Datozen hiletan, EROSKIn, Nutri-Score nutrizio-etiketa gehituko dugu gure produktuetan. Etiketa horrek bost mailatan sailkatzen ditu elikagaiak, letra koloredunen bitartez (hasi “A” mailakoetatik, berde ilunez, eta “E” mailakoetara arte, laranja ilunez), kalorien, mantenugaien eta osagaien arabera. Nutri-Score etiketa Europar Batasunak baliozkotu du, eta Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) babesa ere badu.
Gure bezero bazkideek parte hartze bidezko prozesu baten bitartez babestu dute proposamena. Duela zenbait aste jarri genuen prozesu hori abian. Etiketa berria gure elikagai guztietan gehituko da, eta urte honen amaieran iritsiko da gure dendetara.
Prozesuan parte hartu duten 10.000 bezero bazkideetatik, % 85 baino gehiago agertu da ekimen honen alde. Neurri garrantzitsua izango da, eta Espainiako elikadura-sektorearen estandarrak eraldatuko ditu.
Nutrizio-aukera hobea egiteko tresna aproposena
Kontsumitzaileen ustez, Nutri-Score etiketa erabilgarriagoa, argiagoa, osoagoa eta ulergarriagoa da, eta tresna aproposena da nutrizio-aukera hobea egiteko. Bezero bazkideen % 75ek nahiago du etiketa berria aurrez prestatutako janarien ataleko ontzietan agertzea, eta % 73k nahiago du produktu gozoen ontzietan agertzea: adibidez, opiletan, gozokietan, galletetan eta txokolatean. Bestalde, % 63k nahiago du esnekietan agertzea, % 59k hestebete eta gaztetan, eta % 54k zizka-mizka eta gosegarrietan. Bezero bazkideen % 63ren ustez, oso garrantzitsua da EROSKIren markako produktu guztietan egotea nutrizioari buruzko informazioa emateko Nutri-Score eredua, eta % 54ri iruditzen zaio oso garrantzitsua dela beste informazio-euskarri batzuetan ere nutrizio-etiketa berria agertzea.
Elikaduraren zientzietako akademikoek sortu dute Nutri-Score eredua, eta horrez gain Europar Batasunak baliozkotu du, eta duela gutxi Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) onartu du. EROSKIn, osasun, elikadura eta kontsumoko adituek aukeran dauden beste nutrizio-etiketa eredu batzuk aztertu ondoren eta EROSKIko Batzorde Zientifikoaren aholkularitza jaso ondoren aurkeztu genien ekimen hau gure bezeroei.
Nutrizio-etiketa aurreratuan aitzindari
EROSKIn, aitzindari izan ginen kontsumitzaileari nutrizio-etiketa aurreratua eskaintzen, 2007an gehitu baikenuen elikadura-semaforoa gure produktuen ontzian. Aurrerabide handia izan zen bere garaian, eta gaur egun gure markako artikulu guztietan ageri da. Hari esker, kontsumitzaileek begirada batean jakin dezakete zenbat kaloria, azukre, koipe, koipe ase eta gatz ematen dituen produktu baten kontsumo-errazioak, baita eguneroko kontsumoaren ehunekoak ere, kolore berde, hori eta laranjaren bidez, semaforo batek bezala, izenak berak ere aditzera ematen duen moduan.