Ekilibria

Barazkiak hozkailuan gordetzeko 7 trikimailu

Barazki guztiek ez dute hotza ongi jasaten, beraz funtsezkoa da jakitea zein ezin den hozkailuan sartu eta sartu daitezkeenak nola hoztu ere jakin behar da

Etxean barazkiak -eta frutak- kontserbatzeko, ezin da beti metodo bera erabili, kasu guztietarako ez baitu balioko. Batzuek hotza ongi jasaten dute eta behar dute, aldiz, beste batzuek ez, tenperatura baxuak beren kalterako izan baitaitezke. Bada oinarrizko arau bat ere, hau da, hozkailuan sartu daitezkeen barazkiak horretarako tiraderetan jarri behar dira, tiradera horietako tenperatura etxetresna-elektrikoaren gainerako tokietakoa baino handiagoa baita. Artikulu honetan azaltzen da zein barazki komeni den hozkailuan sartzea, zein ez, zeinek jasaten duen, zeinek behar duen hotza eta hotza behar izanez gero, nola jarri hotzetan. Baita barazkiak hotzetan gordetzeak zer arrisku izan ditzakeen ere.

Hozkailuak dira elikagaiak gordetzeko metodorik nagusienetakoak eta elikagai arloko segurtasunari asko laguntzen die, hotzak bakterioen hazkundea mantsotu egiten baitu. Bakterioek aldeko baldintzak badituzte (elikagaiak, hezetasuna eta tenperatura) azkar hasten dira, batez ere 5 ºC eta 65 ºC artean. Beraz, hozkailuan elikagai asko babestuago egoten dira, esaterako, barazkiak. Dena dela, hozkailua ongi erabiltzen jakin behar da. Adibidez, jakin beharra dago elektrotresna hauek diseinatuta daudela elikagai mota bakoitzarentzat biltegiratzerik egokiena izateko. Ondorioz, hozkailuko gune bakoitzak elikagai mota bakoitzarentzako inguru egokia eskaintzen du. Frutek eta barazkiek toki jakina dute, tiraderak, mota honetako produktuak hobeto gordetzeko beharrezko baldintzak baitaude.

Barazkiak hozkailuan, hobeto hozteko trikimailuak

Oso gogoan izan behar da ez direla hozkailuan sartu behar patatak, tipula edo berakatza, hotzak kalte egiten baitie. Zitrikoak, tomateak (zaporea kentzen die), bananak, ahuakateak, kiwiak, sagarrak edo udareak sartzea ere ez da komeni. Kasu honetan segurtasunean kalterik egiten ez den arren, kalitatea aldatu egiten da. Elikagai hauek hozkailuan sartzekotan, hobe da ongi heldutakoan sartzea.

Barazki batzuk, ordea, hozkailuan sartu daitezke, esaterako, errefaua, arbia, letxuga, brokolia, lekak edo ziazerbak, baina aholku hauei jaramon egitea komeni da.

  • 1. Dagokien tokian jarri. Fruta eta barazki freskoak kaltetu egin daitezke tenperatura oso baxuetan, horregatik gorde behar dira hozkailuko tiraderetan, 10ºC-ra iritsi baitaiteke.
  • 2. Garbitu. Barazkia hozkailuan sartu aurretik, ongi garbitu behar da ur askorekin, zikin guztiak kentzeko; jan ezin diren zatiak ere kendu egin behar dira. Osorik garbituz gero, txikitzerakoan mikroorganismoak eta beste kutsatzaile batzuk ez dira barrura pasako.
  • 3. Ebakiak, zauriak edo gehiegi heldutako zatiak kendu egin behar dira, hondatu egin baitaitezke.
  • 4. Hostoa duten barazki batzuk, hala nola, letxugak, ziazerbak edo zerbak, saltzerakoan zeuden ontzietan mantendu daitezke kontsumitu arte. Orburuak, apioa, alberjinia, endibiak, ilar freskoak, lekak, azenarioak edo Bruselaza ere datozen ontzi zulodunean mantendu daitezke. Ontziak zulatu gabe badaude, lizuna agertzen ote den eta ura pilatu ote den begiratu beharko da.
  • 5. Ontzietan ez datozen produktuen kasuan, hostoak, zurtoinak eta zimeldutako zatiak kendu beharko zaizkie. Fruta eta barazki batzuk ontzirik, zorrorik edo itxitako beste ezer gabe gorde daitezke, baina zulodun zorroetan sartzea eta ontzi hermetikoak saihestea gomendatzen da.
  • 6. Frutak eta barazkiak osorik (azalarekin) gordetzea hobe da, izan ere, txikituz gero elikagai ugari galtzen dute oso azkar.
  • 7. Hozkailuko tiraderak oso lagungarriak dira barazkiak babesteko eta hobeto kontserbatzeko behar duten hezetasuna mantentzeko.

Baldintza onetan mantentzen dira bi eta zazpi egun artean, elikagaiaren arabera. Hosto berdeko barazkiek eta marrubiek 2-3 egunez ongi iraungo dute.

Landare jatorriko produktu gordinekin zerikusia duten arriskuak

Barazkiak eta frutak oro har gordinik jaten dira, eta hori arrisku faktorea da, izan ere mikroorganismoen kutsadura saihesteko tratamendurik ez dute jasotzen. Infekzioak egon daitezke ongarriak erabiltzeagatik (animalien gorotz kutsatua izan dezakete), ureztatzeko uragatik (mikroorganismoak eraman ditzakete landareengana) edo pestizidengatik (izurriteak tratatzeko erabilitakoak).

Hori dela eta, oso garrantzitsua da higiene eta manipulazio neurri zorrotzak erabiltzea, kontserbatzeko neurriez gain. Mikroorganismo patogenoak eratzea eta ugaritzea saihesten edo atzeratzen da horrelako neurriekin.

Barazkiak eta frutak kutsatzeko arriskua txikiagotu dadin erosteko unean bertan hasi behar da neurriak hartzen, baldintza egokietan, usain txarrik gabe edo kaltetu gabe daudenak erosi behar baitira (apurtutako ontziak edo kolpatutako aleak saihestu behar dira). Gainera, gehienez ere bi eguneko epean kontsumitu behar ez badira, hobe da ez erostea, iraungi egin baitaitezke.

Gehienetan gordinik jaten diren elikagai hauen segurtasunak ardatz nagusi bat du: garbitzea. Balizko lur arrastoak, fitosanitarioak, ongarriak, bakterioak, birusak eta intsektuak kentzea da xedea. Baina ez dira garbituko kontsumitu behar ditugun arte.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
43395