Eguneroko elikaduratik proteina hori kentzeko, baita sendagilearen diagnostikoak hala egitea justifikatzen duenean ere, profesional baten aholkuak behar dira.
Gure dietatik elikagai multzo oso bat kentzean, ezin dugu arinkeriaz jokatu. Are gutxiago betirako kentzen direnean, eritasun zeliakoa duten pertsonekin edo glutenarekiko sentsibilitate ez-zeliakoarekin gertatzen den moduan. Halakoetan, glutena erabat ezabatzea da tratamendu eraginkor bakarra, eta ez da hain erraza izaten; izan ere, egunerokoan kontsumitzen den hainbat elikagaitan aurki daiteke proteina hori. Glutena alde batera uztea, sendagilearen diagnostikoa dela-eta gomendagarria denean ere, oso urrats handia da eta profesional baten laguntza bilatu behar da: zehazki, dietista-nutrizionista batena, jarraian azalduko dugun moduan.
Eritasun zeliakoa edo glutenarekiko sentsibilitate ez-zeliakoa?
Zeliakia, edo eritasun zeliakoa, osagai genetiko garrantzitsua duen gaitz bat da eta immunitate-sistemak esku hartzen du tartean. Eskasia immunologikoak heste meharrean inflamazioa eragiten du glutena hartzen denean. Gure ohiko dietan, asko erabiltzen diren hiru zerealetan aurki daiteke proteina hori: garagarra, zekalea eta, batez ere, garia. Ohikoa da, halaber, oloa ere baztertzea eritasun zeliakoa duten pertsonen dietan; izan ere, zenbait pazienterentzat kontsumoa ez da segurua, Britainia Handiko Gastroenterologia Elkarteak 2014ko ekainean azaldutakoaren arabera. Badira glutena duten beste zenbait zereal ere: esaterako, kamuta, tritikalea eta espelta. Zeliako batek proteina hori ahoratzen badu, heste meharreko inflamazioa ez ezik, mikrobiloen egituraren galera, hesteetako xurgapenean akatsak eta malnutrizioa ere izan ditzake.
Alergia eta Immunologia Klinikoaren Europako Akademiaren edo Alergiaren Munduko Erakundearen ustez, ez da egokia eritasun zeliakoa “glutenarekiko intolerantzia” terminoaren bidez adieraztea, patologia horretan mekanismo immunologikoak esku hartzen baitu (alergia gisa sailkatu beharko litzateke). Dena dela, gomendatzen ez bada ere, esparru akademikoan asko erabiltzen da terminologia hori.
Nolanahi ere den, sendagileak kontuan har dezake “glutenarekiko sentsibilitate ez-zeliako” izeneko kondizioa duten pazienteei ere glutenik gabeko dieta ezartzeko aukera. Joera genetikoa duten pertsonetan agertu ohi da (herentziazko oinarria ez izan arren hain nabarmena, eritasun zeliakoarekin alderatuz gero) eta ohiz kanpoko erreakzioak sortzen ditu glutena duten elikagaiak ahoratu eta gero. “Mezu kontraesankorrak bidali eta justifikaziorik gabeko dietak ezarri aurretik”, hobe ezagutu eta aztertu behar da kondizio hori. Hala ohartarazi zuten 2013ko martxoan Victoria María Díaz doktoreak eta haren lankideek Evidencias en Pediatría aldizkarian.
Zure dietatik glutena kentzen baduzu, jarri dietista-nutrizionista bat zure bizitzan.
Eritasuna zuzen diagnostikatu eta gero, bizi artean glutenik gabeko dieta eramatea da tratamendu eraginkor bakarra, gaurkoz ez baitago sendagairik, tratamendu medikorik edo ordezko hautabiderik, glutenak paziente horietan eragiten duen kaltea prebenitzeko. Glutenik gabeko dieta eramatea ez da erraza, eta froga batzuek aditzera ematen dutenez, diagnostikatu ondoren ere paziente zeliako askok ez du guztiz baztertzen glutena elikaduratik. Dietaren lapsus horietan, faktore batek baino gehiagok izaten du eragina: zer adin duen pazienteak diagnostikoaren garaian, gaitzari buruzko ezagutza (osasun-langileek ez dute beti kontuan hartzen pazienteak gaixotasuna ongi ulertu duen) eta faktore psikologikoak.
Horregatik, Estatu Batuetako Gastroenterologia Elkargoak (ACG) 2013ko maiatzean adierazitakoaren arabera, norbaitek eritasun zeliakoa badu, eritasuna ongi ezagutzen duen dietista-nutrizionista batera bideratu behar da. Alberto Rubio-Tapia doktorearen koordinaziopean, ACGaren dokumentuak azaltzen du hasiera batean nutrizio-ebaluazio osoa egin behar duela dietista-nutrizionistak eta glutenik gabeko dietaren berri eman behar diola pazienteari, Estatu Batuetako Nutrizio eta Dietetika Akademiaren gomendioak harturik oinarri.
Bestalde, Gastroenterologiaren Munduko Erakundeak eritasun zeliakoari buruzko gidaliburu bat argitaratu zuen 2013ko otsailean, eta bertan zerrenda batean jaso zuen zer zeregin bete behar dituzten dietista-nutrizionistek eritasun hori duen paziente bat badute:
- Haren nutrizio-egoera ebaluatu behar dute.
- Hartzen diren makromantenugai eta mikromantenugaiak identifikatu behar dituzte, urritasunak edo gehiegikeriak hautemateko.
- Elikadura-ohiturak eta dieta berrian eragina izan ditzaketen faktoreak aztertu behar dituzte.
- Glutenik gabeko dieta abian jartzeko beharrezko informazioa eman behar dute.
- Elikadurari buruzko prestakuntza eman behar dute, elikadura orekatua izan dadin.
- Dieta betetzen den kontrolatu eta ebaluatu behar dute, eta elikadurari buruzko aholkularitza sendotu.
Gaztelaniaz ere kontsulta daiteke gidaliburua. Aditzera ematen duenez, pazienteak ez badio jarraitzen dieta berriari, gomendagarria da aholkularitza psikologikoa jasotzea. Britainia Handiko Gastroenterologia Elkarteak zehaztutakoaren arabera, dietista-nutrizionistek gai izan behar dute dietari jarraitzen ari zaion aztertzeko, ikusizko eskala analogikoen eta dieta-erregistroen bidez.
Glutena funtsik gabe kentzearen arriskuak
EROSKI CONSUMERen artikulu batek (“Glutenik gabeko dieta: aholku zuhurtziagabea?”) adierazten du maiz entzuten direla dietatik glutena kenduz osasuna hobetuko dela zin egiten duten hitzak. Eritasun zeliakoa behar baino gutxiagotan diagnostikatzen dela irizten zaio (askok ez dakite zeliakoak direla), baina gero eta jende gehiagok ezabatzen ditu elikagai glutendunak bere bizitzatik, “terapeuta alternatibo” baten gomendioz edo Interneten irakurri duelako, espezialista batengana jo gabe betiere. Eta horrek desoreka eragin dezake dietan, batez ere, haurrei dagokienez.
Guru faltsu batzuek behar bezala justifikatu gabe baieztatu izan dutenez, dietatik garia kenduta “osteoporosia lehengoratzen da”, psoriasia eta ahoko ultzerak sendatzen dira, burusoiltasuna desagertzen da eta artritis erreumatoidea edo kolitis ultzeradunak hobetzen dira. Christopher Hitchens-ek adierazi bezala, “froga gabe esandakoa, froga gabe uka daiteke”.
Egiaz, ezein datuk ez du frogatu glutenik gabeko dieta egitea onuragarria izango denik eritasun zeliakoa (edo, aurrez adierazi den bezala, “glutenarekiko sentsibilitate ez-zeliakoa”) ez dutenentzat, Gaesser-ek eta Angadi-k 2012ko irailean azaldu bezala. Ikertzaileek horrekin batera aipatutako zenbait daturen arabera, norbaitek eritasun zeliakorik edo “glutenarekiko sentsibilitate ez-zeliakorik” ez badu, haren hesteen osasunerako kaltegarria ere izan daiteke glutenik gabeko dieta.