Munduko hainbat txokotik iristen zaizkigun arroz barietateak errezeta mota ezberdinak prestatzeko egokiak dira.
Gaur egun, arroz-mota asko dago salgai. Mugen liberalizazioa eta bidaia handiek hartu duten ospeari esker, inportatuko zaporeetara ohitu gara. Agertoki horretan, barietate berri anitzak agertu dira, gero eta ohikoagoak direnak. Jarraian mota bakoitza zein plateretarako egokia den eta bere ezaugarri nagusiak azalduko ditugu.
Basmati
- Ezaugarriak: aleak elkarren artetik ondo bereizten dira, ez dira itsasten. Nolabaiteko intxaur-usaina dauka. Arroz leuna dugu eta ez da likatsua. Ale luzeko barietate honek bere tamaina bikoizten du egosi eta gero.
- Non da popularra: Punjab eskualdean (India eta Pakistan artean).
- Zertarako erabiltzen da: arrain eta itsaskien garnizio moduan zerbitzatzeko edo plater asiar eta arabiarrak prestatzeko egokia da. “Arroz-entsaladak, curry-arroz ospetsua edo Tandoory edo Pilaf arrozak egiteko”, adierazi du Cruz Martínez Rosillok, kultura gastronomikoan aditua den dietista-nutrizionista.
- Trikimailuak: egosteko 10 minutu inguru behar ditu.
Jasmin edo “thai”
- Ezaugarriak: jasmin usain leuna duen ale luzeko barietatea dugu. Basmati motaren ordezko gisa erabili ohi da, merkeagoa delako.
- Non da popularra: Tailandian. Bertan oso preziatuak dira bere usain gozoa eta fruitu lehorren zaporea.
- Zertarako erabiltzen da: “arroz frijitua prestatzeko ezin hobea da. Oso ondo geratzen da zopa eta tailandiar jatorriko plateretan”, azaldu du Martínez Rosillok.
- Trikimailuak: 20 minutuz egosi.
Likatsua
- Ezaugarriak: ale laburrekoa. Likatsua, argizarizkoa, gozoa edo mochi izenez ezaguna. Egosi ondoren, bere aleak elkarren artean itsatsi egiten dira, horregatik, erraza da arroz-mota hau zotzekin jatea.
- Non da popularra: Laos, Txina eta Tailandian oso ugaria da.
- Zertarako erabiltzen da: plater gozoak prestatzeko, Asian. Aleak itsatsita eta bigun geratzen direnez, sushia prestatzeko arroz bikaina dugu. Lurrunetan prestatzen da, zumezko saskitxoetan edo loto-hostoetan.
- Trikimailuak: ur gutxi behar du, almidoi-eduki altua duelako.
- Nola prestatu sushirako arroza
Bihi osokoa
- Ezaugarriak: azalik gabeko ale iluna da, baina leundu gabea. Bere zahiaren parte handi bat mantentzen du eta nutriente, zuntz, mineral eta bitamina gehiago eskaintzen ditu. Egosketa geldokoa, bere zaporea gozoa da nolabait eta fruitu lehorrak ekartzen ditu gogora, mastekatzeko erraza den testurarekin.
- Non da popularra: mundu osoan zehar kontsumitzen da.
- Zertarako erabiltzen da: argaltzeko dietetan. Arroz zuriarekin alderatuta, pisua hartzeko aukerak murrizten ditu % 50ean, US National Library of Medicine liburutegiak egindako ikerketaren arabera. 12 urtez luzatu zen ikerketa horrek 38 eta 63 urte arteko 74.000 emakume hartu zituen kontuan.
- Trikimailuak: azkar kontsumitzea. Arroz zuria baino arinago zaharmintzen da. Zapore gutxiago xurgatzen du.
Arborio
- Ezaugarriak: ale laburreko arroza dugu, barietate japoniarrekoa. Bere almidoi-eduki altuak testura krematsua ematen dio. Beste mota batzuk baino leunagoa da. Zaporeak eta koloreak ondo xurgatzen ditu eta bere pisua bost aldiz har dezake likidoan.
- Non da popularra: Arborion (Italiako iparraldean).
- Zertarako erabiltzen da: risottoak prestatzeko. Bere testura samur eta krematsuari esker, arroz melenga, kroketak eta azkenburukoak (adibidez arrozesnea) prestatzeko barietate bikaina dugu.
- Trikimailuak: carnaroli, baldo eta padano barietateak arborioren aurretik egoten dira risottoak prestatzeko, baina Espainian aurkitzeko zailagoak dira. Egosketa-denbora 14 eta 18 minutu bitartekoa da.
- Nola prestatu risotto on bat
Pigmentatua
- Ezaugarriak: ale laburrekoa. Zahiaren pigmentuek kolorea ematen diote. Eraldaketa txiki bat egiten zaio alea estaltzen duen parte hori mantendu dezan. Izan ere, parte hori kenduz gero, kolorea eta propietate antioxidatzaileak galtzen ditu. Barietate gorriak, moreak, beltzak eta berdeak daude.
- Non da popularra: barietate beltza edo venere delakoa antzinako Txinan erabiltzen zen jada: enperadoreentzat erreserbatzen zuten eta garai batean gainerako biztanleentzat debekatu ere egin zuten. Arroz berdea edo aplati izenekoa Vietnamen lantzen da batik bat, eta gorria, Tailandia, Bhutan, Estatu Batuak edo Frantzian. Azken herrialde horretan Camargueko barietatea nabarmentzen da.
- Zertarako erabiltzen da: platerak apaintzeko (sushia, noodleak edo budinak). Intxaur usaina dauka eta testura zimurdun kurruskaria. Azkenburukoak prestatzeko egokia da.
- Trikimailuak: 45 eta 50 minutu bitartean egosi. Egositako aleak biziak eta apur bat gozoak dira.