Koloreetan bezala, bat dago gustu bakoitzerako. Intxaurrak, hurrak, arbendolak, pistatxoak, anakardoak… gordinik, txigortuta edo frijituta, azalarekin edo azalik gabe. Eskaintza izugarria da! Gure eguneroko dietan eskutada bat sartzea ideia bikaina da, izan ere, oso energia-iturri osasungarria baitira, batez ere gordinik edo txigortuta. Gosaritik afarira, aukera asko daude.
- Zer dira fruitu lehorrak?
Zenbait zuhaitz edo landarek eskaintzen dizkiguten fruitu jangarriak dira, oskol gogor batean bilduta egoten direnak eta ur-eduki txikia dutenak. Horregatik esaten zaie “lehorrak”. Arbendolak, hurrak, anakardoak, intxaurrak, ekilore-haziak, pinaziak edo pistatxoak familia horretakoak dira. Honako hauek dira fruitu lehorren osagai nagusiak: proteinak, bihotzerako osasungarriak diren koipeak, zuntza eta askotariko bitamina eta mineral ugari
Eta non geratzen da kakahuetea? Gehienok beste fruitu lehor bat dela uste badugu ere, baieztapen hori ez da guztiz egia. Botanika-ikuspegitik, kakahuetea lekaleen familiakoa da (hainbat hazi leka batean) baina nutrizio-ikuspegitik fruitu lehorren askoz antz gehiago du.
Eta gaztainak? Gaztainak ere fruitu lehorren familiakoak dira, baina nutrizio-profila kontuan hartuta, koipearen ordez karbohidrato asko, zerealen taldean sartzen dira.
- Nola kontsumitu: gordinik, txigortuta ala frijituta?
Janari naturalak direnez, gordinik jan daitezke, batere prestatu gabe, baina gehienetan frijituta edo txigortuta ere aurkezten dira. Aukera osasungarriena gordinik edo txigortuta jatea da, horrela hobeto gordetzen dituztelako euren propietateak eta onurak.
Frijituta zaporea areagotzen da, baina kaloriak, kalitate txarreko koipeak eta gatza ere gehitzen dira.
Orientazio gisa, egunean 30-50 gramo jatea
gomendatzen da.
- Jaki-tokian…
Fruitu lehorrak kontserbatzeko modurik onena ontzi hermetiko batean gordetzea da, leku ilun, fresko eta lehor batean. Hozkailuan ere gorde daitezke eta baita izoztu ere.
- 5 ideia kontsumitzeko:
1. Ogi-txigorki baten gainean: gosaritarako edo askaritarako, gazta-xerra bat, tomatea eta fruitu lehor birrinduak gehitu ditzakezu.
2. Entsalada, irabiatu eta jogurtetan: intxaur, pistatxo edo anakardo eskutada bat gehitu diezaiokezu uraza- edo errukula-entsalada bati, jogurt natural bati edo fruta-irabiatu bati.
3. Pasta edo arroz integrala, kinoa edo kuskusa: fruitu lehorrekin eta ganbak baratxuriekin edo barazkiekin salteatu eta plater sinple eta gozo-gozoa izango duzu.