Duelako gutxiko zenbait ikerlanek berresten dute elikagai-zuntzak (lekaleetan, fruitu lehorretan eta barazkietan dagoena) urdaileko eta kolon eta ondesteko minbiziaren kontrako babes eraginkorra eman dezakeela.
Zuntz ugari duten elikagaiak onak dira osasunerako. Hainbat ikerlan zientifikok azpimarratzen dute gaitz kardiobaskularren kontra babesten gaituztela. Horri dagokiola, albisterik onena da elikagai-zuntzaren abantaila frogatuak etengabean “loratzen” ari direla. Bihotz-hodien eta garun-hodien babesle bikaina dela egiaztatzen duten frogez gain, ebidentzia berriek adierazten dute herritarrak eta osasun-profesionalak gehien beldurtzen dituen gaixotasun baten kontra ere babesten duela: minbizia. Ondoren, minbiziaren prebentzioa elikadurarekin lotzen duten aurkikuntza zientifiko pozgarri horietan sakonduko dugu, eta, zehazki, urdaileko eta kolon eta ondesteko minbizia eta zuntz dietetikoaren kontsumoa lotzen dituztenetan.
Elikadura eta minbiziaren prebentzioa
Ez da egia (eta ez da inoiz egia izango) elikadura on batek minbizia “senda” dezakeenik; baina merezi du dietan zenbait aldaketa egitea, gaixotasun horren agerpena prebenitu nahi badugu.
Edari alkoholikoak dira horren adibideetako bat. National Cancer Insitute erakundeko ikertzaile diren Nelson-ek eta haren laguntzaileek 2013ko apirilean erakutsi zuten dosi txikiek ere minbizia izateko arriskua handitzen dutela, eta, beraz, komenigarria dela OMEren gomendioa gogoan izatea beti: “zenbat eta gutxiago, are eta hobeto”.
Haragi prozesatuak dira beste adibideetako bat: Minbizia Ikertzeko Ameriketako Institutuak (AICR) gomendatu du produktu horiek saihestea, koloneko minbizia izateko arriskua handitzen dutelako eta balitekeelako esofagoko minbizia izateko arriskua ere areagotzea. Dena den, ez dira dena murriztapenak. Izan ere, jarraian azaltzen dugun bezala, zuntz asko duten elikagaiak jateak minbizitik babes gaitzake.
Zuntz dietetikoa eta urdaileko minbizia
Aski ezaguna da zuntz dietetikoa beharrezkoa dela digestio-sistemak ongi funtzionatzeko, baina erabilgarria izan liteke ere urdaileko minbizia prebenitzeko? Horixe bera ebaluatu zuen 2013ko uztailean Nanjing Unibertsitateko (Txina) ikertzaile-talde batek. Horretarako, meta-analisi bat egin zuten: zuntz dietetikoari buruzko ikerlan ugariren emaitzen sintesia eta integrazioa burutu zuten, metodologia estatistiko bidez. Haien meta-analisia Gastroenterology aldizkarian argitaratu zen, eta ondorioztatu zuen zuntz dietetiko gehiago kontsumitzeak minbizia gastrikoa izateko arriskua gutxitzen zuela. Hain zuzen ere, zehaztu zuten zuntz dietetikoaren kontsumoa eguneko 10 gramo areagotzeak % 44 murritz zezakeela minbizia mota hori jasateko arriskua. Dilista-plater batek 17 gramo zuntz ditu, eta, hortaz, hori lortzea ez da zaila.
Emaitza garrantzitsua da oso. Izan ere, Espainiako Medikuntza Onkologiako Elkarteak (SEOM) 2013an jakinarazitako datuen arabera, urdaileko minbizia Espainiako bost minbizia nagusietako bat da, biriketako, bularreko, prostatako eta kolon eta ondesteko minbiziekin batera.
Kolon eta ondesteko minbizia: zuntzarekin prebenitu
Urdaileko minbizia baino kezkagarriagoa da kolon eta ondesteko minbizia, hori delako ohikoena Espainian, eta hedatzen ari delako, gainera. Aitzitik, Teresa Norat doktoreak duela gutxi koordinatu duen ikerlan batek berri onak ekarri ditu gaitz horri dagokiola. Haren ikerlana Cancer Treatment and Research aldizkarian argitaratu zen 2014an. Bertan adierazi zuen zuntz dietetikoak kolon eta ondesteko minbizia prebenitzean duen rolari buruzko ebidentzia zientifikoak ez direla “probabilitateak” jada -Minbizia Ikertzeko Mundu Funtsak (WCRF) 2007an egindako analisian adierazi zuen bezala-, froga “sinesgarriak” baizik. Hau da, justifikatuta dago autoritate politikoek horren gaineko gomendioak ematea eta horretan oinarritutako programak ezartzea minbizia prebenitzeko. Izan ere, nekez aldatuko dira ebidentzia zientifikoak etorkizunean. WCRFren ustez, hauek dira kolon eta ondesteko minbizia izateko arriskua modu sinesgarrian areagotzen duten faktoreak:
- Haragi prozesatua, eta, hain zuzen, hori ekiditea gomendatzen du, lehen adierazi dugun bezala.
- Haragi gorria, kolon eta ondesteko minbizia handiagoa izatearekin lotuta baitago. AICRk gomendatzen du astean 500 g haragi gorri baino gutxiago jatea.
- Edari alkoholikoak gizonen kasuan (gizonen eta emakumeen artean bereizten da, ez dagoelako emakumeei buruzko datu nahikorik).
- Gehiegizko gorputz-pisua: pisua normaltasunaren barruan mantentzea aholkatzen du.
Zuntza bai, baina ez pilulen bitartez
Zuntz ugari duen dieta batekin prebeni litezkeen beste minbizia batzuk badaude ere (esofagokoa eta bularretakoa, kasu), ikerlanetan egiaztatutako abantailak ez zaizkio zuntz dietetikoko osagarriei aplikatzen, zuntz asko duten elikagaiei baizik, hala nola lekaleak, fruitu lehorrak, bihi osokoak (ogia, arroza eta pasta, besteak beste), fruta freskoa eta barazkiak. Minbizirako terapia alternatiboei buruzko desinformazioa izugarria dela kontuan hartuta, ez da harritzekoa Minbizia Ikertzeko Mundu Funtsak 2011n honako hau azpimarratu izana: “ez erabili osagarririk minbizitik babesteko”.