Berdela 200 edo 300 metrotara aurki daiteke Hego Pazifikoko eta Atlantikoko uretan, baita Itsaso Beltzean eta Mediterraneoan ere. Kostatik urrun bizi da udazkeneko eta neguko hilabeteetan eta, uda hastean, kostaldera hurbiltzen da ugaltzera.
Elikadura propietateak
Berdela arrain urdina da, hau da, arrain koipetsua. Zehazki, 100 gramoko anoa jangarriak ia 7 gramo koipe du. Koipe asegabe honek omega 3 koipe azido asko du, odoleko kolesterola eta triglizeridoak gutxitzen dituena, eta horregatik deritzo kardiosasungarri. Balio biologiko handiko proteina-iturri ona da (kalitate handikoa) eta bitamina eta mineral asko ditu. B taldeko bitaminen artean B1, B2 eta B3 bitaminak nabarmentzen dira, nahiz eta bitamina horiek ez diren asko nutriente hori kopuru handian duten beste elikagai batzuekin alderatuz gero (osoko zerealak, lekariak, garagar-legamia, gibela eta, oro har, haragiak), baina egia da ere populazioak ez duela bitamina horren defizitik. Baina interesgarria da duen D bitamina kopurua, eta populazioak badu horren defizita, bitamina lipodisolbagarria izanik elikagai koipetsuetan soilik aurkitzen baita. D bitaminak kaltzioa xurgatzea eta hezurrean finkatzea ahalbidetzen du eta, gainera, odoleko kaltzio-maila erregulatzen du.
Arrain urdin oro gisa, berdelak edo txitxarroak purina kopuru handia du, gorputzean azido uriko bihurtuz, eta beraz, tamainan jan behar da hiperurizemia edo gota izanez gero.
Txikienen dietan gehitzeko iradokizunak
Berdelak haragi zaporetsua du koipe asko duelako, eta normalean haurrek gustura jaten dute. Alabaina, zapore biziak eta hezurrak kontuan hartu beharreko faktoreak dira arrain hori ez baztertzeko edo sustoren bat ez izateko. Hori dela-eta, haurrentzako berdela prestatu behar bada, hobe da irekita prestatzea, erdiko hezurra kentzeko, eta berdelaren bi zatiak hezurrik gabe geratuko dira horrela. Beste aukera bat solomoetan prestatzea da.
Beste elikagai batzuekin ere nahas daiteke, apurtuta eta hezurrak ongi kenduta, eta horrela zaporea apalduko da. Arrain-zopa egin daiteke edo kontserbako berdela gehi daiteke entsaladan, pasta-plater batean edo arrozean. Beste iradokizun bat berdel-pastela, berdel-bolak edo berdel-enpanadatxoak egitea da, gazta- edo tomate-saltsa batez edo saltsa berdez lagunduta, horrela emaitza on bat lortuko da eta plater erakargarri eta osasuntsua.