Poteko lekaleen entsaladak oso osasungarriak, ekonomikoak eta egiteko errazak dira.
Azkarrak, errazak, osasungarriak eta nutritiboak. Hala dira poteko lekaleen entsaladak, gero eta gehiago erabiltzen den prestaketa honi esker hilabeterik beroenetan ere lekaleak jan ditzakegu, sukaldean denbora aurreztu eta ongi jan diru gutxiren truke. Lekaleak oso osasungarriak dira, dietari nutriente ugari ematen diote eta, zuntz ugari dutenez, bete egiten dute eta ondorioz, jateko gogoa erregulatzeko egokiak dira. Entsalada freskoetan sasoiko barazkiekin konbinatuz gero, oso goxoak izaten dira eta gehienez bost minutu beharko ditugu prestatzeko. Artikulu honetan kontserbako lekaleen entsaladak prestatzeko adibide batzuk daude.
Edozein lekale erabili daiteke entsaladak prestatzeko. Txitxirioak, dilistak, babarrunak, soja, ilarrak… Denak oso ongi konbinatu daitezke hainbat osagairekin, hasi tomatea eta tipuletarekin eta artoa eta ahuntz gaztara arte. Jarraian hiru ideia proposatzen diren arren, hainbat eta hainbat aukera daude. Kontua da lekaleak kontserbako potetik kanpora hoztu behar direla, izan ere, ontziaren barruak hoztuz gero asko kostatzen da ateratzea eta apurtu egiten dira. Era berean, lekaleak garbitzea gomendatzen da; uretan pasa behar dira, kontserbako urak izaten duen gehiegizko gatza kentzeko.
-
Txitxirioen entsalada hotza
Kolore askoko entsalada freskoa da, oso egokia bero handirako. Lehenengo txitxirioak ateratzen dira ontzitik, ur hotzetan ongi pasa eta bol batean jarri. Gero, txikitu tipuleta eta bota. Bestalde, egin ozpin-olio soil bat (nahi izanez gero hornitu daiteke), bota txitxirioei eta ongi nahastu. Ondoren, estali ontzia eta sartu hozkailuan pare bat orduz, zapore handiagoa har dezan, eta aldi berean, txitxirioak hoztu daitezen. Entsalada mahaira ateratzerako, txikitu tomate batzuk (giro tenperaturan), piper pixka bat eta luzokerra eta bota txitxirioei. Amaitzeko, oliba-olioa eta gatz apur bat bota.
-
Babarrun- eta arto-entsalada freskoa
Oso erraz egiten da entsalada hau, nutritiboa eta erakargarria da, mahaian batera ikusten ez ditugun koloreak konbinatzen baititu. Pote bat babarrun eta pote bat arto besterik ez dira behar (artoa da munduko zerealik garrantzitsuenetakoa). Hasteko, atera lekaleak eta artoa ontzietatik, ongi garbitu ur hotzetan kontserbako likidoen zaporea eta gatza kentzeko eta bol edo entsaladara ontzi batean nahastu. Bota oliba-olio apur bat, estali eta hozkailuan sartu ordubetez. Mahaira atera aurretik, bota olio apur bat, ozpina (hautazkoa) eta gatz pixka bat. Azkenengo urratsa barazkiren baten hosto berdeak botatzea da, dela txikituta dela osorik.
-
Dilista epelen entsalada
Entsalada hau prestatzeko kontserbako dilistei ura kendu, garbitu eta zartagin batean oliba-olio birjinarekin apur bat epeldu besterik ez da egin behar. Mahaira ateratzeko, jarri cherry tomate batzuk txikituta, piper hori eta gorri zati batzuk laukitxotan eginda, porru (edo apio) zati fin batzuk eta Parmako gazta zati batzuk (edo ondutako beste edozein gazta, Mantxakoa adibidez). Ernamuin batzuk ere erabili daitezke, etxean erraz hazi baitaitezke.