Jogurta oso elikagai moldakorra da errezeta gozoak eta gaziak prestatzeko; hasierako platerak prestatu daitezke, baita nagusiak eta azkenburuko ikusgarri eta freskagarriak ere.
Jogurt naturala da dagoen elikagairik moldakorrenetakoa. Eguneko edozein ordutan hartu daiteke, erraz digeritzen delako eta besterik gabe hartu daiteke, oso nutritiboa delako, edo beste osagai batzuekin nahastuta, nahiz gozo nahiz gaziekin. Frutak, zerealak, zukuak, olioak eta espeziak dira balizko konbinazioetako batzuk. Oso egokia irabiakiak eta izozkiak egiteko, baita saltsetarako eta haragia edo arraina marinatzeko ere, esneki honek hainbat irtenbide eskaintzen ditu eguneroko janari bati ukitu berezia emateko. Jarraian daude jogurtarekin egiteko hiru errezeta zaporetsu eta erabiltzeko gomendio batzuk.
Jogurtarekin sukaldatzea: aholku praktikoak
Oro har, jogurta esatean gosaria, askaria edo postrea etortzen zaigu gogora. Baina elikagai hau modu sortzaileagoan erabili daiteke egunero sukaldean. Bere azidoak eta bakterio naturalak aprobetxatu daitezke haragi, barazki eta arrainekin marinatu bikaina lortzeko. Era berean, bere ehundura fina aprobetxatu eta barazki krema egin daiteke, esnegainaren ordez erabili daiteke eta entsalada batzuk gozatzeko ere erabili daiteke, pastarena esaterako.
Hori bai, jogurta sukaldean erabiltzean jogurt naturalaz ari gara, ez zaporeetakoez. Jogurt naturalak -azukrerik gabeak- azido puntua eta zapore neutroa dituenez, elementu gozoekin erabili daiteke, baita koipeen ordez ere errezeta batzuetan (gurinaren edo esnegainaren ordez) eta saltsetan ere bai, arrautzaren ordez.
Hautatzerako unean bi aukera daude, errezetaren eta gustuen arabera:
- jogurt grekoa, koipe pixka bat gehiago eta zapore handiagokoa.
- jogurt natural normala edo koipe gutxikoa eta apur bat arinagoa.
Kasu bietan beren elikadura-osagarriak mantendu nahi izanez gero, ez dira 50ºC baino gehiagoan erabili behar. Tenperatura hori gaindituz gero -krema batean edo platera beroren batean-, bere bakterio onuragarriak galduko ditu, nahiz eta bere ehundura krematsua eta zaporea mantendu. Jogurta maitasunez tratatu behar da, eta ahal izanez gero su ertainean prestatu. Irakin handitan edukiz gero, sueroa eta koipekia azkar bananduko baitira.
Hiru errezeta zaporetsu eta erraz jogurtarekin
Errezeta askotan erabiltzen da jogurta. Ekilibriako errezetetan badira batzuk. Artikulu honetan hiru daude: hasierako bat, plater nagusi bat eta azkenburu bat.
-Hasierakoa: guacamolea jogurtarekin. Oso erraz egiten da, krematsua eta leuna da. Behar ditugu: ahuakate bat, jogurt natural bat, oliba-olioa, tipuleta fresko zatitxo bat, baratxuri ale bat eta pipermin zatitxo bat (edo txile tanta batzuk).
Igurtzi ontzi bat barrutik baratxuri alearekin eta prestatu guacamolea bertan. Hasteko, zatitu ahuakatea, kendu hezurra eta hustu haragia ontzi batera. Gehitu tipuleta txikituta eta pipermin zatia edo txile tantak. Zukutu dena ore moduko bat lortu arte. Orduan, gehitu jogurt naturala eta oliba-olio tanta batzuk eta nahastu ondo. Bota gatza, nahastu berriro eta hozkailuan sartu mahaira atera arte xigortutako arto-opil batzuekin.
-Plater nagusia: izokina jogurta eta bere saltsarekin marinatuta. Jogurta osagai egokia da arrainak marinatzeko eta saltsak egiteko. Eta horren adibide dugu hau. Behar ditugu: izokin zati garbi batzuk, hezurrik eta azalik gabe; jogurt bat; oliba-olioaren lau koilarakada; limoi erdiaren zukua; hainbat piperren aleak; arrain-salda katilukada bat eta gatz pixka bat.
Izokin zatiak prestatuko ditugu hezurrik eta azalik gabe. 30 minutuz marinatuko ditugu limoi-zuku, jogurt, oliba-olio, gatz eta ehotako piper alez egindako nahasketa batean. Marinatutako izokin zati horiek atera eta xukatu egingo ditugu eta itsasten ez den zartagin bero batera olio tanta batzuk bota eta alde bakoitzetik urre kolorea hartu arte edukiko dugu, lehortu gabe. Atera arraina, su handiagoa jarri eta zartagin horretara bertara arrain-salda botako dugu, karamelututako zukuak elkartzeko. Su txikiagoa jarri eta marinatua hara botako dugu. Su txikian irakiten utziko dugu apur batez, saltsa krematsua lortu arte. Oso azidoa bada (limoiaren eta jogurtaren ondorioz), azukre pixka bat bota dezakegu. Saltsa amaitzeko, behar duen gatza eta tipuleta txikitu berriak botako dizkiogu.
-Azkenburua: fruta eta jogurt irabiakia. Jogurta bera bakarrik nahikoa den arren azkenburu gisa, gure ukitua eman eta frutarekin osatu dezakegu. Irabiaki goxo honentzat beharko ditugu: jogurt grekoa, garbitutako marrubi oso hotz batzuk, edalontzi txiki bat anana-zuku hozkailutik atera berria (udazkenean basoko fruten zukua erabili dezakegu, sasoikoak baitira).
Dena nahastuko dugu irabiagailuan ehundura krematsua eta uniformea lortu arte eta fruta zati batzuk jarriko dizkiogu dotoretzeko.