, su txikian frijituko dugu, bi koilarakada olio berorekin. Txigortzen hasten denean, porruak erantsiko ditugu (zati zuria), garbi eta xafla mehetan moztuta. Bi baratxuri-ale botako ditugu ere, zurituta eta xerra mehetan moztuta. 30 segundoz sueztituko ditugu, eta, ondoren, 400 g kuia, 200 g azenario eta 200 g patata botako ditugu. Kuia zurituta eta zati irregularretan moztuta egongo da, eta azenarioak eta patatak, berriz, zurituta eta xerratan moztuta.
Barazkiak eta patatak urez estaliko ditugu, gainditu arte doi-doi. Irakiten hasten denean, kazola estali, eta su txikian irakiten utziko dugu 40 minutuz. Kuia, patata eta azenarioa egosita daudenean, kazola sutik atera eta puregailuarekin edo irabiagailuarekin xehatuko dugu, krema suabea eta uniformea lortu arte. Oso lodi geratzen bada, ur beroa bota, gatz-puntuan jarri, eta irakinaldi arina emango diogu zaporeak bateratzeko. Purea kuia-zatiekin eta porru-zerrendekin lagun daiteke. Horretarako, baratxuriarekin eta eta oliba-olioarekin batera zartaginean salteatuko ditugu.
Txitxarroa labean limoiarekin Hasteko, bi txitxarro handi garbitu eta erditik moztuko ditugu (edo arrandegikoei egin dezatela eskatuko diegu), eta, gero, gatz lodi pixka batekin maneatuko ditugu. Hala, trontzoetako batek hezurrak izango ditu eta besteak ez. Umeek ere jango badute, komenigarria da erdiko hezurra kentzea, eta, horrela, bi aldeak garbi egongo dira.
Patata-pare bat eta tipulina bat zuritu, eta xerra mehetan moztuko ditugu. Ortuari horiek laberako erretilu altu batean jarriko ditugu, oinarri gisa, eta horien gainean, arraina, koilaradatxo batzuk oliba-oliorekin. Txitxarroak 20 minutuz laberatuko ditugu, 180 º C-ko tenperaturan. Erre bitartean, olio errea prestatuko dugu, bi baratxuri-ale xerraturekin eta perrexil pixka batekin. Azkenik, koilaradatxo batzuk limoi-zuku botako ditugu txitxarroaren gainetik, eta, ondoren, olio erre guztia, oraindik bero dagoela. Txitxarroak, patata eta tipula gainean zerbitzatuko ditugu, errekiaren zukuekin batera.
3. Ogitarteko erdibegetala eta jogurta
Afari azkarra eta elikagarria nahi badugu, ogitartekoak aukera ona dira, batez ere egunean zehar energia asko gastatu badugu eta ez bagara berehalakoan oheratuko (kontuan izan digestioa luzeagoa izango dela). Menua osatzeko, jogurta jango dugu, eta, horrela, afari azkarra eta elikagarria izango dugu. Saltsa koipetsuak eta gaztak ekidin behar ditugu, eta oilaskoa edo arrautza egosia duten ogitartekoak aukeratu, mantenugai guztiak lortzeko.
Ogitarteko begetal integrala izokin ketuarekin. Oliba-olioa zartaginera bota, eta su handian berotu. Tipula xerratan eta bi baratxuri-ale brunoise eran moztu, eta kontserbako piper-zerrenda batzuekin batera salteatuko ditugu. Gatz-puntuan jarri, eta iragazkitik pasako ditugu, olioa kentzeko. Gerorako gorde. Ondoren, ogia luzetara ireki, eta piperren salteatuaren olioarekin zurrustatxo bat bota. Tomatea xerra mehetan moztuta jarriko dugu ogi gainean. Horren gainean, askotariko letxuga-orriak eta izokin ketu pixka bat jarriko ditugu, eta, amaitzeko, tipularekin, piperrekin eta baratxuriarekin egin dugun salteatua.
4. Prestatutako entsaladilla errusiarraz betetako tomateak
Denboraz larri bagabiltza, prestatutako janaria erabil daiteke, hala nola entsaladilla errusiarra, eta ukitu pertsonalagoa eman, txaka-zatiak edo kontserbako atuna gehituz. Adar-tomate batzuk entsaladillarekin bete, eta sentsazio onarekin lotara joateko plater freskagarria lortuko duzu. Hori bai, ez bota maionesa gehiegi. Horren ordez, entsaladilla errusiarra arintzeko, koilarakada bat jogurt natural eta oliba-olio birjina bota ahal zaizkio.
Adar-tomatea txaka-entsaladillaz beteta. Entsaladilla zuk zeuk egin nahi baduzu, hemen duzu errezeta. Bi patata azalarekin egosi, hozten utzi, zuritu, eta txiki zatitu. Horrez gain, bi azenario, 40 g ilar eta 40 g leka egosi. Azenarioak zurituta eta kubotxotan moztuta egosi, eta lekak, berriz, zerrendatan moztuta. Hori guztia 15 minutuz egosiko dugu kazola batean, uretan eta gatz pixka batekin. Behin guztia egosita dagoenean, freskatu, xukatu, eta gerorako gorde.
Patatak erretilu batean jarriko ditugu, azenario, leka eta ilar egosiekin. Arrautza bat egosi, eta xehatuko dugu. Lau tomate garbitu behar dira, hustu eta mamia txikitu. Ondoren, mamia beste barazkiekin nahastuko dugu. Oliba-olioarekin eta maionesarekin onduko dugu dena. Gero, 20 g hezur gabeko oliba xehatuko ditugu, nahastera botatzeko. Ore horrekin beteko ditugu tomateak, eta hozkailuan mantenduko ditugu zerbitzatu arte. Eguna oso beroa ez bada, ez dira azken unera arte hozkailuan egon behar, eta minutu batzuk lehenago atera daitezke. Apaintzeko, txaka-barratxo batzuk zatituko ditugu gainetik.
5. Barazki-arrautzopilak ganba izoztuekin, eta jogurt- eta fruta-irabiakia.
Arrautzopila afari bikaina da, batez ere barazkiekin eta itsaski-zatiekin egiten bada. Zenbait ganba izoztu eta zuriturekin, itsas ukitu gozoa emango diogu diru gutxi gastatuta. Jarraian, ganba-arrautzopila egiteko bi errezeta ditugu, biak gozo-gozoak: bata ziazerbekin eta bestea baratxuri freskoekin. Eta, aholku hauekin gozotasunez amaitzeko, jogurt- eta fruta-irabiakia proposatzen dizuegu, familia guztiarentzat egokia.
Ziazerba- eta ganba-arrautzopila 250 g ziazerba-orri garbitu, eta ongi txikitutako baratxuri-aleekin batera zartaginean salteatu, lau koilarakada oliba-oliorekin. Behin salteatuta, 100 g ganba zuritu eta desizoztu erantsi. Guztia bi minutuz sueztitu, eta sei arrautza irabiaturekin nahastu. Arrautzopila zartaginean gauzatu, olio ez oso beroarekin, eta tomatez igurtzitako ogi txigortu gainean zerbitzatu.
Arrautzopila baratxuri freskoekin eta ganbekin. Brunoise eran (laukitxo txikiak) moztutako tipulina bat zartaginean sueztitu, bi koilarakada oliba-oliorekin eta era berdinean moztutako baratxuri-ale batekin. Behin txigortu direnean, ganba zurituak eta desizoztuak eta 100 g baratxuri fresko eransten zaizkio, kontserbako ura kenduta eta zatituta. Une batzuez sueztitu, eta gatz-puntuan jarri. Azkenik, sei arrautza irabiatu eta koilarakadatxo bat perrexil erantsi. Arrautzopil handi bakarra edo lau arrautzopil indibidual egin daitezke. Zereal-ogiak txigortu, eta oliba-olioz eta tomatez igurtziko ditugu. Arrautzopilak gainean zerbitzatu.
Jogurtaz eta fruta freskoz egindako irabiakia Udare eta banana bat zuritu, eta xerratan moztuko ditugu. Horrez gain, bi laranja eta limoi bat zukutuko ditugu. Irabiagailuarekin, udarea, banana eta laranja- eta limoi-zukua xehatu. Behin fruta-irabiakia eginda, lau jogurt erantsiko ditugu. Banan-banan botako ditugu, eta nahi dugun testura lortu arte nahastu. Ondoren, azukre-puntua eman. Irabiakiak banakako katiluetan zerbitzatuko ditugu, eta fruitu lehorrekin apaindu, hala nola intxaurrak, hur txigortuak eta mahaspasak.