Etxetik kanpo jatea gehiegikeriekin lotzen da askotan, nahiz eta dieta kontrolpean izateko trikimailuak egon.
Etxetik kanpo jatea, plater desberdinak probatzea eta janaz eta gero mahaiko hizketaldiaz gozatzea gure kulturaren zati da, gauzarik gehienak mahaiaren inguruan egiten baititugu. Eguneko menua lanean, zizka-mizkak hondartzan, pintxoak lagunekin edo familiako bazkaria: horrelako irteerak jendearekin harremanak izateko garrantzitsuak dira. Eskaintza gastronomiko ugaria eta anitza dugu, eta gure kaleei begiratzea nahikoa da, tabernaz eta jatetxez beteta baitaude. Baina arazoak sortzen dira, tentazioari aurre ezin egin eta dietaren kontrola galtzen bada. Gehiago jaten da eta kaloria gehiena duten platerak aukeratzen dira. Hori saihesteko, zortzi aholku daude jarraian: Asteburuan edo oporretan lagunekin irteten garenean, lasaitu egiten gara eta dietan eragina du horrek askotan. Azterketa zenbaiten arabera, aldi hauetan pisuan gora egiteko joera dugu. Atseden egunetan urtean zehar ez daukagunaz (herriko jaiak, esaterako) edo gutxitan daukagunaz gozatu nahi izaten dugu: irten, lagunekin geratu, aperitibo desberdin batzuk hartu, kopa batzuk edo etxetik kanpo jan. Hau da, elikaduraren alderdirik sozialenarekin eta hedonikoenarekin bat egiten dugu. Izan ere, jatea ez da gogo hutsa, plazera ere bada. Dena da erakargarria, berria, deigarria. Hemendik eta handik jaten da. Sukaldariek, osagaiek, aurkezpenak… harritzen gaituzte. Emaitza argi dago: bazkariak eta afariak behar baino handiagoak izaten dira. Etxean baino gehiago jaten dugu. Eta beste modu batera. Honetaz ohartu eta Obesitatea Aztertzeko Espainiar Elkarteak gida praktiko bat argitaratu du, etxetik kanpo jatean pisua zaintzeko. Mar Garrido, Fernando Goñi eta Purificación Martínez de Icaya sendagileek egin dute eta nutrizioko aholku osasungarri batzuk daude, baita ohiko pintxoetako batzuen kaloria kopuruari buruzko adibideak ere. Etxetik kanpo dieta zaintzeko gomendio batzuk daude jarraian, erakunde honen gomendioetan oinarrituta:
1. Egarri izanez gero, ura edan.
Kanpoan jaten dugunean, askotan alkoholdun edariak edo azukredunak hartzen ditugu, baina funtsezkoa da horrelakorik ez egitea egarri garenean. Alde handia dago kopa bat hartzearen eta beroari aurre egiteko freskagarriak, ardoak, kubatak edo garagardoak erabiltzearen artean.
2. Uneaz gozatu lasai.
Lasai jateko denbora hartzea funtsezkoa da. Hobe da elikagaiez gozatzea, {em1}fast food{/em1} batean janaria irenstea baino. Aseta sentitzeko mekanismoak hobeto funtzionatzen du atsedenaldiekin:makal janez gero, gutxiago jaten da eta hobeto sentitzen da. Horregatik da gomendagarria inguru atseginean jatea eta, ahal izanez gero, bakarrik ez jatea. Bakarrik jaten denean, okerrago jaten da.
3. Aniztasunari eman behar zaio lehentasuna, ez kopuruari.
Anoen neurria kontrolatzea oso garrantzitsua da, batez ere mugarik ez dagoen toki batean jaten bada, {em1}buffet{/em1} libre batean, esaterako. Hobe da zapore eta ehundura desberdinak probatzeko anoa txikiak hartzea, platera goraino bete ordez.
4. Aperitiboak?
Bai, baina ongi aukeratuta. Ez da berdina kroketa anoa bat edo hestebeteena hartzea. Aperitibo batzuek besteek baino kaloria gutxiago dituzte (itsaskiak, banderillak edo olio-ozpinak arinagoak dira, patata minak baino, esaterako). Eta antzeko kaloriak dituztenen artean, nutrizio-profil hobeko aukerak daude.
5. Oreka menuan
Nahiz kartan jan nahiz eguneko menua jan, lehenengo eta bigarren plateren artean oreka egoten saiatu behar gara. Lehenengo platerak koipe edo kaloria asko badu, bigarrena arinagoa izatea komeni da (barazkiekin edo plantxan, labean edo lurrunean egindako haragi gihartsua). Dena dela, barazki freskoei, arrozei eta lekaleei lehentasuna eman behar zaie beti.
6. Kontuz gantz aseekin
Funtsezkoa da kontzientziatzea elikagai askok kaloriak izateaz gain gantz aseak dituztela. Frijituek, arrautzaztatuek, saltsa batzuek eta osagarri batzuek gantz “txar” gehiegi izan ditzakete. Dietatik betiko kentzea ez da kontua, ez dugu hori gomendatzen, baina kontsumoa mugatu egin behar da eta ohiko elikaduran sartzea galarazi. Gauza bat da noizik eta behin gustura jatea eta beste bat gantz eta kaloria askoko dieta izatea.
7. Ez iritsi jatetxera gose handiegiarekin
Egunean zehar jan eta ez egon denbora luzez jan gabe, bestela mahaian dagoen dena jateko gogoz iritsiko baikara jatetxera. Jateko gogo handia badugu edo hainbat orduz ez badugu jan, kaloria eta gantz gehieneko elikagaiak aukeratzen ditugu, hau da, energia ugari azkar eskaintzen dutenak. Zentzu honetan, goizerdian edo arratsalde erdian zerbait hartzea (ogi xigortua edo fruta bat) oso egokia da. Hobe da bazkarira edo afarira gose txikiagoarekin iristea, irrikaz eta presaka ez baitugu jango horrela.
8. Kontuz azkenburuarekin
Ongi eta asko jan eta beteta egon arren, azkenburuentzako tokitxo bat beti izaten da. Dena zoragarria eta ederra iruditzen zaigu berriro ere. Zapore eta ehundura berri gehiago (gozoak, kurruskariak, leunak) eta tentazioa mahaira etortzen da berriro. Sasoiko fruta aukeratu behar genuke. Baina zaila da txokolatezko tartari, izozki bati edo marrubi mousseari aurre egitea. Beraz, horrelako azkenburua eskatu behar baduzu, partekatzea da onena: anoa erdia askoz hobea izango da.