Dietista-nutrizionistek nabarmentzen dutenez, behi-esneak eta gainerako esnekiek txikienentzako propietate onuragarriak dauzkate, modu sinple (naturalak, azukrerik gabe) eta osoan kontsumitzen direnean.
Hainbat hamarkadetan zehar esnea produkturik baloratuenetako bat izan zen haurren elikaduran. Azken urteetan, ordea, bere kontsumoaren kontrako ahots asko agertu dira, eragiten dituen ustezko arrisku eta arazoak seinalatuz. Artikulu honek behi-esneak adingabeengan izan dezakeen eraginaren inguruan dihardu, bere onurak zeintzuk diren, garapenaren etapa ezberdinetarako zer-nolako kantitateak gomendatzen diren eta behi-esnea hartzea arrisku edo gaixotasun ezberdinekin lotu al den ala ez zehaztuz.
Behi-esnea eta haurrak
Behi-esnea oso onuragarria da haurrentzako. Bizitzaren lehenengo 12 hilabeteetan kontraindikatuta dago, baina, urte bat betetzen dutenetik txikiek inolako arazorik gabe har dezakete behi-esnea, bere nutrienteak baliatuz, Espainiako Pediatria Elkartearen (AEP sigla dauka gaztelaniaz) Amagandiko Edoskitze Batzordeak adierazten duenez.
AEP, Osasunaren Mundu Erakundea (MOE) eta beste erakunde batzuek amagandiko edoskitzea haurtxoa elikatzeko modu bakarra izatea gomendatzen dute bere bizitzaren lehenengo sei hilabeteetan, eta, gero, 2 urteak arte luzatzea. Bigarren seihilekoan zehar, haurtxoek oraindik ez dute behi-esnerik hartu behar. Hala ere, 8 hilabetetik gorakoek esne-deribatuak eta behi-esnearen proteinak dauzkaten produktuak hartzen hasi ahal dira.
Dietista-nutrizionistek behi-esnea ematea gomendatzen dute, enpresek etapa horretarako merkaturatzen dituzten hazkunde formula delakoen (junior edo tipo 3) aurretik. Izan ere, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentziak (EFSA sigla du ingelesez) 2013an argitaraturiko txostenean nabarmendu zuenez, prestakin horiek ez diete eskaintzen haurrei elikadura osasuntsu eta natural baten bitartez eskura ezin dezaketen nutrienterik. Aldiz, kaltegarriak izan lirateke, kantitate handiegia hartuz gero, osagairen bat beharrezko kontrolik gabe sartzen bada.
Zeintzuk dira behi-esnearen onurak haurrentzat?
Esnea funtsezko kaltzio-iturria da, hau da, giza gorputzeko mineralik oparoena, hezurrak eta haginak garatzeko ezinbestekoa. Eta ez hori bakarrik. “Esnea eta esnekiak kontsumitzea dietaren kalitate orokorra hobetzen du, batez ere kaltzioa, potasioa, magnesioa, zink, A eta D bitaminak, erriboflabina eta folatoari dagokionez”, azaltzen dute artikulu batean José Manuel Moreno Villares eta María José Galiano Segoviak, Madrileko “12 de Octubre” Ospitalea eta “Montessori” Osasun Zentroko pediatrak.
Hori dela eta, aditu hauek adierazten dute esnea eta gainerako esnekiak “elikagai-talde osatu eta orekatua” osatzen dutela, “bere proteinek (kaseina eta serumaren proteinak) balio biologiko handia baitute, karbohidratoak (laktosa), koipeak eta bitamina liposolbagarriak emanez”.
AEP Elkarteak zehazten duenez, ordea, behi-esnea eta bere deribatuak ez dira kaltzio-iturri bakarra. Arraina, arrautza gorringoak, lekak bezalako barazkiak, lekaleak, zerealak, haziak eta fruitu lehorrek ere ekarpen nabarmenak egin ditzakete zentsu horretan. Baina elikagai horietako gutxik gainditzen dute esnekien ekarpena, azken hauek “nutriente eduki handia” eskaintzen dutelako “kaloria edukiarekin alderatuz”, Moreno Villares eta Galiano Segoviak aitortzen dutenez.
Behi-esnearen epe luzerako onurei dagokionez, aditu hauek azpimarratzen dute “osteoporosi arriskua murrizten dutela, hazkundean zehar hezur-masa handitzen dutelako, adinarekin hezur galera murriztuz eta osteoporosi-hausturak prebenituz”. Eta, beste alde batetik, badirudi produktu hauek, modu egokian hartuz gero, “arteria-hipertentsioaren garapenaren aurreko babes-efektua” egiten dutela.
Zenbat behi-esne har dezakete haurrek?
Moreno Villares eta Galiano Segoviak euren testuan azaltzen dutenez, Ospitale-kanpoko eta Lehen Mailako Arretako Pediatriako Espainiako Elkarteak (SEPEAP du sigla gaztelaniaz) argitaratutakoa, lehen haurtzaroan bi esne eta esneki errazio gomendatzen dira egunero eskola adineko umeentzako; eta hiru edo lau nerabeentzako. Zenbat da eguneroko errazio bat? 200 edo 250 mililitro (ml) esne, edo 125 ml jogurt edo 40 eta 50 gramo arteko gazta ondu zati baten baliokidea da.
Bestalde, Estatu Batuetako Medikuntzako Liburutegi Nazionalak jakinarazi duenez, bizitzaren lehenengo bi urteetarako gomendatzen den behi-esnea osoa da, bere koipeak burmuina garatzen laguntzen duelako; izan ere, txikienek, proportzionalki, helduek baino energia gehiago behar dute eta, koipe hori kentzen badugu, D bitamina bezalako bitamina liposolbagarriak ezabatuko genituzke, kaltzioa modu egokian bereganatzeko beharrezkoa.
Behi-esnea kontsumitzeak, badu nolabaiteko arriskurik?
Azken urteetan, “guztiz ezagunak ez diren arrazoiak direla eta behi-esneari ospea kentzeko kanpaina bizi izan dugu, osasunarentzat kaltegarria zela esanez” diote Moreno Villares eta Galliano Segovia pediatrek. Ustezko kalte horiek esnearen proteinak edo laktosarekiko jasanezintasunetik asma, autismoaren espektroko nahasmenduak, gaixotasun kardiobaskularrak eta kantzerra hartzeko arrisku handiago batera doaz. Probatuta dago intolerantzia hauek hartzeko arriskua existitzen dela, baina adituen ustez “probabilitate txikia” dago esne kontsumoa eta beste arazo eta gaixotasunen arteko loturak aurkitzeko.
Laktosarekiko jasanezintasunari dagokionez, hainbat gomendio daude arazoa prebenitzen laguntzeko, Europako Gastroenterologia, Hepatologia eta Nutrizio Pediatrikorako Elkartea (ESPGHAN), Alergia eta Immunologia Klinikoaren Europako Akademiaren Pediatria Atalak (EAACI) eta beste erakundeek adierazi duten bezala. Hauek dira garrantzitsuenak:
- Posiblea den heinean, amagandiko edoskitzea izatea haurtxoaren elikadura bakarra bere bizitzaren lehen seihilekoan eta gutxienez urte bat bete arte luzatzea.
- Amaren dietan esnekiak sartzea haurdun dagoen bitartean eta edoskitze garaian, eta baita produktu alergenoak ere (arraina, arrautzak, etab.), eta dieta osasuntsu eta orekatua hartzen saiatzea.
- Amagandiko edoskitzerako osagarriren bat behar izatekotan, behi-esneko formula egokituak hartzea, familiako aurrekariek behi-esnearen proteinekiko alergia arrisku handia erakusten ez badute.