Erreferentziazko erakundeen arabera, diabetesa dutenek gutxi prozesatutako barazkiak, lekaleak, zereal integralak eta fruta freskoa jan behar lituzkete.
Elikagaiei eta dietei buruzko ezjakintasuna eta informazio desegokia areagotu egiten direla dirudi patologia jakinetan nutrizio-aholkuak ematean. Hori gertatzen zaie, esaterako, diabetes motaren bat duten pazienteei zenbaitetan. Ohikoa da haurdunaldiko diabetesa duten emakumeei karbohidrato konplexuak kentzeko esatea, azterketa serioek justifikatu ez arren. Ez da harritzekoa, halaber, jendeak uste izatea diabetesa dutenek ezin dutela frutarik jan, nahiz eta elikagai oso osasungarria izan eta gaixotasun kronikoei aurrea hartzeko duten gaitasunaz proba ugari egon. Artikulu honetan diabetes motak azaldu ditugu eta gaixotasun hau dutenen dietan fruta freskoak eta zukuek duten zeregina azaldu dugu.
Diabetes motak
Diabetesa izanez gero, gure organismoak arazoak izaten ditu elikagaietako karbohidratoak aprobetxatzeko. Arazo hauek haurtzaroan agertuz gero, 1 motako diabetesa izaten da eta diabetesa duten 20tik 1ek izaten du mota honetakoa; honelakoetan intsulina behar izaten da odoleko glukosa (gluzemia) mailak egonkor mantentzeko. 2 motako diabetesa, ordea, helduaroan agertzen da, batzuetan ez da botikarik behar izaten gluzemia erregulatzeko eta aurrea hartu dakioke: Public Health Nutrition aldizkarian 2006ko otsailean argitaratutako datuen arabera, 2 motako diabetesaren %90 aurrea hartzeko modukoak lirateke bizi-estilo ona izanez gero. Haurdun dauden emakume batzuen diabetesari ere aurrea hartu dakioke “haurdunaldiko diabetesa” esaten zaionari, British Medical Journal aldizkarian 2014ko irailean argitaratutako artikulu baten arabera.
Diabetesa duten pazienteak eta fruta
Frutak karbohidratoak dituenez (15 gramo inguruko anoako), diabetesa dutenek ez luketela frutarik jan behar uste dute zenbaitek. Baina diabetesari buruzko adituek eta osasun arloko erakunde garrantzitsuek diote fruta freskoa jan dezakeela gaixotasun hori duen edonork. Dena dela, paziente hauek jakin beharra dute elikagai hauek zenbat karbohidrato dituzten (batez ere beren gluzemia intsulinarekin kontrolatzen badute), baina horrek ez du esan nahi fruta jan ezin dutenik. Egia esan, alderantziz gertatzen da: diabetesa dutenek bihotz-hodietako gaixotasunak izateko arrisku handiagoa dutenez, fruta jatea oso gomendagarria da. Ondorio onuragarriak izan ditzake kolesterol mailan eta bihotz-hodientzat arriskutsuak diren beste faktore batzuetan, tentsio arterialean esaterako.
Adibidez, diabetesa duten 10.449 europarren jarraipena egin da bederatzi urtez eta Journal of Nutrition argitaratu zen 2008ko apirilean; horren arabera, barazki, lekale eta fruta gehiago janez gero, edozein arrazoiren ondorioz hiltzeko arriskua txikitu egiten da. Ez da harritzekoa, beraz, Espainiako Osasun Ministerioak 1 motako diabetesa duten pazienteei 3 fruta fresko dituen menua proposatzea, bere agiri honetan ikus dezakegunez’1 motako diabetes mellitusari buruzko gida praktiko klinikoa‘ (2012). Aholku hau baliagarria da 2 motako diabetesa dutenentzat ere.
Diabetesaren Amerikar Elkarteak (AAD) 2013an Diabetes Care aldizkarian zehaztu zuenez, gaixotasun hau tratatzeko giltzarrietako bat elikadura osasungarria da, hau da, gutxi prozesatutako landare jatorriko elikadura ugarikoa (fruta freskoa esaterako). AADk dio “gomendagarria da[a las personas con diabetes] karbohidratoak hartzea, barazki, fruta, zereal integral, lekale eta esnekienak badira, beste iturri batzuetatik hartu ordez, batez ere gantzak, azukrea edo gatza dutenetatik”, horrela “nutrienteen osoko ingesta hobetuko baitugu”.
Era berean, azpimarratu egiten du “ez dagoela arrazoirik diabetesa dutenei frutan modu naturalean dagoen fruktosa galarazteko. Espainiako Osasun Ministerioak ere hala uste du, eta dio frutak eta barazkiak “elikagai osasungarriak direla eta fruktosa kopuru txikia dutela ohiko dieta batean” beraz, ez dira gutxiago jan behar, lehen aipatutako agirian esan bezala. Eskura dago esteka honetan.
Ikusten denez, diabetesa dutenek gutxi prozesatutako landare-elikagaietan oinarritu behar dute beren elikadura. Zenbaitetan fruta freskoko azukreak gluzemian duen eragina mahaiko azukreak duenarekin alderatzen da. Egia esan, AADrentzat, frutak duen azukreak (fruktosa libreak) gluzemiaren kontrol hobea sor dezake, beste azukre batzuetatik eratorritako kaloria kopuru berdinak hartzean ikusten denarekin alderatuz gero.
Fruta gutxiegi jan
Azterketen arabera, diabetesa duten pertsonek ez dute gomendatu adina fruta jaten. Elikagai osasungarri hauen kontsumoa ez da gainerako populazioak egiten duena baino askoz desberdinagoa. Zenbaitetan gutxiago da. ENIDE inkestaren arabera, espainiarrok hartzen ditugun kalorien %3 baino gutxiago dator fruta freskotik, eta zifra hori hobetu daiteke. Egoera kontuan izanda, ez da harritzekoa adituek azpimarratzea oso garrantzitsua dela diabetesa dutenei fruta fresko gehiago jateko gomendatzea, beste elikagai osasungarri batzuez gain, hala nola, barazkiak, lekaleak, fruitu lehorrak edo zereal integral gutxi prozesatuak. Diabetesaren arloko erreferentziazko erakundeek azpimarratzen dute diabetesa duen edonork gutxi prozesatutako landare jatorriko elikagai ugari hartu behar duela, eta fruta freskoa ez dela kanpoan utzi behar.
Horregatik da garrantzitsua, besteak beste, paziente hauei aholku nutrizionalak ematea, dietista-nutrizionisten laguntza izatea eta elikadura-plan osasungarri eta banakoa egitea. Horri esker gluzemia kontrolatuko da, presio arteriala, odoleko lipidoak, gorputzeko pisua eta balizko konplikazioak. Patroi dietetikoan sartuko dira pazientearen bizi-estiloa, kultura eta sinesmenak.
Azukredun edariak, fruta-zukuak eta diabetesa
Esan bezala, diabetesa dutenek fruta jatea gomendagarria da. Baina inondik eta inora ere ezin zaie gomendatu diabetesa duten pazienteei edari azukredunak hartzeko. AADk, esaterako, “saihesteko” gomendatzen du.
Fruta-zukuei dagokienez, saihestea gomendatzen ez den arren, diabetesa agertuz gero zuku horiek diabetesaren kontrolean luketen eragina fruta freskoarena bezalakoa ez dela jakin behar da. Artikulu honetan zehazten den bezala, ez da komeni fruta-zukuak sarri hartzea, nahiz eta etxean egindakoak izan, izan ere epe luzera osasunarentzat arriskuak etor daitezke, batez ere haurretan. Aholku hau are garrantzitsuagoa da diabetesa duten pertsonetan, fruta-zukuak ondorio negatiboak izan baititzake gluzemiaren kontrolean. Fruta-zukuak, etxean egindakoak izan arren, ez dira fruta freskoaren ordezko osasungarriak.