“Arrantza jasangarriari esker antxoa edo hegaluzea bezalako jaki gozoez gozatzen jarraitu ahal izango dugu etorkizunean”
Gorka Azkonak, EROSKIko Arrandegiko Erosketa Arduraduna, gure kooperatibaren arrantza jasangarriaren aldeko apustua defendatu du ezinbesteko eredu gisa, itsas-espezieen etorkizuna bermatzeko eta arrantzaleen eta beren familien bizibidea mantentzeko. Baieztatu duenez, jasangarritasuna “bezeroak kezkatzen dituen gaia da” eta hauek gero eta interes handiagoa agertzen dute produktu iraunkorrak erosteko.
Zertan datza arrantza jasangarria?
Itsasoa eta bere ingurunea azkar bere onera etortzea ahalbidetzen duen arrantza da. Modu horretan, epe labur batean eragindako ekosisteman bizi diren arrainak eta bestelako izaki bizidunak lehenera etor daitezke erabat, osasun osoz.
Etorkizuneko belaunaldien arrain kontsumoa bermatzeko modua da arrantza jasangarria?
Zalantzarik gabe. Arrantza jasangarriari esker antxoa edo hegaluzea bezalako jaki gozoez gozatzen jarraitu ahal izango dugu. Era berean, gure osasuna zaintzeko modu ona eskaintzen digu, arraina dieta osasungarri eta orekatua izateko funtsezko osagaia delako. Eta ezin dugu ahaztu gure herrialdean arrantza-industriak lanbide mordoa sortzen duela eta arrantza jasangarriak industria horrek lana sortzen jarraitzea bermatzen duela.
Arrantza jasangarriaren bitartez harrapatutako zein espezie aurki ditzakegu EROSKIn? Zabaldu egingo da eskaintza hori hurbileko etorkizun batean?
Itsasoko arrainari dagokionez Kantauri itsasoko antxoa, hegaluzea, Skrei bakailaoa eta abakandoa eskaintzen dugu. Eta akuikultura alorrean, urraburua, lupia, berrugeta, erreboiloa eta izokina. Horrez gain, Alaskako abadirarekin egindako gulak eta surimi-makilatxoak dauzkagu, hegaluzea eta antxoak kontserban, abadira eta txirla izoztuak. Espezie gehiago eskaintzeko lanean ari gara. Epe laburrean datilak eta legatz izoztua bezalako produktuak izatea espero dugu.
Zein irizpide jarraitzen ditu EROSKIk portuetara heltzen den arrain jasangarria aukeratzeko?
Kalitateari dagokionez, arrain guztiarekin irizpide berdina jarraitzen dugu beti: freskoena soilik erosten dugu. Arrantza jasangarriaren kasuan, gainera, egiaztagiri independente bat eskatzen dugu. Eta EROSKI Natur markaren arrainari dagokionez, %100ean jasangarria da eta beti bilatzen dugu bereizgarriren bat. Esaterako, bakailaoa Norvegiako iparraldeko Skrei bakailaoa izan behar da, hobea dela uste baitugu. EROSKI Natur hegaluzea kanaberaz arrantzatzen da soilik eta piezarik handienak aukeratzen ditugu. Aurten, hegaluzearen kanpaina oso laster bukatu da eta badaude hegaluze pelagikoarekin lan egiten jarraitzen dutenak, baina guk ez dugu hori egiten. Izan ere, kalitate txikiagoa dauka eta bere haragia bigunagoa da. Guk kanaberaz arrantzatutako hegaluzearen aldeko apustua egiten dugu, gure saltokietan produktu hori saltzeari lehenago utzi behar badiogu ere.
Badaude akordio egonkorrak hornitzaile zehatzekin arrantza jasangarriko produktuak lortzeko?
Hornitzaile berdinekin gabiltza lanean hainbat urtez geroztik. Arrain jasangarria erosteko, konpromisoa are handiagoa da, ziurtagirien auditoria prozedurak igaro behar ditugulako. Eta EROSKI Natur markako arrainari dagokionez, gure freskoen marka, gure Kalitate Sailak lan prozesuen kontrol are handiagoa burutzen du bere kalitatea bermatzeko, jatorritik dendaraino.
¿Nola jakin dezake bezeroak EROSKIko arrandegietan erosten duen arraina arrantza jasangarritik datorren ala ez?
Garrantzitsua da gure EROSKI Natur markaren arrain sorta guztia egiaztatutako arrantzagune jasangarrietatik datorrela azpimarratzea. EROSKIn arrain jasangarria ziurtagiri independenteekin bereiztearen aldeko apustua egin dugu, adibidez, MSC (itsasoan harrapatutako espezieak) edo GGN (akuikultura). Bi horiek esperientzia zabaleko nazioarteko erakundeak dira, estandar oso zorrotzak dituztenak. Gure salmahaiak ere ikuskatu dituzte. Gure arrandegiak jasangarritasun-zigiluekin egiaztatu dituen banatzaile bakarra gara.
¿Nola ezagutarazten ari da bezeroen artean gure arrantza jasangarriarekiko konpromisoa?
Dendetan jasangarritasunaren garrantziari buruzko zabaltze-kanpainak burutzen ditugu. Adibidez, aurten, gure dendetan 2.000 bezero baino gehiagori azaldu diegu arrantza jasangarria zer den eta bere garrantzia. Horrez gain, sare sozialetatik ere zabaltzen dugu eta prentsa idatzian argitaratu da.
Gure arrandegietako profesionalak dira bozgorailurik onena?
Haiek dira gure aurpegia, bezeroari informazioa ematen dietenak sasoiko arrainak, prestatzeko moduak, eskaintzak… eta noski, arrantza jasangarriaren onuren inguruan. Gure langile berri guztiek arrantza eskoletan prestakuntza jasotzen dute, baina, horrez gain, formakuntza-eskuliburuak, bideoak eta online heziketa-materiala jartzen dugu bere esku eta gai hauek jorratzen dituzten dendetako nagusiei aldizkako prestakuntzak ematen dizkiegu.
Freskotasuna, aniztasuna eta prezioa dira arraina erosterako orduan, bezero gisa, tradizionalki begiratu ohi ditugun aldagaiak.
Hala da, hiru aldagai horiek eta arreta profesionala dira bezeroek kontutan hartzen dituzten funtsezko elementuak. Baina orain, gero eta gehiago, kontsumitzaileok gure erosketek ingurunearengan daukaten eraginagatik kezkatzen gara eta kontsumo arduratsua egiteko asmoa dugu. Arrainak egiaztatu ditugun lehenengo urtean, arrain jasangarriko 1.000 tona baino gehiago saldu dugu. Balantzea, beraz, oso positiboa izan da.
Orduan, bezeroen balorazioa EROSKIren arrantza jasangarriaren aldeko apustuaren inguruan, positiboa da?
Oso positiboa. Jasangarritasuna bezeroak kezkatzen dituen gaia da eta horiek interes handia agertzen dute informazio gehiago lortzeko eta produktu iraunkorrak erosteko.