Ekilibria

Argaltzeko dietak: zeintzuk jarraitu eta zeintzuk saihestu?

Modan dauden argaltzeko dieta edo metodo batzuk osasunerako arriskutsuak izan daitezke

Gizartean gehien dauden gaixotasun asko bizimoduan aldaketak eginez prebenitu eta kontrola daitezke, hau da, dieta eta jarduera fisikoa aldatuz. Hori da, hain zuzen, hipertentsioaren, diabetesaren, gehiegizko kolesterolaren eta triglizeridoen, minbiziaren eta obesitatearen kasua. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera (OME), 18 urte baino gehiagoko helduen %39k gehiegizko pisua du; %13k, obesitatea. Gabonak igaro ondoren, udan edo gehiegi jaten den garaietan pisua galtzea da gehien errepikatzen den asmoetariko bat. Baina, zeintzuk dira pisua galtzeko estrategia gomendatuak? Artikulu honetan aztertuko da adituek gai honi buruz diotena, zeintzuk diren dietarik eraginkorrenak eta zeintzuk diren saihestu beharrekoak.

Gizentasun-tasak gero eta handiagoak dira herrialde gehienetan, izan ere, elikagaiak errazago eskura daitezke, kaloria-eduki altuko elikagaiak (gantzetan eta azukretan aberatsak) gero eta gehiago jaten dira eta ariketa fisiko gutxiago egiten da. Biztanleria gero eta sedentarioagoa da, lan-jarduera inaktiboaren, garraio-modu berrien eta handitzen ari den urbanizazioaren ondorio.

Horrez gain, gaur egun edertasun-adierazle gisa argal egotea sustatzen duten eredu estetikoak nagusi dira, eta elikadura-ohitura egokiei buruzko kontzientziazio handia egon arren, ez dago behar beste politika eta informazio herritarrek elikadura-ohitura eta bizimodu egokiak lor dezaten. Zer estrategia dira aproposak argaltzeko? Zeinetatik urrundu behar dugu?

 

1. urratsa. Zer diote adituek?

Lehenik eta behin, jarraitu nahi den dieta-mota erabaki aurretik, adituek dieten eta pisu-galeraren inguruan zer dioten jakitea komeni da. Auzoko bati infekzio bakoitzerako zein antibiotiko behar den galdetuko ez geniokeen bezala, kasu hauetan ere ez da edozeingana jo behar; dietetikan eta nutrizioan adituak diren espezialistarenera jo behar da elikadura behar bezala antolatzeko.

Pertsona bakoitzerako zein dieta egoki den erabaki baino lehen, dietista-nutrizionistak elkarrizketa sakona egingo du pertsonaren aurrekari patologikoak, parametro antropometrikoak (pisua, garaiera, gorputz-masaren indizea edo GMI, ohiko pisua, etab.) eta elikadura-ohiturak ezagutzeko. Banakako balorazio hortik abiatuta, tratamendu dietetikoa optimiza daiteke.

Adituek tratamendu dietetikoa kalorien neurrizko murriztapenean oinarritzea gomendatzen dute (ohiko dietan ahoratzen direnenak baino 500-1000 kaloria gutxiago), planteamendu murriztatzaileagoak alde batera utziz (hau da, 1.000-1.200 kcal/egun baino gutxiago emakumeen kasuan eta 1.200-1.600 kcal/egun gizonezkoetan). Halaber, gantzen eta karbono-hidratoen ahoratzea kontrolatu behar dela adierazten dute.

Horrez gain, pisua behar bezala kontrolatzeko, tratamendu dietetikoak egoera hauek saihestu behar ditu:

  • Desnutrizioko edo mantenugai anitzen (adibidez, bitaminen edo mineralen) defiziteko egoerak sortzea.
  • Pazienteen arrisku kardiobaskularra okerragotzea.
  • Elikadura portaeraren asaldurak (anorexia nerbiosoa edo bulimia bezalakoak) jasateko arriskua handitzea.
  • Obesitateari eta bere tratamenduari buruzko kontzeptu okerrak igortzea.
  • Frustrazio-sentimendua sustatzea, eta pertsona gizenean egoera psikologikoan modu negatiboan eragitea.
  • Pisu-galeran “erresistentziako” egoerak eragiten dituzten aldaketak sortzea metabolismo energetikoan, elkarren segidako dietak egiteagatik.

Aldiz, helburu hauek lortu behar lirateke:

  • Gorputzeko gantza murriztea eta ahalik eta masa muskular gehien mantentzea.
  • Luzaroan egiteko modukoa izatea.
  • Eraginkorra izatea epe luzean galdutako pisua mantentzeko.
  • Etorkizunean pisua irabaztea ekiditea.
  • Elikadura-akats eta -ohitura desegokiak baztertzen dituen elikadura-hezkuntza jarraitzea.
  • Gizentasunarekin (hipertentsio arterial, hiperkolesterolemia edo hipertriglizeridemia, diabetesa, etab.) lotutako arrisku-aldagaiak gutxitzea.
  • Gehiegizko pisuarekin (loaren apnea, artrosia, minbiziaren arriskua, etab.) lotutako beste arazo batzuk hobetzea.
  • Hobekuntza psikosomatikoa eragitea autoestimua berreskuratzen den aldi berean.
  • Gaitasun funtzionala eta bizi-kalitatea handitzea.

 

2. urratsa. Zer dieta saihestu behar dira?

  • Dukan dieta. Pierre Dukan frantziarra bere sustatzaile handiena izan da. Komunikabideetan gehien aipatutako eta mundu guztiko jende ospetsuek erabilitako dietetariko bat izan da. Fase anitzetan egituratutako dieta da; pisua galtzen lortzeko, batez ere, abere-jatorriko proteina kontsumitzea (haragia, arraina, arrautzak eta esnekiak) sustatzen du.

Duela urte gutxi batzuk izan zuen gorakadaren ondoren, bere ospea nabarmen jaitsi zen, bere egilea haren herrialdeko Medikuen Elkargotik bota zutenean. Dukan dieta elikadura-arau arbitrarioetan funtsatzen da. Dukan jaunak ezarri zituen arau horiek, inongo oinarri edo zorroztasun zientifikorik gabe. Horrez gain, “mirari-dieta” gisa ezagutzen direnen ezaugarri guztiak betetzen ditu eta osasun-arazo larriak sor ditzake.

  • Atkins dieta. Erregimen dietetiko honen arabera, gantz eta proteina ugariko elikagaiak lehenetsi behar dira eta pasta, ogia, arroza, lekak eta abar bezalako karbohidrato ugaridun elikagaien ahoratzea murriztu.

Ez da existitzen dieta mota honekin lotutako albo-ondorio posibleak aztertzeko moduko epe luzerako lanik. Nolanahi ere, ez dago dieta hori gomendatzen duen sozietate zientifikorik, dieta jarraitzen duen pertsonarengan arrisku kardiobaskularra handitu, idorreria eta zetogenesia sortu ahal izatez gain, dieta orekatuaren kontzeptu okerrak bultzatzen ditu.

  • Pinaburuaren, orburuaren edo astigar-jarabearen dieta (elikagai batean oinarritutako dietak). Dieta guztiz desorekatu hauetan osasun-egoera hobeezinerako behar den mantenugai-ekarpena arriskuan jartzen da.  Proteina, zuntz, bitamina eta mineral urriko dietak dira, eta bere ondorio fisikoak oso larriak izan daitezke luzaroan jarraitzen badira (egun gutxi batzuetan erabiltzeko sustatzen direnez, lotutako elikadura-arriskuak txikiagotu egiten dira).

Dieta hauek ez dute bizimoduan aldaketak sustatzen, beraz, lortutako aldaketa haztatuak, gantz-masaren galerarako mesedegarri ez izateaz gain, ura eta masa muskularra galtzen baitira batez ere, berreskuratze haztatu azkarra sorrarazi ohi dute dieta bertan behera uztean (“yo-yo efektu” ezaguna).

  • Dieta arazgarriak. Organismoa desintoxikatu edo “arazteko” kontzeptu faltsuaren pean, dieta-mota honek elikagai-ahoratzea murriztea sustatzen du eta, horren ordez, desintoxikazio-kontzeptu honetan laguntzeko gaitasuna omen duten sustantziak hartzea. “Desintoxikatzeko eragile” erabiliaren arabera, dieta mota hauek osasunerako arrisku larria izan daitezke. Baina, horrez gain, ez dago oinarri zientifikorik gorputzak elikadura-desintoxikazio bat behar duela pentsatzeko. Osasun-egoera hobeezina bultzatu nahi bada, komenigarriago izango litzateke gantz eta azukre ugariko alimentuetatik “desintoxikatzea”, eta ez aldi baterako bakarrik, baizik eta luzarorako, organismorako kaltegarriak baitira.

 

3. urratsa. Orduan, zer dieta egin?

Ez eduki zalantzarik: jar zaitez dietista-nutrizionista baten esku edozein terapia dietetikori ekin baino lehen. Gogora ezazu dieta orekatu batek, galera haztatu bultzatu eta osasun-egoera hobeezina bermatuko duenak, oinarri izan behar dituela, medikuntza- eta nutrizio-sozietate guztien arabera, barazkien, osoko zerealen eta landa-jatorriko elikagaien kontsumoa. Espezialista batek banakako balorazio sakona egin behar du kasu bakoitzerako terapia dietetiko egokiena hautatzeko, beti ere, segurtasun eta oinarri zientifikoko kontzeptuen pean.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
38535