Ekilibria

Dieta mediterraneoa, arriskuan

 

Europa iparraldeko haurrek hegoaldeko herrialdeetakoek baino fruta eta barazki gehiago jaten dituzte. Horren adibide da Espainia; izan ere, bertan % 10ek soilik kontsumitzen ditu barazkiak egunero.

Mediterraneoko herrialdeetako haurrek Europako iparraldekoek baino obesitate handiagoa agertzen dute, eta Erresuma Batua da salbuespen bakarra. Joao Bredak, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Gaixotasun Ez-Kutsakorren Prebentzio eta Kontroleko Europako Bulegoko zuzendariak, duela gutxi eman zuen datu horren berri. Bredaren arabera, “oso kalitate handiko datuak dira”, oso fidagarriak; izan ere, OMEren Europako eskualdeko Haurren Obesitatearen Zaintza Ekimenetik datoz (COSI ekimena). Hiru urtean behin, 40 herrialdek baino gehiagok jasotzen dituzte 6 eta 9 urte arteko 300.000 eskola-umeen pisuari eta neurriari buruzko datuak. Azken zifrak 2015 eta 2017 urteen artean erregistratutako datuetatik datoz, eta ez dira batere itxaropentsuak. Artikulu honetan, egoera honen zergatiak azaltzen dira.

Espero zen. Europa osoan, Mediterraneo itsasoak lotutako kultura eta elikadura duten herrialdeetako haurrek agertzen dituzte pisu-arazo handienak (Malta, Grezia, Espainia edo Italiakoak, esaterako). Duela hamarkada gutxi batzuk, herrialde horietako adingabeek beren gurasoek bezala jaten zuten; hau da, frutetan, barazkietan, lekaleetan, bihi osoko ogi eta pastan, oliba-olioan eta arrainean oinarritutako dieta zeramaten. Ez zegoen besterik merkatu tradizionaletan, jaki-tokietan, hozkailuetan eta auzoko janari-dendetan. Eta egonez gero, oso noizean behin erosten zen.

Gaur egun, egoera aski bestelakoa da. Espainiar haurrak Europako azkenekoak dira jaten dituzten barazkiei dagokienez: % 10ek soilik jaten ditu egunean behin. Eta frutei bagagozkie, egoera ez da oso itxaropentsua ere ez.

Zer aldatu da horren bat-batean? Ez da erantzuteko galdera erraza. Hain zuzen ere, 108 faktore desberdin zenbatzera ere irits gaitezke, Erresuma Batuko gobernuaren lan honen arabera. Erretzen duguna baino gehiago jaten dugula dioen arrazoibidea sinplista da, eta ezin du berez azaldu zergatik agertu zen, 80ko hamarkadaren hasieran, mundu osoa astintzen ari den gehiegizko pisuaren eta obesitatearen bat-bateko pandemia hau (haurretan naiz helduetan). Gainera, dieta mediterraneoa kontzeptuak arazo gehigarri bat dakar; izan ere, askok ardoa sartzen dute dietan, eta gaur egun badakigu alkohola edozein dositan dela toxikoa, eta, OMEren gomendioen arabera, zenbat eta gutxiago, orduan eta hobeto dela.

Haurren obesitatea: gaur egungo egoeraren kausa posibleak

Gure txikiak fruta- eta barazki-tonak landatzen eta Europa osoan zehar banatzen dituen herrialde batean bizi dira, baina hala eta guztiz ere elikadura okerragoa daramate beste herrialde batzuen aldean; adibidez, Danimarka, Suedia, Frantzia, Letonia edo Norvegiako haurrek gehiegizko pisuaren eta obesitatearen tasa txikiagoak dituzte.

Aipatzen den faktoreetako batek kulturarekin eta ingurunearekin du zerikusia: lurraldean nagusi den eguraldi ona tarteko, denbora gehiago ematen dugu etxetik kanpo, eta ondorioz askotan jaten dugu jatetxe eta tabernetan. Maiz, janari gehiago eta gozoagoa jatearekin lotuta daude ekitaldi ludikoak eta festak. Hau da, etxetik atera eta gure seme-alabekin jatetxe batean jaten badugu, ez ditugu aukeratzen lekak patata egosiekin eta udare bat azkenbururako.

Honezkero topiko bat da Mediterraneoaren arroko herrialdeetan “bizipoza”, “carpe diem” edo “dolce vita” gisako adierazpenak erabiltzea bizitzeko filosofia eta sistema lasai bat deskribatzeko, plazer mundutarrak gozatzeaz arduratzen dena. Egia da etxetik kanpo gehiago kostatzen dela janari osasungarria aukeratzea, baina ez da ezinezkoa. Gainera, klima ona eta ateratzeko ohitura ez dira berriak. Beti egon dira hemen; hortaz, ezin dute berez azaldu zergatik hazi diren obesitate-tasak azken urteotan.

Orduan? Faktore garrantzitsu bat da familia askok gaizki aukeratzen dituztela itxuraz osasungarri izan arren egiaz kaltegarri diren produktuak: zereal mota jakin batzuk, esneki eta irabiaki azukredunak, zukuak eta osasungarritzat iragartzen (eta erosten) diren beste produktu hiperprozesatu batzuk, egunero kontsumitzen direnak. Eta opilak osasungarriak ez direla jakin arren, azterlanek agerian uzten dute, oraindik ere, gure herrialdean gehiegi jaten direla halakoak, nahi baino askoz ere maizago.

Azkenik, haurtzaroko gehiegizko pisuari heltzen zaion bakoitzean, badago alde batera utzi ezineko faktore bat: sedentarismoa; hau da, ez dela aski jarduera fisikoa egiten, dela mugitzera daramaten aire zabaleko jolasen bitartez, dela kirolaren bidez. OMEk egunean ordubeteko jarduera fisikoa egitea gomendatzen du gutxienez. Espainia Europako azken herrialdeen artean dago asteburuan (alegia, korrika eta jauzi egiteko eta jolasteko asti gehiago dagoenean, hain zuzen) jarduera biziari egiteari dagokionez.

Dena dela, adierazi behar da gezurra dela “mugitu eta gastatu bitartean haurrek, neurriz, nahi dutena jan dezaketen” ideia, zeina finkatuta baitago. Bizimodu nahiko aktiboa eramanda ere, ezin da orekatu azukre, koipe edo gatz dosi handiz betetako elikagai hiperprozesatu eta oso zaporetsu horiek daukaten ahalmen kaloriko izugarria.

Beraz, lotutako hiru arazo daude: maiz jaten dira nutrizio-kalitate eskaseko produktuak; ahalmen kaloriko izugarria dute; eta ez dutenez asetzen dosi handiak kontsumitzen dira. Beste arazo bat da, gainera, produktu horien aurkezpena erakargarria eta nonahikoa dela; gero eta ugariagoak dira, eta prezio murriztuko ontzi erraldoietan saltzen direnez errazagoa da tentaldian erortzea. Arazoa arintzeko, ikerketa-lerro berrienek politika jakin batzuk ezartzea eskatzen dute: batetik, tasa fiskalak abiarazteko, ez edari azukredunetarako soilik, baita osasunerako txarrak diren beste produktu hiperprozesatuetarako ere; eta bestetik, fruta eta barazkietarako diru-laguntzak ematea, merkatzeko eta horien kontsumoa sustatzeko.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
152256