Elikagai honek karbohidrato eta mineral asko du, hala nola, magnesioa, fosforoa eta potasioa.
Artoa da mundu osoan gehien kontsumitzen den zerealetako bat. Alearen osaera asko aldatzen da egiteko eta aurkezteko moduaren arabera.
Egositako artaleak, adibidez, artale lehorrak eta frijituak baino ur gehiago eta kaloria gutxiago du. Lehorra eta frijitua ohikoak dira zizka-mizka gazietan. Egositako artoa kontserban saltzen da oro har, baina freskoa edo izoztutakoa ere erosi daiteke. Entsaladetan oso ohikoa da, eta gizendu egiten duela uste izaten da, hein handi batean zizka-mizka gazietako arto lehor edo frijituarekin lotzen dutelako. Beldur horren ondorioz, askok ez dute entsaladetan artorik erabiltzen.
Artoa jada egosita eta ontziratuta erosi daiteke, baina artaburu gordina erosteko aukera ere badago. Oro har, ontziratutako produktuak azukre sinple gehiago izaten du. Baina marka batzuek azukre gutxiago gehitzen diote. Hori dela eta, komenigarria da ontzietako etiketak kontsultatzea, nutrizio arloko informazioa lortzeko.
Nutrizio-ezaugarriak
Kontserbako artoari ura eta gatza botatzen zaizkio, hermetikoki ixten diren ontzi egokietan sartzen dira eta tratamendu termikoa izaten duten, kontserbazioa bermatzeko. Artoaren berezko karbohidratoak eta gehitutako azukrea dira elikagai honen balio kalorikoa zehazten duten mantenugaiak, gutxi gorabehera, 100 kilokaloria 100 gramoko.
Asko dirudien arren, ez da hainbeste entsaladetan zenbat erabiltzen den ikusiz gero, askotan dekoratzeko baino ez baita erabiltzen. Zopa-koilarakada bat arto 20 gramo inguru da eta 20 kilokaloria besterik ez ditu. Gainera, egositako artoak bitamina gehiago eskaintzen dizkio entsaladari, eta kopuruz asko ez izan arren, dietako gainerako mantenugaiei gehitzen zaie.
Karotenoideak nabarmentzen dira, aleari kolore horia ematen diotenak, hala nola, beta-karotenoa edo A pro-bitaminak eta folatoak, baita mineralak ere, magnesioa, fosforoa eta potasioa batez ere, eta sodioa ere bai, kontserbatzeko eta zaporea emateko gatza bota bazaio. Landare jatorriko elikagaia denez, zuntza du, bere nutrizio-balioaren zati da, hau da, 100 gramoko 2 gramo inguru, eta entsaladako gainerako osagaien zuntzari gehitzen zaio. Oso aukera ona da hesteak ondo ibiltzeko eta idorreriari aurre egiteko.
Artoa osagai egokia da zeliakoentzat, ez baitu glutenik, arrozak bezala. Bestalde, diabetesa izanez gero, artoak karbohidrato ugari du. Kontuan izan behar da egositako bi zopa-koilarakada arto, bi hatzeko lodiera duen ogi zati baten pareko direla. Pisu handiegia edo obesitatea izanez gero ere, gauza bera egin daiteke dietako kaloriak ez gehitzeko.
Merkatuan badira egositako arto light-ak ere. Egositako arto hau ez da ohikoa bezalakoa, ura botatzen zaion arren, azukrerik ez baitu izaten. Horregatik kaloria gutxiago izaten du, 100 gramoko 70 kilokaloria inguru, baina baloratu egin beharko da entsaladako artoa ote den dietako kaloriak hankaz gora jartzen dituen elikagaia.
Entsaladen osagarria
Artoak dituen karbohidratoei esker, entsaladetarako osagarri egokia da, entsaladetan erabiltzen diren barazki gordinek bitaminak eta mineralak izaten baitituzte batez ere. Bazkari edo afari bat osatzeko behar diren proteinak bigarren plateretik lortu behar dira edo entsaladari proteina duten elikagaiak jarri behar zaizkio, atuna, gazta, arrautza, fianbrea eta oilaskoa, besteak beste. Barazki gordinen entsaladez gain, arrozaren, pastaren edo patata egosien entsaladetan ere erabili daiteke artoa. Elikagai horiek guztiak karbohidrato askokoak dira. Era berean, ogirik, patatarik, arrozik edo irina duen beste ezer ez badago jatordu bat osatzeko, karbohidrato gehiago izateko baliabide dietetikoa izan daiteke artoa.
Errezatu ugari eta anitzetan erabiltzen da arto egosia zaporea eta kolorea emateko oinarrizko elementu gisa. Arto egosia erabili daiteke zopekin, ganbekin, artoarekin egositako babarrun gorriak egin daitezke, pasta ere bai eta koloretako pasta entsaladan ere erabili daiteke.