Ekilibria

Gaztak izoztu al daitezke?

Gazta mota batzuk izoztu daitezke, baina beren propietate batzuk galduko dituzte.

Gaztak izoztu daitezkeen edo ez galdetuz gero, batzuen ustez astakeria da eta beste batzuen iritziz propietateak galdu gabe izoztu daitezke. Izozteak abantaila argiak ditu, produktuen bizitza erabilgarria luzatzen da, mikroorganismoak sortzea murriztu edo geratzen baitute, eta elikagaien bidez igortzen diren gaixotasunei aurrea hartzen zaie, janari gutxiago bota behar izateaz gain. Elikagairik gehienak izoztu daitezkeen arren, izozteko modua aldatu egiten da beren ezaugarrien eta propietateen arabera. Horixe gertatzen da gaztarekin ere, motaren eta tipologiaren arabera zenbait gauza izan behar dira kontuan. Artikulu honetan azaltzen da zein gazta mota izoztu daitezkeen eta zein ez, eta gaztak gordetzeko beste zer modu dauden.

Elikagaiak gordetzeko sistemetako bat da izoztea, hau da, 0ºC azpiko tenperatura ezartzen zaie eta duten uraren zati bat izoztu egiten da. Tenperatura zenbat eta baxuagoa izan, are eta baldintza gutxiago dute mikroorganismoek ugaritzeko, beraz, produktua ia ez da alteratzen. Ura solidifikatzen denez, elikadura lehortu egiten da, ondorioz, hobeto gorde daiteke. -18ºC da hautatutako tenperatura, bakterioak ugaltzea ia ezinezkoa baita maila horretan. Baina kontuan izan behar da izozteko tenperaturak ez dituela mikroorganismoak suntsitzen, baizik eta beren hazkundea eta garapena geratzen ditu. Mikroorganismo patogeno batzuk izoztean hil daitezkeen arren, beste batzuk beren jarduera berreskuratu dezakete tenperaturak gora egindakoan.

Hozteaz gain, izoztea da elikagaiak gutxien aldatzen dituen sistema, desizoztutakoan produktu gordinen propietateak gorde egiten baitira. Duela gutxi ziurtatu zuten Elikagaien britainiar agentziako (FSA) adituek “ia dena izoztu daitekeela”. Haragia, arraina, barazkiak edo frutak dira gehien izozten diren elikagaiak. Baina hobe da beste produktu batzuk ez izoztea, beren jatorrizko ehunduraren zati handi bat galtzen baitute. Horixe gertatzen da gaztarekin; izoztu daitezkeen arren, hobe da ez izoztea.

 

Gazta eta izoztea

Gazta izozteari edo ez izozteari buruz aurkako iritziak daude; mota batzuk izoztu daitezke galdu ez daitezen, baina kontuan izan behar da izozterakoan jatorrizko usainaren eta zaporearen zati bat galduko dela. Baina elikagaien segurtasunaren ikuspegitik ez dago arazorik. Dena dela, gaztak izozterakoan bi gauza izan behar dira kontuan: ur eta koipe kopurua.

Gazta oso krematsuek, koipe eta ur asko dutenek, ehundura galtzen dute osagaiak banatzean, eta hori gertatzen da izoztean. Onduak askoz lehorragoak dira, hau da, ur gutxi dute, eta horrek bere ehunduran eragina du desizozten direnean, gehiago apurtzen eta xehatzen baitira. Bi gazta mota hauek ez izoztea hobe da. Gazta natural eta freskoak ere hobe da ez izoztea, ehundura galtzeaz gain zaporean ere eragina izaten baita. Txikitu edo xehatu egiten diren arren, kontsumitu daitezke.

Gaztarik samurrenek, aldiz, %40ko koipea dute, izozteak eragin txikiagoa egiten die eta produktuak gorabehera gutxiago izaten du.

Gomendagarria da gazta zati txikiak edo birrinduta izoztea, praktikoagoa izango baita eta bizkorrago desizoztuko da; era berean, errazagoa izango da unean kontsumitzea. Film paperean bildu daiteke edo izozteko poltsa batean jarri, airea kentzeko. Desizozteko, gazta ontzitik atera daiteke eta pixkanaka desizozten utzi. Jada izoztu den gazta hobe da berriro ez izoztea.

 

Gazta gordetzeko beste modu batzuk

Gaztak gordetzerakoan kontuan izan behar da heldu egiten dela eta egiten denetik kontsumitzen den arte eboluzionatu egiten duela. Gazta gordetzeak, beraz, esan nahi du usaina, aroma eta ehundura mantendu behar direla denboran zehar. Gazta mota bakoitza desberdina da, ondorioz, bakoitza gordetzeko beharrak ere hala dira. Eta horrek esan nahi du beren bizitza erabilgarria ere nabarmen aldatzen dela.

Delikatuenak freskoak dira, lau-bost egunetan kontsumitu behar baitira; beraz, egindako datatik ahalik eta lasterren erosi behar dira eta hozkailuan gorde kontsumitu arte. Oso azkar kutsatu daitezke, beraz, ez da hotz katea autsi behar, hozkailuko tenperaturan eduki eta ekoizleak adierazitako epean jan. Gazta gogorrak, Parmakoa esaterako, erresistentzia handiagokoak dira eta egunak edo asteak iraun dezakete.

Gaztak oro har paperean bildu behar dira, koipea jasaten duen paperean, edo ontzi ez hermetiko batean, gehiegi lehortu ez daitezen edo lizunaren ondorioz narriatu ez daitezen. Plastikozko paperean bilduz gero, gazta “izerditu” egingo da eta lizunak haziko dira. Hozkailuan gune ez oso hotzean jarriko dira, hezetasunik handienekoan, hau dago erdialdean edo goiko zatian gehienetan.

Sortu zure kontua eta jaso ezazu astero gure newsletterra, EROSKIren azken berriekin eta informazio komertzialarekin

Izena eman nahi?
114011