Fruta-azkenburukoak aukera bikaina eta koloretsua dira, Gabonetako bazkariak eta afariak modu osasungarrian amaitzeko.
Gabonetan, gure elikadura-ohiturak aldatzen ditugu. Egun horietan, otordu kaloriko, saltsa, koipe eta azukre gehiegi kontsumitzen ditugu. Ohiturak hobetzeko modu bat da menuan zenbait aldaketa egitea; esaterako, barazki, entsalada eta fruta gehiago jatea. Fruta hasierakoetan, entsaladetan, errekien garnizioetan… erabil daiteke, eta, zalantzarik gabe, baita azkenburukoetan ere. Artikulu honetan, Gabonetarako fruta-azkenburukoak egiteko zenbait ideia ematen ditugu, egun horietako bazkari eta afarietarako amaiera gozo-gozoa (eta ikusgarria) prestatzeko.
Frutekin lotutako lau ideia Gabonetarako
Freskoak edo erreak. Marmeladak eta konpotak. Sorbeteak eta kremak, izozkiarekin, mazedonietan… Fruta protagonistatzat duten etxeko azkenburukoak prestatzeko modu asko daude. Errezeta horiek Gabonetan ere arrakasta izateko gakoa da kolorea eta dotorezia ematea, eta aurrez eginda edukitzea, egin beharreko bakarra platerean jarri eta zerbitzatzea izan dadin.
- 1. Fruta-krepeak. Krepeak bazkaldu edo afaldu aurretik presta daitezke, eta sukaldean gorde, postrerako unea iristen den arte. Jan aurretik, labean berotuko ditugu pixka bat, eta jogurt oso hotzarekin bete. Betegarri horren gainean, askotariko frutez egineko mazedonia jarriko dugu. Horrela, digeritzeko errazak diren bi jaki osasungarri konbinatuko ditugu: jogurta eta fruta freskoa. Gabon-ukitua emateko, mingrana-aleak edo fruitu gorriak jar daitezke, apaintzeko.
- 2. Fruta-tarta. Sasoiko frutekin (adibidez, sagarra edo udarea) egindako tarta erraz bat aukera ona izan daiteke, bazkari oparo bat gozotasunez bukatzeko. Horretarako, hostore-oinarria prestatuko dugu. Azukreaz hautseztatuko dugu, eta laberatu. Behin laberatuta, modu irregularrean hautsiko dugu. Frutak erreko ditugu, edota kozinatu eta xukatu (konpota egin dezakegu, esaterako). Gero, hostore-zati bakoitzaren gainean jarriko ditugu. Frutarekin batera, bolatxo bat marrubi- edo limoi-sorbete jarriko dugu, hostore gainean. Eta prest dugu jada! Egiteko erraza eta azkarra.
- 3. Mazedoniak. Fruta-entsaladak ezinbestekoak dira familiako otorduetan. Aurkezterakoan, broxeta sinple batzuk egin ditzakegu, edota kopa eta katilu indibidualetan fruta garbi eta zatituta zerbitzatu. Izozki-bolak ateratzeko gailua erabil dezakegu fruta mamitsuekin (sagarrak, meloia, muxika…) bolak egiteko. Mazedoniak aurkezteko beste aukera original eta ikusgarri bat da hustutako fruten azala erabiltzea ontzitzat. Laranjak, adibidez, aukera ona dira horretarako, trinkoak baitira.
- 4. Fruta espeziekin. Zenbait fruta (anana eta kiwia, kasu) oso freskagarriak dira Gabonetako bazkari edo afari baten ostean, baina tarteko egunetan ere aukera atsegin suertatuko zaizkigu. Ananari, adibidez, ukitu sofistikatua eman nahi badiogu, azafrai edo piperbeltz pixka batekin ondu daiteke. Horretarako, anana zuritu eta xerratan moztu behar da, eta plateraren beheko aldean jarri. Almibarra ere egin dezakegu, azukrearekin, ananaren zukuarekin eta ur tanta batzuekin. Irakiten hasten denean eta hari mehearen lodiera hartzen duenean (itsaskor egotea, baina ez trinko), azafrai-harizpiak bota, eta irakinaldi bat emango diogu. Piperbeltz pixka bat botako diogu, sutik aterako dugu, eta jalkitzen utzi, infusioa bailitzan. Behin almibarra epeldu denean, anana-xerrei gainetik botako diegu, eta hozkailuan jalkitzen utzi ordubetez. Fresko zerbitzatu behar da.