Bost ideia erraz festa osasungarriagoak izateko.
Abenduko jaiegunak egutegian metatzen dira, baina baita gure organismoan ere, elikagaien eta menu erakargarrien kontsumoarekin kontuz ibili ezean. Abenduaren 6tik urtarrilaren 6ra opariekin, argiekin eta musika tradizionalarekin, familia-ospakizunekin, maitasuna eta bakea opatzeko une magikoekin… betetako jaialdia bizitzen dugu. Baina sedentarismoa ere handitzen da, eta kategoria guztietako elikagaien kontsumoa gomendatukoaren gainetik igotzen dugu: bertakoak eta exotikoak, itsasokoak eta lurrekoak, kaloria gozo eta gazidunak, likidoak eta solidoak, osasungarriak eta ez hain osasungarriak. Horregatik, Gabonak originaltasunez eta osasunez blaitzeko bost ideia proposatzen ditugu.
Ideia hauek aplikatzean, gure adimena eta gorputza 2018 zoriontsu batera iragan daitezke, abenduaren 31n egunkarian honelakoak idazteko beharrik gabe: “Urte berria hasten denean, hobeto jango dut, ariketa gehiago egingo dut eta ohitura txarrak baztertuko ditut”. Has gaitezen! Hauts ditzagun aurrez ezarritako ohiturak eta moldeak -laberakoak izan ezik- Gabonen aurretik.
-
Sortzailea (eta aktiboa) izatea mahaia apaintzean
Seme-alabekin ospakizunetarako mahaia modu desberdinean apaindu, nahiz eta etxea eta egongela Gabonetako zuhaitzarekin eta Eguberrietako apaingarriekin beteta eduki. Goiz horretan bertan familiak bildutako pinaburuekin, ezkurrekin, harritxo distiratuekin eta adartxoekin egindako mahaierdikoa perfektua izan daiteke mahaia alaitzeko, fabrikatutako elementu klasikoren batekin lagunduz. Beste egun batean, intxaurrak, arbendolak edo urrak jar ditzakezu, eta kolore edo forma bereziko frutaren bat.
Ideia hori aprobetxatuz, ibilaldia antolatuko dugu hurbilen dugun basora, ospakizun bakoitzerako elementu ezberdinak biltzeko. Ez utzi autoa baso-bideren baten aldamenean utzi eta 15 minutuz ibili. Behintzat bi edo hiru orduko familia-ibilaldia antolatu haurrekin, aldez aurretik eguraldia kontsultatuta, noski, kontua ez baita albistegian ateratzea.
Giro atsegingarri bat osatzeko, apaingarriez gain, haurrekin musika-bilduma polit bat aukera genezake, bals gozoak, piano-pieza atseginak eta barrokoko divertimento txikiak ezagut ditzaten. Jai-giroa alaitzeko, Strauss, Chopin, Mozart, Satie eta Boccherini bezalako maisuak aukera ditzakegu. Gure seme-alabak eta gonbidatuak plazer estetiko horren partaide izango dira, eta data berezi horietan mahai inguruan bilduta egotearen gozamenarekin osatuko dute hori.
-
Menua pixka bat arindu
Menua sarrerekin, lehenengo eta bigarren platerekin eta azkenburukoarekin diseinatu beharrean, bigarren platera ken daiteke (egun horietan soberan jaten dugu). Orokorrean, horixe da prestatzeko denbora eta energia gehiago behar duena, eta plater horretara iristerako, ez dugu gose gehiegirik izaten, gainera. Eta sarrera gisa, ondo aurkeztutako aukera begetalak jar ditzakegu. Aukera erosoak eta ekonomikoak dira, denbora aurreztu eta Gabonetako menuei kolore berezia emateko: hummusa, etxeko onddo-krema, kanonigoen entsalada, datilak eta laranja, zainzuri berdeak intxaur-gremolatarekin, mendrezka piper erreen gainean, brokoli eta babarrun gorrien krema, baba txiki samurrak ozpin-olioarekin, endibia-txalupatxoa ahuakate-kremarekin… eta makina bat gehiago.
-
Platerak estiloarekin zerbitzatu
Dotorea -eta osasungarriagoa- da platerak ondo aurkeztuta eta elikagai-kopuru egokiarekin irtetea sukaldetik. Erretiluak eta kazolak utzi ohi ditugu, mahaikideek errepika dezaten. Horrek espazioa okupatzen du, eta, ondorioz, komunikazioa oztopatu eta mahaia itsusten da -seme-alabek apaintzen lagundu ondoren!-. Halaber, azkenburukoak, turroiak, polboroiak eta Eguberrietako produktu tipikoak (ez dira nahitaezkoak) aurkezten direnean, senide eta gonbidatuei gogorarazi zerbitzatu ostean mahaitik kendu behar direla. Afalondoak hiru orduz luza daitezke, eta uneoro eskura edukitzen baditugu, oharkabean kontsumitzen ditugu, beteta bagaude ere.
-
Aukera osasungarriak eskaini
Gustua aniztasunean dago. Ez dira zertan ospakizun guztietan Gabonetako gozo tipikoak eskaini behar. Agian, bada garaia horien ordez fruta exotikoetan oinarritutako azkenburukoa aurkezteko, merkatuek data horietan aukera zabal eta erakargarria dutela aprobetxatuz: akebia, litxi, mangostan, luzoker afrikarra edo milua -bai, Tintinen txakurra bezala-, pitaia edo dragoiaren fruta, rambutana, yaca, uchuva eta aguaymanto. Horiek guztiak platera apaintzeko balio dezakete. Eta haurrentzako hain “ausartak” ez diren aukerak nahi badituzu, mangoa, txirimoia edo papaia dituzu, nahiz eta ohikotasunez kontsumitzen ditugun jada merkatuen globalizazioaren ondorioz. Ondo moztuta eta aurkeztuta, fruta horiek mahaikide guztien ikuspegia alaituko dute.
-
Denentzako mahai-jokoak
Afalondoan, pantailei begiratu beharrean, mahai-jokoak ateratzeko unea da. Haur askok gustuko izango dituzte, gurasoak eta senideak haiek bezainbeste edo gehiago dibertitzen direla ikustean, ohikoak ez diren lehiakideak (edo aliatuak) edukitzeaz gozatzearekin batera: Intelect, Blokus, Risk, Cluedo, Colonos de Catán, Carcassonne, Monopoly… (zaila da haur bati ez gustatzea haren jabetzako kaleetan erotzen direnei “kobratzea”). Adinaren arabera, beste joko batzuk daude: bingoa, partxisa, antzara, karta-jokoak hala nola familiak, UNO, bikote-jokoak ikusmen-memoria lantzekoak…
Amaitzeko, garrantzitsua da aipatzea data esanguratsuak badira ere, etxean haurrak egonez gero, ez dugula erre behar, ezta alkohola edan ere, okerreko mezua ematen ari garelako, hots, “neurriz” eginda ez dela txarra. Tabakoa eta alkohola toxikoak badira, toxikoak dira beti, eta gure haurrei hori erakusteko modurik onena eredu izatea da. Alkohola edateko edo erretzeko ohitura badugu, haiek ikusten ez dutenean egin. Duelako gutxi intoxikazio alkoholiko larriak izan duten 14 urtetik beherakoen kasuak, baten bat heriotzan bukatu delarik ere, sakon hausnartzeko balio behar digute.