Ekilibria

Bihi osoko elikagaiak haurrentzat eta nerabeentzat

Gehiago kontsumitzeko, maiz jaten duten tokietan erabiltzen hasi behar dira: adibidez, eskolan edo etxean bertan.

Bihi osoko elikagai gehiago kontsumituz gero, gaixotasun kronikoak prebenitzen eta pisua egonkortzen laguntzen da, asetasuna eta jateko gogoa kontrolatzen direlako, hein batean. Espainian, Kontsumoaren, Elikagaien Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN), Elikadura osasungarriaren piramide-grafikoaren irudiaren bidez, bihi osoko elikagaiak lehenesten ditu haurren artean; hala ere, haurren eta nerabeen kontsumo-ohiturek ez dute islatzen aholku hori.

Hobetzeko asko

Kontsumoari eta dieta-ohiturei buruz egin den inkesta handienaren emaitzek (“Espainiako gazteen elikadura-ohiturak. Enkid ikerketa (1998-2000)”) agerira ekarri dute 4 eta 24 urte arteko espainiar haur eta gazteen artetik erdiek baino gutxiagok dutela elikadura-maila ona. Laginaren gainerakoan gabeziak edo elikadura-ohitura desegokiak agertzen dira. Datu esanguratsuenen artean, nabarmendu behar da haurren eta gazteen laurden batek soilik kontsumitzen dituela fruta edo zukuak eta % 80k gomendatutakoa baino koipe gehiago kontsumitzen duela. Opil eta zizka-mizka industrialak, janari lasterra, frijituak eta antzekoak atsegin dituzte.

Gainera, oraindik haur eta gazte askok, baita helduek ere, elikagai finduen aldeko hautua egiten dute. Bihi osoko bertsioak kontsumitzea ez da oso ohikoa izaten. Elikadura-ohitura osasungarriak bultzatzeko populazio-talde egokiak dira nerabeak eta gazteak, eta hori azpimarratu behar zaie, oro har elikaduraz, itxura fisikoaz eta buru- eta gorputz-ongizateaz duten arduragatik.

Ameriketako Estatu Batuetako nerabe-lagin batean egindako ikerketa batean egiaztatu zen eskola-jangeletako menuen % 5ek soilik eskaintzen zutela bihi osoko ogia jateko aukera. Ogi mota hori ikertu zen, egunero kontsumitzen den elikagai bat delako. EROSKI CONSUMERek egindako eskola-menuen azken azterketan antzeko zerbait gertatzen zen: aztertu ziren 211 menuen artean, hiru eskoletako asteko menuetan soilik aukera zitekeen bihi osoko ogia. Askoz ere bakanagoa zen bihi osoko arroz- eta pasta-plateren eskaintza haur-menuetan.

Otsailean “Journal of American Dietetic Association” (JADA) aldizkarian argitaratutako Amerikako ikerketan, nerabe eta heldu-gazteen artean elikagai horiek zer-nolako maiztasunez kontsumitzen ziren jakiteaz gain, populazioaren sektore horren bihi osoko aleen kontsumoa handitzera bultzatzen duten gizarte- eta ingurumen-faktoreak, faktore pertsonalak eta portaera-faktoreak identifikatzen saiatu ziren. Familian edo lagunekin bihi osoko elikagaiak jateko ohiturari buruz, etxean bihi osoko ogirik ba ote zen edo ohiturak aldatu eta egunean gutxienez hiru bihi osoko anoa (ogia, galletak eta gosaltzeko zerealak) jango ote zituen ziur al zegoen bezalako galderak zituen galdetegiak. Bihi osoko ogiaren (eta bihi osoen) gustua ere ebaluatu zen “ez nago batere ados” eta “oso ados nago” artean ebaluatzen ziren lau erantzunekin, baita osasunarekin lotuta bihi osoko elikagaien inguruan dagoen ikuspuntua ere.

Ikerketaren emaitzek iradokitzen dutenez, bihi osoko produktu gehiago dituen elikadura bat lortzeko, haurrek eta gazteek jan ohi duten tokietan, eskoletan, etxeetan edo jatetxeetan, produktu horiek izan beharko lituzkete. Egiaztatu denez, jatetxeetan, ostalaritzako establezimenduetan edota etxean, ez dago bihi osoko produktuak prestatzeko ohiturarik, finduak baizik, eta horixe da tratatu beharreko lehenengo hutsunea.

Bihi osokorako ibilbide progresiboa

Osagai solidoak jaten hasten ari den haur txikia harbera da zaporeekiko, usainekiko eta testurekiko. Beraz, une egokia da hasieratik bihi osoko elikagaiak eskaintzeko: adibidez, ogia (moldeko ogiarekin has daiteke) eta bihi osoko arroza. Helburua ohiturak hobetzea bada, bihi osorako aldaketak progresiboa izan behar du, denboran irauteko. Izan ere, beste zapore batzuetara ohituta badago, haurrak berehala nabarituko du aldea, eta hori uko egiteko arrazoi bat izan daiteke.

Aldaketak txikiak izan behar dira baina etengabeak haurra pixkanaka elikadura osasungarriago batera ohitu dadin.

  • Gosarietan. Hasteko, bihi osoko irina erabil dezakegu gozoak eta oreak egiteko, adibidez, bizkotxoa. Beste aukera bat irin findua eta bihi osokoa nahastea izan daiteke, erdi eta erdi. Nahasketa horrek etxean beste produktu batzuk eskuz egiteko balioko digu, adibidez galletak edo magdalenak. Txikienek zapore gozoa atsegin badute, nahien duten gosari energetikoa bihur daiteke bihi osoko arrozesnez eta kanelaz egindakoa. Eguneko lehen otordu horretan, azukre gehien duten zerealak osoago diren beste batzuengatik ordezka ditzakegu, muesli-estilokoak, bihi osoko arroz-puztua edo olo-aleak dituztenak. Hasieran, zereal berri horien koilarakada bat nahas dezakegu, eta ondoren pixkanaka kopurua handitu.
  • Hamaiketakoak eta askariak. Bihi osoko moldeko ogia edo bihi osoko ogi arrunta aukera egokia da txikienen sandwichak edo ogitartekoak prestatzeko. EROSKI CONSUMERek 2009ko azaroan egindako azken konparazio-azterketaren arabera, bihi osoko moldeko ogiak zuriak baino osasungarriagoak dira. Zuntz kopuru bikoitza dute, eta koipe ase gutxiago eta kaloria gutxiago dituzte.
  • Bazkariak eta afariak. Bihi osoko zerealak (arroza, artatxikia) eta horien produktu eratorriak, adibidez, pastak (espagetiak, makarroiak edo kuskusa, besteak beste), bihi osoko ogia eta pizza-oreak, dietako parte izatera pasatuko dira pixkanaka, haurra halakoen zaporera eta testurara ohitu dadin, zuntz gehiegi kontsumitzearen alde txarrak pairatu gabe. Edozein pasta- edo arroz-errezeta elikagai horien bihi osoko bertsioekin egin daiteke. Alde txar bakarra, egiteko denbora gehiago behar dutela.

AECOSANek, “Una alimentación sana para todos” gidaliburuan, bihi osoko elikagaiak aukeratzera eta haurrentzako asteko menuetan txertatzera animatzen du.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
152829