Zaporetsuak eta gozoak, asteko menuan txertatzeko alternatiba ona dira, lehenengoko aukera gisa zein beste plateren goarnizio gisa.
Ilarrak lekadunen familiakoak dira, nahiz eta sarritan barazkitzat hartzen diren. Ilar lehorrak landare homonimoaren heldutako haziak dira, eta 10 cm luze den kolore berde biziko estalki edo zorro baten barruan egoten dira. Zorro bakoitzean 7 eta 9 lekale-hazi egon ohi dira.
Ilarrak eta babak beren hazi freskoak biltzen direnean gordin kontsumi daitezkeen lekadun bakarrak dira.
Historia eta jatorria
Jatorriz, ilarra Ekialde Ertainekoa eta Erdialdeko Asiakoa da: duela milaka urtetatik hona hazten dituzte eta ekialdeko herrialdeetako gastronomiaren plater tipiko askotan erabiltzen dituzte.
Gaur egun, mundu osoan ezaguna den lekalea da, eta bere hazkuntza herrialde askotara hedatu da, Txina, Frantzia eta Errusia herrialde ekoizle nagusiak direla. Dena den, ilarren ekoizpen gehiena animaliak elikatzeko pentsuak egiteko erabiltzen da, eta ehuneko txiki bat giza kontsumorako gordetzen da.
Barietateak
Barietatearen arabera, kolore (berdea, ezagunena, berde horixka, urdin berdexka, marroia), tamaina eta itxura (biribila, zapala) desberdinetako ilarrak daude. Horrez gain, bere azala lisoa edo zimurduna izan daiteke.
- Ilar biribila, azal lisokoa. Gehien ekoizten den barietatea da. Zaporea ez da hain gozoa.
- Ilar urdina. Bere zorroaren kolore urdin berdexka ezaugarri duen ilar biribil mota. Freskoan apur bat mingotsa da. Orokorrean, haziak heltzen uzten dira ilar lehor gisa kontsumitzeko.
Tirabeke barietateko ilarrak lekak estaltzen dituen zorro samurra du ezaugarri, leka arruntarena ez bezala, haren zorroa gogorra eta jangaitza baita. Hori dela eta, tirabekeak osorik jaten dira, haziak eta zorroa barne, eta menestretako edo jaki askotako osagai gisa prestatu ohi dira.
Nutrizio-balioa
Ilar lehorren aberastasun energetikoa oso nabarmena da, karbohidrato (almidoia gehien bat) eta landare-proteina kopuru altua dela-eta. Gainerako mantenugai energetikoekin alderatuz, koipe-edukia hutsala da. Ilar lehorrak zuntz-iturri garrantzitsua dira; zuntza, batez ere azalean dago, eta hura da, hain zuzen, azalari testura zurruna eta gogorra ematen diona. Beste mantenugaiei dagokienez (B taldeko hainbat bitamina, burdina, kaltzioa, potasioa eta fosforoa), ilarrek kopuru interesgarriak dituzte, baina neurri txikiagoan, beste lekale batzuekin alderatuz.
Kontsumitzearen abantailak eta desabantailak
Dietista-nutrizionistek astean 3 eta 5 errazio lekale jatea gomendatzen dute. Lekale guztiek nutrizio-antzekotasunak badituzte ere, lekale desberdinen arteko kontsumoa, aurkezpena eta prestatzeko modua aldatzeak, gastronomia aberastu eta elikagai-dieta hobetzen du.
Ilarren proteinak ez-osoak dira, hau da, nahitaezko aminoazidoren bat faltan dute (gorputzak behar dituen aminoazidoak, baina haiek sintetizatzeko gai ez denez, elikaduraren bidez sartu behar dira). Plater edo egun berean, edozein leka zerealekin konbinatzeak (arroza, artoa, pasta…) proteina-oreka hobetzen du, organismoari beharrezkoak diren aminoazido guztiak ematen baitizkio.
Espainiako biztanleen elikadura-ohiturari buruzko azken azterlanetan, animalia-jatorriko elikagaien gehienezko kontsumoa (haragiak, oro har) hauteman da. Hori dela eta, dietista-nutrizionistek astean menu-proposamen hau barneratzea iradokitzen dute: askotariko entsalada, plater handia lekak eta arrozarekin, eta postrerako esneki natural osoak edo fruta. Horrela, proteina- eta koipe-ekarpena txikitzen da pixkanaka-pixkanaka; koipeak haragiekin edo prestatzeko moduarekin lotuta daude. Hau da, gomendio orokorra da astean bizpahirutan dieta begetarianoa egitea (edo behintzat, haragirik edo haragiaren eratorririk gabe).
Ilarrak beren zuntz-eduki altua dela-eta dira ezagunak. Zuntz mota desberdin daude, ezaugarri bereziekin: zuntz disolbagarria eta zuntz disolbaezina. Lekaleetan, orokorrean, bi motatakoak egoten dira. Zuntz disolbagarria ukitzean gel itxurako nahastea sortzen du. Ura xurgatzeko gaitasuna du, beraz, eginkarien bolumena handitu egiten da. Kolesterola eta behazun-azidoak bezalako substantziak bereganatzen ditu eta, horrela, organismoak haiek xurga ditzan ekiditen du. Horrez gain, glukosa bezalako mantenugai batzuen xurgapena motelarazten du. Zuntz disolbaezina libratzeko eta hesteak erregulatzeko efektu handiagoa du, heste-igarotzearen abiadura handitzeko duen gaitasuna dela-eta. Gainera, zuntzak oro har, asetasun-balioa handitzen du, hau da, pertsona “beteago” sentiarazten du, eta sabela husteko denbora luzatu egiten du, beraz, jan osteko gose-sentsazioa geldiagotzen du. Azkenik, behar beste zuntz ahoratzea kolon eta ondesteko minbiziaren prebentziorako funtsezko estrategia da. Horiek guztiak dira lekaleen kontsumoa edozein adinetan gomendatzeko arrazoiak, batez ere diabetesa, displemiak (hiperkolesterolemia, hiperglizeridemia), gehiegizko pisua… bezalako gaitzak dituztenentzat.
Ilar lehorrek, lekale gisa, daukaten eragozpen nagusia da digeritzeko zailak izan daitezkeela, beren zuntz-eduki altua dela-eta. Digestioa hobetu egiten da patsak eta hazia estaltzen duen azala kentzen bada, edo belar karminatiboekin prestatzen badira (
Sukaldean
Lekale gehienekin egiten den moduan, ilar lehorrak ere ordu batzuk beratzen utzi behar dira prestatzen hasi aurretik.
Ilarren azala oso gogorra denez, lekale hau zurituta eta bitan zatitua maiz aurki daiteke. Edozein modutan, osorik edo zatitua, ilarrak hainbat modutan presta daitezke, eta olio errean, jaki batean, zopan, purean, egosiak edota tortillan kontsumi daitezke. Pure bat eginez gero, puregailutik edo txanotik pasatzea komeni da, geratzen diren patsak (azala) platera desatsegin egin dezaketelako.
Ilarrekin irina egin daiteke ere bai. Era berean, ohiko da merkatuan ilar-kontserbak edo lekalea izoztua aurkitzea.
Kalitate-irizpideak erostean eta kontserbazioa
Ilar lehorrak luzaroan kontserbatzen dira, baldin eta toki lehorrean, hezetasunetik eta argi zuzenetik babestuta gordetzen badira. Itxiera hermetikoa duen ontzi batean gordetzea komeni da. Ilarrak osorik saldu ahal badira ere, normalean zurituta eta zatituta, ontziratuak edo soltean aurkitzen dira. Nolanahi ere, minik hartu gabeko ale garbiak aukeratu behar dira, eta guztiak antzeko tamaina edukitzea komeni da, aldi berean egos daitezen.
Lehor edo egosita izozt daitezke. Horrela, elikagai hau hainbat hilabetetan zehar eskuragarri eduki dezakegu.