Konposatu hauek haien ezaugarri sentsorialetan eragina daukate, adibidez kolore biziak eta zapore garratzak agertarazten dituzte, eta tentsio arteriala hobetuko lukete.
Fruitu gorriek, hau da, basafruituek, beste frutak bezala ur eta mantenugai erregulagarri asko dituzte haien konposizioan. Andere-mahatsek, ahabiek, masustek, basaranek, mugurdiek eta marrubiek, horiek guztiek zuntza, bitaminak, mineralak eta oligoelementuak dituzte, baita fitokimiko asko ere. Desberdintasun nagusia flabonoideak dira, fruten ezaugarri sentsorialetan (kolore gorri eta more biziak, zapore garratza…) eragina daukaten konposatu bioaktiboek, eta haien funtzio antioxidatzaileagatik nabarmenak dira. Berriki egindako ikerlan batean, behaketa-teknikan oinarrituta, mota askotariko flabonoideen ohiko kontsumoaren eta hipertentsioaren garapenaren arteko lotura aztertzen da. Horren ondorioek konposatu hauetan aberatsak diren elikagaien funtzio prebentiboa indartzen dute, adibidez fruitu gorriak.
Fruitu gorrien flabonoideak
Naturan, 6.000 flabonoide-konposatu mota baino gehiago aurki ditzakegu. Besteak bete, honakoak nabarmentzen dira: antozianinak, flabonol eta flabonak, flabanonak, txalkonak eta dihidrotxalkonak, flabanolak eta isoflabonak. Isoflabonak ia bakarrik lekaleetan aurki daitezke, batez ere sojan. Konposatu hauek, organismoan funtzio garrantzitsua betetzeaz gain antioxidatzaileak direlako, elikagaien ezaugarri sentsioraletan eragin handia daukate.
Antozianinak basafruituei kolore gorri-urdinxka ematen dieten konposatuak dira (ahabi gorriak edo urdinak, masustak…), eta oso nabarmenak dira sasoiko frutetan, adibidez marrubiak. Flabonolak horixkak dira, eta zapore mingotsa ematen diete zitriko batzuei, arabisagarra adibidez.
“The American Journal of Clinical Nutrition” aldizkarian argitaratutako ikerlan batean, populazio-zati handian (150.000 pertsona baino gehiago) aztertzen da flabonoide-kontsumo ohikoaren eta hipertentsioaren garapenaren arteko lotura. Cassidy eta laguntzaileen lanaren arabera, flabonoide-ahorakin handia, batez ere antozianinak, hipertentsioa garatzeko arrisku txikiagoarekin lotzen da (% 12ra arteko murrizketa). Aurkikuntza honen azalpena horren egiturazko ezaugarrietan bilatu beharko genuke. Horrek esan nahi du hainbat akziobidek maila baskularrean eragina daukatela.
Hala ere, ezin dugu ahaztu behaketa-ikerlana dela eta, horregatik, ezin ditugu zergatiak ondorioztatu. Gainera, populazioak egiten zuen kontsumoa oso aldakorra izan zen: pertsona batzuek 12 eta 15 mg/egun arteko ahorakinak egiten zituztzen, txikienak, eta handienak 1.252 mg/egunekoak ziren. Andere-mahats edo ahabi errazio bat (katilukada bat) 500 miligramo antozianina baino gehiago izan ditzake.
Hori bai, emaitzak bizimodu desberdinen ondorioz okerrak izateko posibilitatea ia guztiz minimizatu da. Kontuan hartu eta kontrolatu dira hipertentsio arterialarekin lotura daukaten errakuntza-faktore gehienak: tabakismoa, gorputzaren masa-indizea, jarduera fisikoa, alkohol-kontsumoa, familia-historia, aspirina-kontsumoa, eta mota askotatako elikadura-aldagaiak. Bestalde, emaitzak sendoagoak dira aurkitu den lotura bakarrik antozianinekin izan delako, eta ez beste flabonoideekin.
Eragin antioxidatzaileak
Barazkien antioxidatzaileak, orokorrean, “erradikal askeen” eragina blokea dezakete. Erradikal horiek kalte zelularra ekartzen dute, eta gaixotasun kardiobaskular eta zerebrobaskularren, minbizi-mota batzuen, eta endekapenezeko gaixotasunen garapenarekin zerikusia daukate.
Elikagaien antioxidatzaile-edukia adierazten den datu-baseetan, fruitu gorriek (marrubiak, masustak, ahabiak eta andere-mahatsak, adibidez) lehen postuak hartzen dituzte. Hala ere, kontuan izan behar dugu antioxidatzaile-eduki handiagoak ez duela esan nahi elikagai hori osasuntsuagoa denik; hori absorbatzen diren antioxidatzaile-kantitatearen menpean dago, eta oraindik aztertzen ari da.
Gomendatutako kopurua
Nahiz eta fruitu gorriak konposatu potentzialki osasungarriak izan, nutrizio-sozietateek hainbat motatako fruta, barazki eta ortuariak jatea, eta asko, gomendatzen dute, jatorri begetala daukaten elikagaietan oinarritutako dieta osatzeko. Elikagai-mota bat bakarrik jateak ez ditu arazoak edo gaixotasunak sendatuko edo saihestuko. Honek balio du elikagai askotarako, batez ere “ustez gaitasun sendagarriak” dituztenak: aloe bera, soja, te berdea, edo goji baiak.
Gogorarazi nahi dizuegu nutrizio- eta dietetika-adituek ez dutela gomendatzen mota bateko fruta edo barazkia bakarrik jatea, baizik eta elikagai begetalak, hainbat motatakoak eta neurri batean, eguneroko dietan barneratu beharko genituzkeela.