Ekilibria

Fruta hezurdunak: bost aukera oso osasuntsu

Fruta hezurdunak usaintsuak eta gozoak izatez gain, ur kopuru handia dute, baita azukrea, bitaminak, zuntzak eta mineralak ere.

Frutak osasunarentzako altxorrak dira. Ezinbesteko elikagaiak dira organismoaren ongizaterako, elikadura-propietate bikainak baitituzte. Zuntz, bitamina, antioxidatzaile eta mineral ugari dute, deigarriak dira, kolore, forma eta neurri anitzekoak. Frutek azkar hidratatzen dute organismoa, bitamina eta mineral ugari eskaintzen dute (C eta E bitaminak, kaltzioa, fosforoa edo burdina), digestio-aparatuaren funtzionamendua errazten dute, organismoari zuntza ematen diote eta ez dute gantzik, fruitu lehor batzuek gantz asegabeak dituzten arren. Modu batera baino gehiagotara sailkatu daitezke frutak, izaera, egoera edo ezaugarri botanikoen arabera, besteak beste. Erreportaje honetan fruta hezurdunen ezaugarriak daude eta bost kasu esanguratsu nabarmendu ditugu.

 

Fruta hezurdunen ezaugarriak

Fruta hezurdunek beren barruan hezurra izaten dute, izenak esaten duen bezala. Klima epeletan izaten dira eta, oro har, udan eta udazkenean heltzen dira. Oso egokiak dira gordinik jateko eta konpota, marmelada edo gozoak egiteko ere bai. Albertxikoa, muxika, arana, nektarina eta paraguaioa nabarmentzen dira. Usaintsuak eta gozoak, ur ugari dute, fruta hauek guztiak errosazeoen familiakoak dira eta A, C eta E bitamina, zuntz eta mineral ugari dute.

Albertxikoa

  • Albertxikoa Asiatik dator. Melokotoiaren tankerakoa da, baina txikiagoa, hori-laranja kolorekoa eta tonu gorri batzuk ditu. Karotenoide ugari du, baita zuntza, magnesio, potasio eta kaltzio ugari ere eta A eta C bitaminak. Egokia da azala eta ikusmena babesteko eta antioxidatzaileek minbiziaren aurkako ondorioa dute organismoan. Bere mamiak zuntz asko du eta trinkotasun irintsua, fruta helduagoa den heinean.
  • Albertxikoak fresko kontsumitzen dira, nahiz eta konpotak eta pastelak egiteko ere erabili. Bere eratorrien artean albertxiko-orejoiak daude. Fruta freskoari azala eta hezurra kentzen zaizkie eta txikitu egiten dira, ondoren lehortzeko.
  • Nola aukeratu. Bere zapore gozo eta freskoaz gozatzeko, ongi helduta kontsumitu behar dira. Uda da garairik egokiena, nahiz eta neguan ere egoten diren. Kolorerik gorrixkena dutenak aukeratu behar dira, apur bat helduak, behatzarekin sakatzean biguntzen hasita daudenak. Komenigarria da kaltetutako edo oso bigundutako aleak ez hartzea.
  • Kontserbazioa. Albertxikoak hozkailuan gorde behar dira eta erosi ondorengo 3-4 egunetan kontsumitu.

 

Muxika

  • Muxika da barietaterik gehieneko fruta: urtero espezie berriak saltzen dira merkatuan. Fruta motaren hazkundea baldintza klimatikoen eta labore motaren araberakoa izaten da, horregatik dago horrenbesteko aukera. Txinakoa da eta 3.000 urte baino gehiagoko labore-hondarrak daude. Ezaugarri oso osasungarriak ditu, ur ugari, zuntza, A, C, B1, B2 eta B6 bitaminak, potasioa, fosforoa, magnesioa, kaltzioa, sufrea, kloroa, manganesoa, kobrea, burdina eta beta karoteno motako antioxidatzaileak.
  • Freskoan kontsumitu daiteke azkenburuko gisa, jatordu batetik bestera edo entsaladetan. Grillean ere egin daitezke, frijituta, tartetan, izozkietan edo souffléetan. Konpotak eta marmeladak egin daitezke, plater gaziekin konbinatu, haragiak hornitzeko erabili, besteak beste.
  • Nola aukeratu. Itxura oneko aleak aukeratu behar dira, ukitzean apur bat bigunak daudenak. Aldiz, orban berdeak dituztenak ez dira hartu behar (heldu gabe daudela esan nahi du) ezta kolpeak dituztenak edo helduegiak direnak ere.
  • Kontserbazioa. Melokotoientzako garairik hoberena ekaina, uztaila eta abuztua dira. Hozkailutik kanpo eduki behar dira berdeak badaude eta hozkailuan eduki behar dira heldutakoak, ez dira bata bestearen gainean jarri behar eta izoztu ere ez.

 

Arana

  • Persia, Anatolia eta Kaukasokoa jatorrian, arana erraz izaten den fruta da, tenperatura baxuak erraz jasaten baititu. Ur ugari du (%80 inguru) eta zuntza, A, C, B1, B2 eta E bitaminak, potasioa, magnesioa, fosforoa, kaltzioa, burdina eta sufreaz gain.
  • Kontsumitzeko sasoirik egokiena apiriletik irailera da. Freskoan jan daitezke, lehortuta, konpotan edo konfituran edo mota guztietako haragien hornigai gisa. Errezeta ugaritan erabiltzen da arana osagai gisa. Indioilarra, oilaskoa edo zerri-haragia oso egokiak dira aranarentzat. Freskoak badira, azkenburuko egokiak dira. Beste aukeretako bat erditik ireki, hezurra kendu eta sukaldean egitea da. Tartak egin daitezke, mousseak eta gozogintzan erabili daiteke, oro har.
  • Nola aukeratu. Erosterakoan kontuan izan ez dutela orban marroirik eta ez daudela zimurtuta, horrek gehiegi heldu direla esan nahi baitu.
  • Kontserbazioa. Kontserbatzeko, hozkailutik kanpo utzi behar dira pixka bat berdeak badaude eta hozkailu barruan, helduta badaude. Ez dira pilatu behar eta 3-4 egun iraun dezakete.

 

Nektarina

  • Ezaugarriak. Nektarina ez da muxika eta aranaren arteko gurutzaketa bat. Muxikaren barietate bat da, hau da, gizakiak parte hartu gabe sortu da. Muxikarekin alderatuz gero, kanpoko azala desberdina da, leun eta distiratsuagoa, eta neurriari dagokionez, nektarinak txikiagoak dira.
  • “Nektarina” hitza nektarretik dator eta bere zapore handi eta gozoagatik deitzen zaio horrela. Mineral ugari du, hala nola, burdina, magnesioa, fosforoa eta potasioa, zuntza eta A, B1, B2, B2, E eta C bitaminak ere bai. Sodio maila oso txikia duenez, fruta hau oso egokia da hipertentsioari eta likidoen erretentzioari aurre egiteko.
  • Freskoan kontsumitu daitezke, baina kontserbak, marmeladak, konfiturak eta jaleak ere egin daitezke. Askotan azkenburukoetan, tartetan, pasteletan eta izozkietan erabiltzen da.
  • Kontserbazioa. Hozkailuan gorde behar dira helduta egonez gero edo giro-tenperaturan heldu gabe badaude.

Paraguaioa

  • Ezaugarriak. Paraguaioa -paraguaia ere esaten zaio- muxika barietate bat da. Zanpatutako forma du eta belusatutako azala. Muxikaren mutazio batetik dator. Toki epeletan izaten da eta bere itxura fisikoagatik baino ez da bereizten muxikatik.
  • Elikadura-ezaugarri antzekoak ditu; karoteno ugari, ura, zuntza, A, C, B1, B2, B6 bitaminak, potasioa, magnesioa, kaltzioa, sufrea, kloroa, manganesoa, kobrea, burdina eta antioxidatzaileak.
  • Oro har, freskoak kontsumitzen dira, baina aukera gastronomiko gehiago ere baditu. Tartak, galletak, marmeladak edo jaleak egiteko erabili daiteke.
  • Nola aukeratu. Erosterakoan bere itxura kontuan izan behar da, gehiegi helduta daudela adierazten duen orbanik ez dute izan behar.
  • Kontserbazioa. Muxika bezala, paraguaioa ere hozkailutik kanpo eduki behar da berdea badago eta hozkailuan, helduta badago. Ez dira pilatu behar, elkar ez kaltetzeko.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
53929