Arrisku kardiobaskularraren ohiko faktoreak arrastoan sartuta mantenduko balira, hala nola gizentasuna, tabakismoa edo kolesterola, bihotzeko ia hamar infartu prebenituko lirateke.
Infartuen % 80 saihestu egingo lirateke arrisku kardiobaskularraren ohiko faktoreak eta azken urteetan deskribatu diren beste batzuk behar bezala kontrolatuko balira. Horrela ohartarazi dute, Arrisku Kardiobaskularra Prebenitzeko Europako Eguna dela bide, erakunde zientifiko desberdinek, Espainiako Kardiologia Elkarteak eta Espainiako Bihotzaren Fundazioak besteak beste. Jarraian xehatzen ditugu arrisku kardiobaskularraren ohiko faktoreak, kontrolatu beharrekoak, eta ingurumenaren kutsadurak eta kaltzio-osagarriek bihotzaren osasunean zer eragin duten azalduko dugu.
Gaixotasun kardiobaskularrak: heriotzaren lehenengo kausa
Gaixotasun kardiobaskularrak dira heriotzaren lehenengo kausa Espainian eta Europan. Dena dela, martxoaren 14ko Arrisku Kardiobaskularra Prebenitzeko Europako Eguna bezalako jardunaldietan igortzen diren prebentziozko mezuek eragina dute, jatorri kardiobaskularreko heriotzak arinki jaitsi direlako.
Hala, Espainian, 2010eko heriotzen % 31,2 zirkulazio-sistemaren ondoriozkoak izan baziren, 2011n arinki jaitsi ziren % 30,5 izateraino, Estatistikaren Institutu Nazionalak emandako azkeneko datuen arabera. Heriotzaren bigarren kausa minbizia da (% 28,2) , eta hirugarrena, arnas gaixotasunak ( % 10,9). Sexuen arabera, heriotza kardiobaskularrak eragin handiagoa du emakumeengan gizonezkoengan baino. 2011n, 100.000 emakumetatik 275,1 hil ziren arazo kardiobaskularrengatik; aldiz, urte horretan bertan, 100.000 gizonetatik 237,3 hil ziren kausa horrengatik. Bi tasak murriztu egin ziren 2010. urtearekin alderatuta, EINren arabera.
Gure herrialdean min kardiobaskularren ondoriozko heriotzak pixkanaka murrizten joan badira, neurri batean sozietate zientifikoek -Espainiako Kardiologia Elkarteak eta Bihotzaren Espainiako Fundazioak, besteak beste–etengabe egin duten prebentzio-lanarengatik izan da.
Bizitza-ohitura osasungarriak. Prebentzio kardiobaskularrerako gakoak.
Espainiako Kardiologia Elkarteak arreta berezia eman nahi dio aspektu bati, hots, bizitza-ohiturak aldatzea garrantzitsua dela arrisku kardiobaskularra prebenitzeko. Osasun kardiobaskularrahobetzeko bi modu daude: batetik, teknikak, tratamenduak pilulak eta irudi-probak daude; eta, bestetik, dieta hobetu, ariketa egin, erretzeko ohitura gutxitu, pisua galdu edo alkoholaren kontsumoa moderatzearekin nahikoa da. “Bigarren aukera hori merkeagoa da. Igorri nahi den mezua da neurri xume batzuk hartuta gehiago egin daitekeela” azpimarratu du Enrique Galve Bartzelonako Vall d’Hebron ospitaleko kardiologoak.
Arrisku kardiobaskularraren ohiko faktoreak
Balioetsi da hamar infartuetatik zortzik arrisku kardiobaskularraren ohiko faktoreak dituztela, eta horiek prebenitzeko eta aldatzeko aukera handia dagoela bizitza-estilo osasungarri bat jarraituz gero. Horrek esan nahi du infartuen % 80 prebeni daitezkeela arrisku kardiobaskularraren faktoreak zuzentzen badira, hala nola gizentasuna, sedentarismoa, tabakismoa, hipertentsioa, diabetesa edo odolean lipido maila altuak edukitzea.
Kontrolak barne hartzen du dieta osasungarria eta kardio-osasungarria jarraitzea pisu normala mantentzeko (18,5 eta 24,9 arteko gorputz-masa indizeari dagokiona); odolean lipido-maila altuak ekiditea LDL kolesterola esaterako (200 mg/dl-tik beherakoa izan behar da), eta diabetesa eta sindrome metabolikoa prebenitzea, gehiegizko pisuari eta sedentarismoari oso lotuta dauden bi baldintza fisiko diren aldetik.
Gizentasunaren barruan, erdialdekoa edo abdominala (sagar formako gorputza) arriskutsuagoa da organismorako udare formako gizentasuna baino. Hori kontrolatzeko, ezinbestekoa da gerriko perimetroa neurtzea. Gizonen perimetroak ez ditu 102 zentimetro gainditu behar, eta, emakumeenak, aldiz, 88. Aurre egiten gehiago kostatzen diren arrisku-faktoreak pisua eta gizentasuna dira; Espainian goraka doaz, eta haurtzaroan ikus daitezke dagoeneko. Espainian, haurren % 9ak gizentasuna du, eta % 33ak gehiegizko pisua, elikadura motan kultur aldaketa bat eman delako: txikiek ohiko dieta mediterraneoa alde batera utzi eta hein handi batean elikadura-industriak ultraprozesatutako produktuetan oinarritzen den eta nagusiki nutrizio-kalitate txikiko azukreak eta koipeak dituen dieta batera pasa dira. Horrek esan nahi du etorkizuneko helduek gehiago jasango dituztela diabetesa bezalako gaixotasunak, modu esponentzialean hazten ari dena. Horregatik, edari azukretuei zerga berezi bat jartzea planteatzen ari dira, tabakoarekin egin den bezala, kontsumitzaileari haiek kontsumitzeko asmoa kendu eta elikadura-industriak produktuen nutrizio-kalitatea hobetzeko helburuarekin haiek berriz formula ditzan sustatze aldera.
Dietarekin batera ariketa fisikoa maiz egiteak pisu normala mantentzen, bihotza zaintzen, odol-zirkulazioa hobetzen eta presio arteriala kontrolatzen laguntzen du (ez ditu 40 mmHg gainditu behar maximorako edo sistolikorako, ezta 90mmHg minimorako edo diastolikorako ere).
Halaber, tabakoa uztea funtsezkoa da arteriak gogortu ez daitezen (arteriosklerosia) eta odol-fluxutik mugitu eta bihotz- edo garun-infartua eragin dezaketen odolbilduak ez eratzeko.
Kutsadura eta kaltzioa: arrisku kardiobaskularraren faktore berriak.
Azken urteotan bihotz- eta zirkulazio-osasunerako arriskutsuak diren beste faktore batzuk garrantzia hartzen joan dira, ingurumeneko kutsadurak esaterako. “Badira dagoeneko ibilgailuen trafikotik datozen kutsatzaileak eta kutsatzaile industrialak arriskutsuagoak direla dioten azterketak”. Dena dela, alderdi horietan aurrera egin behar da; izan ere, eremu kutsatuetako hiri-biztanleria horiek lotura daukate gainontzeko ohitura ez-osasungarriekin (bizitza sedentarioa, elikadura ezegokia, etab.) Horregatik, arrisku bakoitza bere aldetik aztertu behar da, eta ikerkuntza zorrotzak egin behar dira” azpimarratu du Enrique Galve kardiologoak.
Egiaztatu da ere kaltzio-osagarrien gehiegizko kontsumoak, bereziki emakumeei menopausiaren ostean osteoporosiari aurre egiteko gomendatzen zaizkienak, arrisku kardiakoa areago dezaketela emakumezkoen artean. “Ez da egiaztatu osteoporosia gutxitzen dutenik. Eta, bien bitartean, kaltzioak odol-fluxuaren norabidean zirkulatzen du, hodi edo arterietan gordetzen da, eta horrek hodien gogortzea (arteriosklesoria) eta arteriak barrualdetik itxi ditzaketen odolbilduen osaera eragiten ditu. Horrela arrisku kardiobaskularra areagotzen da” ohartarazi du Galvek.