Ekilibria

Depresioa eta gantzak, kausa-ondorio harremana

Azterketa batek dio gantz ase eta trans gehiegi kontsumitzeak depresioa jasateko arriskua areagotzen duela.

Mundu osoan 150 milioi bat pertsonari eragiten dion asaldura da depresioa, eta janarekiko lotura du, bai behintzat janari lasterretan edo opildegi industrialean ohikoak diren osagai batzuekin. Orain arte egiaztatu dugu  trans gantzek eta gantz aseek kolesterol kaltegarria igotzen dutela, arrisku kardiobaskularrerako faktore gakoa dena. Hala ere, duela gutxi Espainian egindako ikerketa batek gaixotasun mental horren garapenarekin lotzen ditu.

Nafarroako eta Las Palmaseko unibertsitateetako ikertzaileek egin duten ikerketa horrek trans gantzen eta gantz aseen kontsumoa eta depresioa lotzen ditu. Ondorio horretara iristeko, sei urtez 12.000 boluntario baino gehiago aztertu zituzten SUN proiektuaren barruan. Nafarroako Unibertsitatearen Medikuntza Fakultateko Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa Sailaren proiektu hori 1999an hasi zen eta 20.000 parte-hartzaile baino gehiago ditu jada (2.000 pertsona berri inguru ditu urtero).

Boluntario kopuru handi horri esker, ikertzaileek gehien kezkatzen gaituzten gaixotasunetako batzuk azter ditzakete; gizentasuna, sindrome metabolikoa, gaixotasun kardiobaskularrak, diabetesa, antzutasuna eta depresioa dira zerrenda luze horren adibideetako batzuk. Ikerketaren hasieran, boluntarioek ez zuten nahasmendu mentalaren seinalerik, eta, amaieran, berriz, 757 boluntariok zuten garatuta. Egileek, ‘PLoS ONE’ argitalpenean azaltzen dutenaren arabera, antzeman zuten gantz ase eta trans asko kontsumitzen zituzten pertsonek % 48 aukera gehiago zutela depresioa jasateko kontsumo neurritsua egiten zutenek baino.

 

Depresiozko kasu gehiago zabor-janaren ondorioz

Duela bi urte, Londoneko University College unibertsitateko ikertzaileek antzeko emaitzak argitaratu zituzten ‘British Journal of Psychiatry’ aldizkarian. 3.500 boluntario ingururen datuak erabili eta gero, ohartarazi zuten gantz askoko zabor-jana edo “fast food” (janari prestatuak, azkenburukoak eta gozoak) erregularki jaten zutenek depresioa jasateko % 60 arrisku handiagoa zutela dieta orekatua jarraitzen zutenek baino (fruta, barazki eta arrain kopuru egokiarekin).

Osasunaren Mundu Erakundeak aurreikusten du 2020an depresioa izango dela desgaitasunaren bigarren kausa mundu osoan.

Halaber, ondorioztatu zuten gaixotasun mental horren garapenean faktore askok eragiten dute ere, dietak beste eginkizun bat duela. Zientzialariek diote dieta osasungarri batek babes-efektua duela, eta horren arrazoiak izan daitezkeela antioxidatzaile (frutak eta barazkiak), azido foliko (brokolia, aza, ziazerbak, dilistak eta txitxirioak) edo gantz-azido poliasegabe (arrainaren omega 3) maila altuak.

 

Gantza da gakoa

Ikertzaileek azpimarratzen dute gantz guztiak ez direla berdinak, eta oliba-olioaren (monoasegabea) eta landare-olioen edo arrainaren (poliasegabea) gantzak depresioa jasateko arriskua murrizten duela. Gainera, gantz mota batzuk energia-iturri garrantzitsuak dira, eta mantenugai asko dituzte. Honela banatzen dira: aseak, monoasegabeak, poliasegabeak eta trans gantz-azidoak. Elikadura egoki batek eskatzen du horiek ezberdintzen jakitea, bakoitzaren funtzioa ezagutzea eta bakoitzetik egunero zenbat hartzea komeni den.

Gantz asea batez ere animalietatik datozen elikagaietan aurki dezakegu (haragiak, erraiak, hestebeteak, oilaskoaren azala, arrautzak, esnekiak, esne-gaina, arrautzaren gorringoa), koko- eta palma-olioa (elaborazio industrialetan erabiltzen dira) eta txokolatean eta gozogintzan eta opiletan. Trans gantzak ohikoak dira hainbat margarina, patata frijitu eta industriako gosegarri frijituetan, eta baita gozogintzan eta opil industrialetan ere.

Modu berean, lan honekin Espainiako ikertzaileek egiaztatu dute estres-intzidentzia handiagoa dela ipar Europako herrialdeetan, gantz ase askoko esnekiak, (gurina esaterako) kontsumitzen diren tokian. Hegoaldean, berriz, biztanleriak  dieta mediterraneora jotzen du, eta horrek gaixotasuna jasateko arriskua murrizten du.

 

Milioika europarren depresioa

25 milioi europar inguru. Kopuru hori bat dator Europar Batasunean depresioa jasaten duen pertsona-kopuruarekin, hau da, Europako biztanleriaren % 5arekin. Eta kontua ez da hor amaitzen, izan ere, Europan gaixotasun mentalen tratamendurako 300.000 milioi euro baino gehiago sartzen badira urteko aurrekontuetan, kopuru erdia gutxi gorabehera gaixotasun hori eta haren ondorioak tratatzeko erabiltzen dira. Osasunaren Mundu Erakundeak aurreikusten du 2020an desgaitasunaren kausa nagusietako bat izango dela mundu osoan, eta gaixotasun kardiobaskularren atzetik.

Gainera, milaka ondorio izan ditzakete. Gaixotasun mentalak dituzten pertsonek gainontzekoek baino bizi-kalitate eskasagoa dute, eta osasun-arazo gehiago dituzte, hala nola hipertentsioa, gizentasuna, diabetesa eta arnas gaixotasunak, eta, horiekin bat, portaeraren arazoak eta substantzia toxikoen gehiegizko erabilera. Horietako askok gainera sexu-arazoak izaten dituzte gaixotasunaren beraren edo gaixotasunaren tratamenduan erabilitako farmakoen ondorioz. Gaixoek, kasuen % 30 eta % 70 artean, asaldurak jasaten dituzte maiz sexuaren fase guztietan (nahiaren desordena, eszitazio- asaldurak, orgasmoaren asaldurak edo min sexualagatik arazoak, besteak beste).

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
36216