Sarrera
Asterazeoen edo Konposatuen familiako zenbait landareri ematen zaien izen arrunta dugu kardua. Mila genero eta 20.000 espezie baino gehiago daude familia horren barruan eta horietako oso gutxi landatzen dira. Familiaren izena aster (izarra) hitz grekotik dator, eta bereizgarri du loreak milaka eta batzuetan milioika lore ñimiñoz osatuta daudela (ekilorea, kasu) eta hostoek eta adarrek arantzak dituztela. Familia honek hainbat motako barazkiak barne hartzen ditu: orridunak (txikoria, letxuga, endibia, eskarola), loredunak (orburuak) edo zurtoindunak (kardua). Landare horien ezaugarri komunetako bat da haien ehunek latex ugari dutela.
Jatorria eta berietateak
Orokorrean, familia horretako barazkiak eskualde epeletakoak dira. Hortaz, haien hazkuntza eta garapena neurrizko tenperaturak dituzten eskualdeetara egokituta daude. Landare hauek naturalki hazten dira Europako Mediterraneoan eta Afrikako iparraldean, eta oso antzinatik erabiltzen dira bi zonalde horietan.
Gaur egun, karduaren hazkuntza oso hedatuta dago Europan. Italia, Frantzia eta Espainia dira ekoizle nagusienak. Espainian, karduaren ekoizpena orburuak ereiten diren eskualde gehienetan hedatuta dago, hau da, Nafarroa, Zaragoza, Errioxa, Katalunia eta Valentzia.
Egile askok orburuarekin ahaidetzen dute kardua, eta haren azpi-espeziea dela uste dute. Barazkiaren izen latinoa “cynara” ere grekotik dator, “kinara” hitzetik (horrela deitzen zieten landare arantzatsuei). Erroma zaharreko literaturan maiz aipatzen da kardua, eta Pliniok adierazi zuen luxuzko barazkia zela garai hartan.
Erdi Aroan jada, karduaren hazkuntza oso hedatuta zegoen Europan. Dirudienez, konkistatzaileek sartu zuten kardua Argentinan, eta azkar egokitu eta hedatu zen La Pampako landaketa handietara. Gaur egun, Hegoamerikako ortuetan (lur emankorretan) landatzen da.
Kardu-barietate asko daude eta ezaugarri desberdinak dituzte:
Ziklo goiztiarrekoa edo berantiarrekoa.
Zurtoin txikikoa edo erraldoikoa.
Peziolo (txortenak) berdedunak edo zilar-kolorekoak.
Peziolo hutsekoak edo betekoak.
Arantzadunak eta arantzarik gabekoak.
Orri ia osoak dituztenak edo xafla-orridunak.
Oro har, gaur egun zilar-koloreko peziolo laua eta arantzarik gabekoa duten barietate txikiak hazten dira gehienbat, edo txorten ertaina, orri muxarratua eta orri-mami zabal eta lodiak dituztenak, horiek ere arantzarik gabekoak.
Horien artean nabarmentzekoak dira: Bete Zuria, Astiko Boli-zuria, Nizako Arantzaduna, Bergamoko Zuri Hobetua, Peraltako Zuria, Peraltako Berdea, Espainiako Betea, Valentzia.
Sasoirik onena
Merkatuetan, neguan zehar eta udaberriaren hasieran aurki daiteke kardua, eta azaroan hasten da saltzen.
Ezaugarriak
Forma: orri-mamiak edo pezioloak, orrien nerbioen zati bat eta kimu samurrak dira kontsumitzen diren aldeak. Orri-mamiak hutsik daude, ildaskatuak eta luzangak dira eta barnealdean txikiagoak eta zuriagoak diren orri berdexka handitan amaitzen dira. Arantza ugari dituenez zurtoinean zehar, zaila da garbitzea.
Tamaina eta pisua: karduak tamaina handiak har ditzake, eta 2 metrorainoko altuera izan dezake.
Kolorea: kardu basatien orri-mamia berde iluna da. Landatutakoak badira, zuritu egiten dira hazkuntzaren azken etapetan. Horretarako, landarea estaltzen da, orriek baino ez dezaten jaso argia. Orri-mamiak berde argiak dira, tonu gorrixkekin, edo ia zuriak.
Zaporea: zuritutako orri-mamiak kurruskariak eta samurrak dira, eta zapore fina eta gozoa dute, ukitu garratz batzuekin. Zuritzean, kolore berdea ezabatzeaz gain, garraztasuna ere kentzen zaio.
Nola aukeratu eta kontserbatu
Kardu ona aukeratzen dugula ziurtatzeko, itxurari begiratu behar diogu: distiratua, orri-mami trinko eta zurrunekin eta orri berdeekin, freskoak zein pixka bat zimelduta. Bigun daudenak eta orban eta puntu lehorrak dituztenak baztertu egin behar dira.
Kardua ongi kontserbatzen da aste batez edo biz, hozkailuan plastiko zulatu batean gordetzen badugu. Harean hondoratuta ere gorde dezakegu, leku fresko batean.
mcg: mikrogramo