Abuztuan bete-betean gaude eta, horrekin batera, eguraldi ona, beroa eta hondartzak… eta, zer esanik ez, udako entsaladak: freskoak, osasungarriak, gozoak eta prestatzeko errazak.
Entsaladak eguneroko menuan sartzeko arrazoiak
Batik bat sasoikoak diren barazkiak modu orekatuan nahasi, ongailuak neurriz erabili eta nutrizio-ezaugarri desberdineko osagaiak konbinatu, eta entsalada sinple bat jateko plater bikain, eta, aldi berean, nutritibo, bihur daiteke. Osagaien aniztasuna ezinbestekoa da nutrizio-oreka lortzeko. Gure entsaladak zenbat eta kolore gehiago izan, orduan eta mantenugai antioxidatzaile gehiago edukiko ditu. Izan ere, barazkiei kolore ematen dieten pigmentuek zenbait eragin onuragarri dituzte gure organismoan.
Entsaladak gosegarriak izatez gainera, hainbat onura ekartzen dizkigute. Hona hemen entsaladak gure dietan sartzeko zenbait arrazoi:
- Hidratatzen eta freskatzen dute. Barazkiak dira entsaladen oinarria, eta horien osaeraren % 90 baino gehiago ura da. Egun beroetan entsalada jatea gorputza erraz eta azkar hidratatzeko modu bat da.
- Barazkiak bitamina-iturri bikaina dira. Gure gorputzeko prozesu organiko asko erregulatzen dituzte, hala nola gure nerbio-sistemaren funtzionamendu ona.
- Azala babesten laguntzen dute. Eguzki-izpiak dira gure azala zahartzearen (zelula-oxidazioa) arrazoi nagusienetako bat. Askotariko osagaiak dituen entsaladek azala ezin hobeto mantentzeko oinarrizko mantenugaiak ematen dizkigute. Kolore laranja eta gorri biziak dituzten barazkiek (azenarioa, piperrak, tomatea…) beta-karotenoa ematen digute (A bitaminaren aitzindaria), eta horrek, A bitamina bihurtuta, gure azala eta mukosak osasuntsu egoten laguntzen du. Batzuek, hala nola piperrek, C bitamina dute, eta horrek, gure kolageno-ekoizpena hobetzen duenez, gure azala leunago izaten laguntzen du; gainera, bitamina horrek oso ongi irauten du entsaladetan, barazkia gordinik jaten delako; izan ere, bitamina hori erraz suntsitzen da beroaren eraginez.
- Bihotza zaintzen dute. Antioxidatzaile asko dituztenez, erradikal askeen (zelula-oxidatzaileak) eragina gutxitzen dute; izan ere, horiek gaixotasun kardiobaskular eta endekapenezkoak eta zenbait minbizi mota sortzearekin dute harremana.
- Ahuakatez, olibez, fruitu lehorrez edo haziez lagundu eta oliba-olio birjina estrarekin ontzen baditugu, gure entsaladak gantz-azido asegabetan aberastuko ditugu.
- Heste-funtzioa erregulatzen dute. Izan ere, barazkiak zuntzetan aberatsak dira. Gainera, zuntzak odoleko kolesterola murrizten eta gluzemia (odoleko glukosa-maila) kontrolatzen laguntzen du.
- Zuntz-eduki handia izanda, asetasun-sentsazioa handiagoa da eta gehiago irauten du.
- Zaporetsuak eta nutritiboak dira. Askotariko urazen hostoak, eskarola, endibiak, ziazerbak, kanonigoak, tipula, luzokerra, baratxuria, azenarioa, erremolatxa, tomatea, zainzuria, apioa, piperrak, germinatuak… Gure entsaladetan zenbat eta barazki-barietate handiagoa sartu, orduan eta nutrizio-aberastasun handiagoa izango dute eta, hala, oreka eta osasun hobea lortuko dugu.
Erraztu ezazu lana EROSKI entsalada-poltsekin, freskoak eta kontsumitzeko prest!!