Ekilibria

Brokolia, gordinik ala kozinatuta?

Brokolia gordinik ala lurrunetan edo oso ur gutxirekin prestatu daiteke, beharrezko higiene eta manipulazio neurriak betez gero.

Brokolia kruziferoen familiakoa da, aza eta buru-aza bezala, eta nahiz gordinik nahiz kozinatuta jan daiteke. Bera bakarrik edo beste barazki batzuekin egosita jateko ohitura dagoen arren, gordinik ere jan daiteke. Lurrunean edo ahalik eta urik gutxienarekin prestatuz gero, substantzia nutritibo askoz gutxiago galduko du. Gordinik jaten diren gainerako elikagaiekin bezala, brokolia ere gordinik jan behar izanez gero jarraibide batzuk bete behar dira arriskurik egon ez dadin. Artikulu honetan azaltzen da brokolia kontsumitzeko modurik egokienak ezin diren, dela gordinik dela kozinatuta, eta etxean nola gorde.

Janariak gordinik jatea arriskutsua da elikagaien segurtasun arlotik, dela animalia jatorrizko janaria izan dela landarea izan. Berorik behar ez duten prozesuak erabiliz gero, arriskuak egon daitezke, beroa oso higienizantea baita. Barazkiak eta ortuariak gordinik jan ohi dira, eta mikroorganismo patogenoak transmititu ditzakete. Gordinik jan behar izanez gero, elikagai hauek manipulatu eta kontserbatzeko jarraibide batzuk jarraitu behar dira. Brokoliaren kasuan, beste barazkiekin hartzen diren neurriak hartu behar dira.

 

Brokolia, gordinik ala kozinatuta?

Brokolia nahiz gordinik nahiz kozinatuta jan daiteke. Nahiz gordinik nahiz kozinatuta jan, higiene eta manipulazio arloko baldintza batzuk bete beharko dira, arriskuak saihesteko. Zapore eta ehundura finekoa denez, brokolia erraz egosten da. Hori dela eta, prestatzeko modurik egokienetako bat lurrunetan egitea da.

Baina prestatu aurretik kontuan izan behar dira zenbait gauza: txorroko uretan garbitu behar da, baina uretan sartu gabe; horrela ez baitu nutrienterik galduko. Zurtoina zuritzea ere komeni da, zuntz asko duelako. Zurtoina jan nahi bada, zainzuriak bezala prestatu daiteke eta maionesa edo ozpin-olioa bota. Zopak edo pureak egiteko ere erabili daiteke zurtoina.

Sortak banatu edo txikitu egiten dira, antzeko neurriko zatiak egiten dira, berdin egosi daitezen. Gehiegi eginez gero, oso usain handia izango dute, kolore berde iluna hartuko dute eta bitaminak eta mineral batzuk galduko dituzte, egosteko uretan disolbatuko baitira. Garrantzitsua da salda aprobetxatzea eta besterik gabe hartzea edo beste plater batzuk egiteko erabiltzea.

Gordinik jan nahi izanez gero, kozinatzearen ordezko higienizazioa uretan garbitzea litzateke, lurra eta gainerako hondarrak kentzeko eta ondoren desinfektatu. Horretarako, lixiba tanta batzuk bota daitezke uretara, ura eta elikagaiak desinfektatzeko balio duen lixiba, eta ondoren txorroko uretan garbitu edo jada prestatutako soluzioren batekin egin, fabrikatzaileen jarraibideei jarraituz.

 

Nolakoa izan behar du brokoliak eta nola kontserbatu ongien

Brokolia jaten denean, baratzeko beste produktuak jaten direnean bezala, alderdi batzuk kontuan izan behar dira erosterakoan. Ongi heldutakoak aukeratzeaz gain, kalitate oneko brokoliak sorta txikiak eta trinkoak izan behar ditu, kolore more-berde distiratsua, zurtoin irmoa, ongi ebakia eta behar den neurrikoa. Aldiz, loreak irekita badaude, bigunak badira edo kolore horixka badute, ez dira hartu behar.

Brokolia garbitu gabe gorde daiteke, horrela ez baitzaio lizunik egingo. Plastikozko poltsan gordetzea komeni da; horretarako, zuloren bat egin behar zaio poltsari eta hozkailuan 3-5 egun eduki daiteke. Giro tenperaturan utziz gero, gogortu egin daiteke, zahartu egiten da eta nahi ez diren zapore handiak hartu ditzake.

Hiru-lau minutuz egosi edo lurrunetan eginez gero ere, gorde daiteke. Behar den adina denboraz egin dela jakiteko, brokoliak kolore berde distiratsua behar du. Orduan izoztu egin daiteke.

 

Elikagaiak gordinik jan

Elikagaiak gordinik janez gero, mikroorganismoen kutsadura egoteko arriskua dago. Hainbat zergati izan ditzake arrisku honek: ongarriak erabili direlako (kutsatutako animalien gorotzak izan ditzakete), ureztatzeko urak ere mikroorganismoak izan ditzake beste landare batzuekin kontaktuan egon delako, izurriteei aurre egiteko pestizidak erabili direlako… Hori dela eta, ezinbestekoa da higiene eta manipulazio neurriak zorrotz betetzea. Nahi ez den mikroorganismoak sortzea eta ugaritzea saihestu behar da.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
118329